Sekula ere ez dut ahaztuko euskaraz ikusi nuen lehen filma. ETB-n izan zen, eta 1983. urtea izango zen seguruenez, emititzen hasi berria zen eta Euskal Telebista. Gogoratzen dut deigarriena egin zitzaidana izan zela mutiko beltz bat, filmeko protagonista, euskaraz entzutea, sasoi hartan Euskal Herrian arraza beltzeko oso jende gutxi bizi zelako. Baina gogoan daukat ere orduan lehen aldiz sentitu nuela euskarak etxeko txokotik, edota eskolatik haratago, entretenitzeko ere balio zuela, eta telebista bezalako medio batean erabiltzeko estatus nahikoa zeukala. Euskara bazela zer, gu baginela nor. Prestigioa, beste berba batzuetan. Gainera, orduan hasi ginen Euskal Herriko bazter ezberdinetako kontuak ezagutzen, geure burua bertan ikusten, elkarren berri izaten. Izan ere, horretarako sortu zen Euskal Telebista: geure hizkuntza, gure kultura, gure herri nortasuna indartzeko. Hori zen, behintzat, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Legebiltzarrak emana zion mandatua.