Hemen zaude

EITB Mediako LABek Maite Eskarmendi Ezkerra kazetariari bere elkartasuna adierazten dio

EITB Mediako LABeko atal sindikalak bere elkartasuna adierazi nahi dio Maite Eskarmendi Ezkerra kazetariari, urtarrilaren 23an egindako zuzenekoaren ondoren sare sozialen bitartez jasan duen bere kontrako kanpaina dela eta.

Egun hartan, Maite Eskarmendi Donostian gertatutako istiluen testigu zuzena izan zen. Bere zuzeneko konexioan ikusi zuena soilik kontatu zuen, baina haren ostean istiluek jarraitu egin zuten. Ez zuen inongo interpretaziorik egin, ezta inongo irizpide editorialik jaso. Berak bizitakoaren kontakizuna besterik ez zuen egin.

LABek urte asko daramatza EITBren ildo editoriala eta informazio politika salatzen, eta egun ere hala jarraitzen dugu. Ia egunero salaketa publikoak egiteko arrazoiak egonik, EAJk komunikabide publikoa eta Ertzaintza ere propaganda eta kontrol tresnatzat dituela argi daukagu. EITBri, gure eragin eremuari dagokionean, erredakzioen arduren demokratizazioa aldarrikatzen jarraitzen dugu, albistegien kontrol partidista ekidin eta profesionalizatze aldera.

EITBren ildo editoriala kritikagarria eta Ertzaintzaren jokabidea onartezinak dira, eta kritika editoriala zilegia eta beharrezkoa da hedabide batekiko, are gehiago denona eta publikoa denean. Baina gertakizun baten testigu izan den kazetari bati berak ikusitakoa kontatzea gezurretan ari dela leporatzea eta irainen helburu izatea bestelako gauza bat da.