Hemen zaude

ETBko langile batzordeak Lehendakariari lehenengo elkarrizketa kanpoko ekoiztetxe batek eta gaztelaniaz egitea arbuiatzen du

ONARTEZINA DA LEHENDAKARIARI ETBn EGINIKO LEHENENGO ELKARRIZKETA PRODUKTORA BATEK EGITEA ETA GAZTELANIAZ

Irailaren 13an, Urkullu Lehendakariak karguari zin egin ondoren eman duen lehenengo elkarrizketa, produktora baten esku utzi du ETBk. Zehatzago, elkarrizketaren edukia, kazetari lana, errealizazioa eta zuzendaritza utzi ditu produktora baten esku. Eta lan tekniko guztia ETBko langileek egin dute, aurreko egunetan eginiko probak barne.

Horrelako  edo antzeko adibideak lehendik ere badaude baina Lehendakariaren lehenengo elkarrizketa izateak are latzagoa egiten du egoera. Zuzendaritzak etxeko langileak gutxiesten ditu eta haien  lanarekiko konfiantza eza adierazten dio gizarteari.

ETBko Albistegietan lan hori egiteko gai diren profesional asko daude eta haien karrera profesionaletan egin daitezkeen lanik garrantzitsuenak egiteko aukerak ukatzen ari zaizkie.

Hainbat arrazoi egon daitezke horretarako, bakoitzak bere ondorioak aterako ditu: lehen aipatutako konfiantza eza, produktorei negozioa ematea, edota haien lana baldintzatzeko botere handiagoa.

Beste kontu bat ere aipatu behar da eta ez dauka aurrekoak baino garrantzi txikiagoa. ETBn Lehendakariak eginiko lehenengo elkarrizketa ETB2n izatea tamalgarria da. Horrek ematen du ETB1ekin eta euskararekin dagoen konpromisoaren neurria.

ETBko Langile Batzordea, 2020ko irailaren 24an