Hemen zaude

Premiazko neurriak berehala hartuta, langileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko exijitzen diogu EITBri

Premiazko neurriak berehala hartuta, langileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko exijitzen diogu EITBko Prebentzio buruari eta zuzendaritzari

EITBNETeko erredakzioan lekualdaketak egingo ditu zuzendaritzak, lanpostuak eitb.eus-eko langile bat gaixotu duelako eta aire korronte hotzek eragiten dituzten arazoei aurre egiteko. Antolaketa berria zein izango den aztertzen ari dira eta, beraz, oraindik ez dute zehaztu lekualdaketak zeintzuk izango diren, ezta noiz egingo diren ere.

Honen guztiaren harira, EITBko LAB sindikatuak ondokoa adierazi nahi du:

  1. Berandu. Oso berandu iritsi da EITBko Prebentzio buruaren eta EITBNETeko zuzendaritzaren erreakzioa. eitb.eus-eko langileari 2018ko martxoan antzeman zioten lanpostuak eragindako lipoatrofia erdizirkularra izeneko gaixotasuna; denbora tarte horretan hainbat parte mediko (Osakidetza, Quiron eta Mutualia) jaso ditu gaixorik dagoela berretsiz; eta egun, ia bi urte geroago, gaixotu zen mahai berean jarraitzen du lanean.

  2. Kaltetutako langilearen eta lantalde guztiaren osasuna bermatzeko asmoz erredakzioa berrantolatzea urrats bat da, baina ez da nahikoa. Lipoatrofia erdizirkularra EITB bezalako eraikin gaixoetan ematen den gaitza da. Zerk eragiten du? Elektrizitate estatikoak, aire girotuak, hezetasunak eta mahaian ditugun hainbat aparatuk: ordenagailuak, telefonoak, inprimagailuak… Baita mahai eta lur azpian dugun kable sareak ere. Beraz, lekualdaketak egin arren, enpresak ezingo du ziurtatu langileak arriskutik kanpo daudela.

  3. Ez da lehendabiziko kasua. Duela sei bat urte eitb.eus-eko beste langile bati antzeman zioten gaixotasuna. Araudiak dio bi kasu konfirmatzen direnean Osalani abisua eman behar zaiola. Ia bi urte geroago enpresak ez du Osalan ohartarazi.

  4. Gauzak horrela, enegarrenez eskatzen diogu EITBko Prebentzio buruari eta zuzendaritzari arazo honi seriotasunez eta arduraz heltzeko eta horrelako kasuei aurre egiteko Osalanek ezarritako protokoloa zorrotz bete dezala, premiazko neurriak berehala hartuta eta lantokian egin beharreko neurketa guztiak eginda.

EITBren Bilboko egoitza eraikin gaixoa da eta langile guztion osasuna dago jokoan.