Hemen zaude

LABek deitutako kontzentrazioan bi gai aldarrikatu dira: kendutako soldatak itzultzea eta pertsonal buruaren kargu-uztea

EITBko LABek kendutako soldata berreskuratzeko eta kontratazio duina eta gardena exijitzeko kontzentrazioa egin du Administrazio Kontseilukideen aurrean

Atzo EITB Taldeko LABek kontzentrazioa burutu zuen Bilboko egoitzan, Administrazio Kontseilua bildu den egunean. Helburu bikoitza zuen kontzentrazioak: batetik 2010etik soldatari egiten ari zaigun %5aren murrizketa etetea eta dirua itzultzea eskatu dugu; bestetik, aspaldi salatzen gabiltzan kontratazio politikaren berri ematea eta Giza Baliabideetako Zuzendariaren kargu-uztea exijitzeko bildu gara berriz.

Gogoratu beharra dago Auzitegi Gorenak martxoaren 3an ateratako sententziaren arabera Euskal Telebistako langileei 2010etik egiten ari zaien soldata murrizketa eten egin behar da, eta langileei hilero kendutako dirua itzuli ere egin behar da. Sententzia honek, arrazoi ezberdinak direla medio ez du eragiten EITB Taldeko gainontzeko sozietateetan, Eusko Irratian, EITBNETen eta EITBN. Hori dela eta sindikatuok berriro abiatu dugu bide juridikoa, eta borroka sindikalarekin osatu beharko dugun bide luzea izango dela.

Administrazio Kontseiluari zera eskatu diogu, soldata murrizketa eteteko eta kendutako diru guztia EITBko langile guztioi itzultzeko neurriak har ditzala. Epaitegiek argi utzi dute soldata murrizketa legez kanpokoa izan zela, eta ez dago beraz bidegabekeria horrekin jarraitzeko arrazoirik.

Bigarren gaia berriro kontratazio politikaren salaketa egitea izan da. Urrian dagoeneko ETBko, EITBko eta EITBNETeko langile batzordeek eta Eusko Irratiko LABek Giza Baliabideetako zuzendariaren kargu uztea eskatu genuen. LABek oso garrantzitsutzat du gai honekin ere mobilizatzen jarraitzea helburuak lortu arte. Behin-behineko kontratazioan iruzur egiten da eta lan poltsa ez da gardena Giza Baliabideetako Zuzendaria den Javier Salcedoren kudeaketagatik. Berriro eskatu dugu bere kargu-uztea, argi edukita arazoa ez dela besterik gabe pertsona bat aldatzearekin konpontzen. Pertsonal politikak zuzendu eta irregulartasunen errudunak identifikatu ondoren, ordaindu dezatela.

Argazkiak ikusteko klik irudian

Argazkiak ikusteko klik irudian

%5aren itzuleraz eta Salcedoren kargu-uzteaz ELAren jokabideari buruz

LAB saiatu da bi aldarrikapen hauen aldeko elkarretaratzeak EITBko gainontzeko sindikatuekin adosten, baina ELAren ezatzaren aurrean bere aldetik egitea erabaki du. Behin eta berriro irakurri arren, erabat ulergaitz egiten zaigu EITBko ELAk bere ezezkoa justifikatzeko kaleratu duen oharra. Dena den, azpimarratu nahi dugu ETBko ELAko zein Irratiko CCOOko hainbat ordezkari eta kide bilkuran egon direla.

Javier Salcedo pertsonal buruaren kargu uztearen eskaerari uko egiteko ELAk dio ez dela arduradun bakarra, ezta arduradun nagusia ere. Ados gaude, baina jakin arren bera ez dela arduradun bakarra eta bere zesearekin ez dela arazoa konponduko, bai uste dugu ezinbesteko urratsa dela bide horretan Javier Salcedo kargutik kentzea.

Arrazoi du ELAk bere agirian esaten duenean “beste batzuk erantzukizun eta errutasun-maila handiagoak dituztenak" badaudela. Egia, baina kargu horretan iraun du Ibarretxeren, Lopezen eta Urkulluren agintaldietan, zuzendaritza ezberdinekin. ELAk benetako erantzulea nor den baldin badaki argi esan dezala, eta elkarrekin joango gara Andoni Ortuzar salatzera.

Egia da ere aurrekontuek kontratazioa baldintzatu egiten duela. Baina horrek ez du inondik ere justifikatzen kontratazio horiek prekarietatean eta lan hitzarmena urratuz egitea, ezta lan poltsak urratzen jarraitzea kontratazioa nahieran eginez. Beraz, ez dugu ELAren balizko argudioa ulertzen.

%5aren itzuleraren auzian eskaera bera eta argia dugu: EITB Taldeko langile guztioi soldata murrizketa etetea eta kendutakoa itzultzea.

Administrazio Kontseiluaren bilera eta Zuzendaritza eta ETBko ordezkarien bilera

Atzoko EITBko Administrazio Kontseiluaren bileran LABeko ordezkariak soldataren %5aren murrizketaren gaia jarri du mahai gainean, galde-eskeen atalean, eta hurrengo bileraren gai zerrendan sartuko da.

Eguerdian bertan Euskal Telabistako zuzendaritza sindikatuen ordezkariekin bildu da eta ondokoa aurreratu die: hile honetako nominan ez dela murrizketarik egingo, eta 2010era arteko atzerapenak oporrak baino lehenago ordaintzea aurreikusten dela. Kontua da ETBko gestoreei ere aplikatuko zaiela neurria, Auzitegi Konstituzionalaren sententziak zuzendaritza karguei ez ordaintzea agintzen duen arren. Ez ordea Eusko Irratiko, EITBNETeko eta EITBko langileei. Hau da, zuzendaritza prest dago legea urratzeko gestoreei ordaintzearren eta ez Eusko Irratiko eta EITBNETeko langileei ordaintzeko legea urratu gabe.