EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman digu langileoi, 2010ean murriztutako soldataren ehuneko bostaren auzian. Euskal Telebistako langileek irabazitako epaiaren bidean Auzitegi Konstituzionalak argi utzi zuen neurria konstituzioaren kontra hartu zela. Argudio honi helduta Eusko Irratian ezarritako murrizketa ere legez kanpo egin zela ebatsi du epaitegiak.
EITBNETen kasuan, goizean banatu dugun oharra argiago gelditzen da orain. Behin Irratiko sententzia irmo bilakatutakoan automatikoki aplikatuko zaio EITBNETi. Zuzendaritzak helegiterik jartzen ez badu, sententzia hau irmo izango da eta berehala izango du eragina bi enpresetan. Kontran, Auzitegi Gorenean helegiterik jartzen badu, hilabeteak itxaron beharko dira epai irmoa atera arte. Enpresak bost eguneko epea du errekurtsoa aurkeztu ala ez erabakitzeko, eta hala egingo balu ordainketa atzeratzea eta beraz langileekiko zorra pilatzea izango zen ondorio bakarra.
LABen ibilbide orria betetzen ari da. Epaitegietan soldata bere onera ekartzea eta urtebeteko atzerapenak kobratzea lortuko dugu, 2015eko uztailera arte alegia. 2010etik 2015era lapurtu diguten gainontzekoa berreskuratzeko mobilizazioekin jarraitu beharko dugu.