Hemen zaude

SOLDATA MURRIZKETA: EITBNET, Eusko Irratiaren epaiaren zain

Joan den ostegunean (ekainak 16) zegoen deituta EITBNETeko soldataren % 5eko murrizketaren epaiketa Bilboko Lan-arloko 8. epaitegian, baina ez zen egin.

EITBNETeko langile guztion eskubideen defentsan ari diren LABeko abokatuek akordioa egin zuten enpresako abokatuekin, epaiketa bertan behera uzteko eta Eusko Irratiko epaia EITBNETen loteslea izateko, hau da, epaileek Eusko Irratiaren kasuan ebazten dutena EITBNETen ere aplikatzeko. Bide horretatik auzia irabazteko berme juridiko gehiago izango dugula ziur gaude.

Eusko Irratiko epaiketa ekainaren 6an egin zuten EAEko Justizia Auzitegi Nagusian. Epaia datozen asteetan aterako da. Hala ere, oso litekeena da enpresak errekurtsoa jartzea eta auzia Auzitegi Gorenera heltzea.

 

Zergatik berme juridiko gehiago Eusko Irratiaren bidetik?

  • EITBNETekoa eta Eusko Irratikoa prozesu judizial ezberdinak direlako.
    • EITBNET Bizkaiko enpresa bat denez, ibilbide judiziala Bilboko Lan-arloko epaitegian hasten da eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusian amaitu. Eusko Irratia, berriz, EAE mailako enpresa bat da eta, ondorioz, bere kasu judizialak EAEko Justizia Auzitegi Nagusian hasten dira, beheko epaitegietatik pasatu barik, eta Auzitegi Gorenean amaitu.
    • Horrez gain, Eusko Irratiak murrizketa aplikatu zenean (2010) jarri zuen abian prozedura judiziala eta, beraz, ibilbide judizial osoa egiten ari dira. Gu, berriz, ez. EITBNETeko langileok ez genuen bere garaian murrizketaren kontrako salaketarik jarri; 2016ko otsailean, Auzitegi Gorenak ETBren kasuko epai irmoa eman ostean, jarri genuen LABeko zerbitzu juridikoen bitartez helegite kolektiboa.
    • Auzitegi Gorenean auzia irabazteko berme gehiago izango dugula ulertzen dugu, dagoeneko ETBren kasuan langileon aldeko epaia eman duelako. Baina Gorenera Eusko Irratia soilik iritsi daiteke, eta gu ez.

 

  • Epaia ahalik eta azkarren izateko. EITBNETeko epaiketa Bilboko Lan-arloko 8. epaitegian egitekoa zen. Baina sala horretan urtebetetik gorako atzerapenarekin ematen ari dira ebazpenak. Ezohiko atzerapena. Beraz, epaiketa egin izan bagenu, oso litekeena izango zen gure lehen ebazpena atera orduko Eusko Irratiak bere ibilbide osoa (EAEko Auzitegia+Gorena) eginda izatea eta epai irmoa eskuetan izatea.

 

  • Epai ezberdinak izatea saihesteko. Guk gure ibilbide judizial propioa jorratuz gero, eta egoerarik okerrenean jarrita, gerta liteke EAEko Auzitegi Nagusiak gauza bat ondorioztatzea eta Auzitegi Gorenak beste bat. Hau da, gerta liteke EITBNETen murrizketa aplikatzen jarraitu behar dela erabakitzea eta Eusko Irratian murrizketa etetea. Erabaki honekin horrelakorik gertatzea ekidingo dugu.

 

Horiek dira EITBNETeko soldata murrizketaren auzi judizialaren gakoak. Zalantzarik izanez gero edo azalpen gehiago behar izanez gero, jarri gurekin harremanetan.

___________________________

EITBNETeko LABeko ordezkariak