Hemen zaude

EITBko albistegiak ez dira patronalaren tresna

EITBeko LABek lotsagarria deritzo martxoaren 30eko eguerdiko albistegiek nola bat egin zuten bat patronalak eta jaurlaritzaren diskurtsorekin. Patronalaren presentzia honek, bere momenturik gorena izan zuen Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidentea zuzenean elkarrizketatu zutenean.

Albistegi horietan Euskal Telebistako arduradunek baztertu egin zuten euskal langileagoaren gehiengoa eta patronalarena ez den beste edozein iritzi edo argudio. Tamalez, zerbitzu publikoa behar luketen albistegiek herri honen pluraltasunari izkin egin zioten beste behin ere, patronalaren eta Jaurlaritzaren argudiotegia barneratuz.

Herri honetako komunikabide nazional eta publikoak ezin dio muzin egin herri honi zor zaion gardentasun eta pluraltasunari. Horregatik, EiTBko LABek lanean jarraituko du orain arte egin bezala, albistegietako profesionalen independentzia babesteko, garapen profesionalerako irizpide garden eta barematuak aldarrikatuz eta indarrean dirauen gestoreen sistema salatuz. Patronalari eta Jaurlaritzari ulertuaraziko diegu EiTB eta bere langileak ez daudela euren zerbitzura.