Hemen zaude

ETBko LABek «Egunon Euskadi» eta «En Jake» programen inguruan Erredakzio Kontseiluak ateratako oharrarekin bat egiten du

Euskal Telebistako LABek Erredakzio Kontseiluak ohar bidez adierazitakoarekin bat egiten du. Ohar honetan, Zuzendaritzak «Egunon Euskadi» programaren kaltetan eta «En Jake» delakoaren mesedetan hartutako erabakiaren harira egindako gogoeta jasotzen da. LABek bat egiten du honekin, eta zera azpimarratu nahi du berriro ere:

Etxeko jendearekin baino, «En Jake» programa kanpoko produktora batek egiteak bitako aukera bat agerian uzten du: edo Zuzendaritzak ez du konfidantzarik etxeko erredaktoreengan; edo ez dago prest erredakzioko plantila handitzeko eta kontratazioekin iruzur egiten jarraitu nahi du.

Joandako martxoaren 22an, Bruselako atentatua gertatu zen egunean, ETBko zuzendaritzak Egunon Euskadi programa etetea erabaki zuen ETB2n En Jake saioa aurreratzeko eta gaiaren jarraipena bertan egiteko. ETBko Erredakzio Kontseiluan honakoa uste dugu:

1.- Airean zegoen saioa etetea errespetu falta izan zela lanean ari ziren profesional guztientzat, eta ikusle euskaldunen eskubideak urratu egin zirela.

2.- Bere sorrera legearen arabera, EITBk euskara sustatzea du helburu nagusietariko bat, eta honelako erabakiek adierazten dute ETBko zuzendaritzak ez duela konpromiso hori bere osotasunean hartzen.

3.- Ikasturte hasieran, EITBko zuzendaritzak euskararen eta euskal programazioaren aldeko apustu garbia egingo zuela agertu zuen. Baina honelako erabakiek argi eta garbi uzten dute, hitzetatik haratago,  ETBren zuzendaritzaren lehentasunak ETB2n daudela.

4.- Kasu honetan, ezin da argudiatu ETB berria ematera berandu helduko zela, ordurako airean zegoen eta. Euskaraz, ordea.

5.- Litekeena da En Jake saioak giza baliabide eta bitarteko tekniko ugariagoak edukitzea. Eta hala balitz, egiten dugun galdera da zergatik etxe barruko saio informatiboek ez duten En Jakek bezainbeste bitarteko.

6.- Izan ere, etxeko profesionalen saioa baztertu egin zen kanpoko produktora batena lehenesteko. Esternalizazioa aspalditik datorkigun arazoa da, eta, gauzak honela, nekez esan daiteke ETB barruan garapen profesionala bermatuta dagoela. Etxe barruko profesionalek kazetaritzaren genero guztiak lantzeko aukera izan behar dugu.

7.- Egungo kazetaritzak, gero eta sarriago, berehalako erantzuna eskatzen du hainbat gertakizunen aurrean. Eta uste dugu ETBk protokolo bat jarri behar duela indarrean, giza baliabideak, bitarteko teknikoak, programazioa, kateak eta hizkuntzak zehaztu beharko lituzkeena.