Ar, 2012/05/08 - 09:57 — Nagusia
Estatuko Abokatuak eskaera hori egin duela iragarri du EAk, eta oso larritzat jo du atzean den borondate politikoa
Arazoa konpontzea sinplea behar luke, baina gero eta gehiago zailtzen ari da. Iruñerrian ETB Lurralde Telebista Digital bidez ikustea ahalbidetzen duen hedagailuaren afera auzitegietan da, eta, Eusko Alkartasunak jakinarazi duenez, Estatuko Abokatuak eskatu du Auzitegi Nazionalak hartzea auzia. Pello Urizar EAko idazkari nagusiak PPren gobernuaren borondate politikoa gaitzetsi du. Urizarren ustez, giro politikoari tentsioa kendu ordez, «guztiz kontrakoa» egiten dute: «Nafarroan konpondu beharko litzatekeen auzia Auzitegi Nazionalera eraman nahi dute orain, gure herrialdean auzitegi horrek duen konnotazio guztiarekin».
2009an ETB LTD bidez ikustea bermatzeko Hegoaldeko bi gobernuek hitzartutako akordioa betetzeko Nafarroako gobernuak borondaterik ez zuela ikusita, EAko militanteek urte hasieran Erreniegan hedagailua jarri zuten 11.776 euro ordaindu ostean. Espainiako Gobernuak zigor espedientea ireki zuen, eta gerora martxoan Guardia Zibilak zigilatu egin zuen hedagailua. EAk helegitea jarri zuen Administrazioarekiko Auzitegian.
EAk gogora ekarri du auzia ez legokeela auzitegietan, Nafarroako Gobernuak 2009ko akordioa betetzeko borondate erreala izan balu, eta gogora ekarri du EAko militanteek Nafarroako Gobernuak egin ez duen lana egin dutela. Era berean, ETBren emisioari oztopoak jartzen zaizkion bitartean, Tele Aragonek Nafarroako eremu batzuetan LTD bidez ikusi ahal izatea laguntzen du Opnatel sozietate publikoaren bidez. Horregatik, Nafarroako Gobernuari eta PPren zuzendaritzari euskararen aurkako «obsesioa» izatea eta hori herritarren interesen gainetik jartzea egotzi die Urizarrek.
JOXERRA SENAR - BERRIA 2012.05.08
GARA: El PP lleva a la Audiencia Nacional a EA por el repetidor