Nork daki zer? Ez da erraza ulertzen. Radio Euskadi eta Euskadi Irratiko langileek bat egin zuten grebarekin; denak, edo gehienak, sindikatu greba deitzaileen planteamenduekin ados daudela suposatu beharko, hortaz. Iristen da hurrengo goiza, bezperakoa kontatzeko eta interpretatzeko garaia: REko esatariaren hasierako editorialtxoan grebaren alderdi ezkorrak nagusitzen dira, eta Jaurlaritzaren zein patronalaren balorazioei garrantzi itzela ematen die, grebazaleen ahotsa neutralizatzeraino. EIn, moderatuagoak dira, protagonismoa deitzaileei emanez ,goiz horretan behintzat. Iristen dira tertuliak, eta hara norekin: Xabier Gurrutxaga, Luis Haranburu Altuna, Lurdes Perez, Pedro Ugarte eta Mariano Ferrer. Hots, bostetik lau, sindikatuak (batzuk) jipoitzea kiroltzat daukatenak (klasikoak dira irratian denak ere, eta euren iritzia eurek baino hobeto ezagutzera iritsi gara kasik). EITBko bi irrati horietan distantzia ederra (disfuntzioa) dago lerro ideologikoa markatzen dutenen eta langileen gehiengoaren artean. Ustez.