Hemen zaude

«AKELARRE»: Euskaldunak iraintzen, diru publikoz

Urtarrilaren 12an estreinatu zuen ETB2k “Akelarre” Saioa, ostegunetako prime timean. Bost saioren ondotik, nabarmen geratu da saioaren zuzendaritzaren eta aurkezlearen jarrera iraingarria euskaldunokiko zein euskal kulturarekiko.

“¡Eres pelotari!… ¡Harrijasotzaile!….” gonbidatuak extralurtarrak balitz bezala tratatzea, euskara hizkuntza gisa erridikulizatzea, irritziaz barre egitea, Unai Elorriaga 2002 Espainiako Narratiba Saria euskaraz idatzita irabazi zuen idazlea gutxiestea…. Norbere buruari barre egitea gauza bat da eta burla egitea beste bat. Saio honek iraindu egiten gaitu euskaldunok astero-astero, erridikulizatu, gure herrian “arrotz”, “exotikoak” bagina bezala, erakutsi. Ados al dago Euskal Irrati Telebistako zuzendaritza “Akelarre” saioak euskaldunoi egiten digun burlarekin?

EITBren sorrera legeak argi eta garbi uzten du EITBren egiteko nagusia euskara eta euskal kultura bultzatzea dela. Hau dela bidea uste al du zuzendaritzak? Hau al da diru publikoz ordainduta, ETBk euskal herriari eskaintzeko duen entretenimendua?

2017ko otsailean “Euskalduna naiz, eta zu?” umorezko saioan espainiarrei buruz emandako iritziak “iraingarriak” zirela eta, azkar asko erabaki zuen EITBk komunitate horri barkamena eskatu eta atal hori webgunetik kentzea. Zer neurri hartu behar ditu saio honekiko, euskaldunen artean sortu duen samina ikusita?

Parodia iraingarriari zentsura ere gehitu behar zaio, gainera. Chill Mafiako abeslarietako batek sare sozialetan salatu duenez, “Independentzia” zioen kamiseta kenduarazi zioten saioan parte hartzeko. Hitz hori, lelo hori, iraingarria iruditzen zaie, antza denez, saioko arduradunei eta ETBri? Hori bai?

Euskaldunokiko iraina eta burla ahalbidetzen eta ordaintzen ari dela EITB salatu nahi du EITBko LABek eta egoera honen aurrean neurriak har ditzala eskatzen diogu Andoni Aldekoa zuzendari nagusiari.