Hemen zaude

ARGIA: Euskal Herriak behar duen EITB duin baten alde

Agirrek Legebiltzarrean txartel horia atera zion EITBko zuzendaritzari.EITBren erreforma “integrala” egin asmoz, orain bi urte Gasteizko Legebiltzarrean sortutako lantaldeak eskatuta, inkesta bat pasa diete hedabide publikoko langileei. Borondatezkoa izaki betetzea, mila igurutik 412 profesionalek erantzun dute. Besteren artean galdetu diete ea zer pentsatzen duten ematen duten informazioaz. %74,4k uste dute gobernuaren alde informatzen dutela –kasu honetan EAJ eta PSEren alde–; %9,5 ez daude baieztapenarekin ados eta soilik %16,1ek uste dute EITBren informazioa ez dela aipatu alderdien aldekoa. Horrez gain, langileen gehiengoa ez dago ados EITBko kargu eta kudeatzaileak aukeratzeko sistemarekin, eta antolakuntza eredu berri baten beharrak adostasun handia du, inkestan ikusi denez.

(Argazkia: Agirrek Legebiltzarrean txartel horia atera zion EITBko zuzendaritzari.)

Etxe barrutik baieztatzen da, beraz, iazko ekainean Euskal Soziometroak ikus-entzuleen artean jasotako iritzia: telebista publikoaren erabilera alderdikoia nabari dute herritarrek, hedabidea ez dute independente sumatzen.

Panorama hain da nabarmena, herritar eta eragile sozialei kazetaritzaren munduko geroz eta ahots gehiago gehitu zaizkiela EITBz eta albistegiez kezka publikoki agertzeko prest. Mariano Ferrer –”Teleberria pintxo-ostatu bat bihurtu da, lotsagarria da”– eta Mirentxu Purroy –”ETBri lasai ederrean dei diezaiokegu Arantxa Tapia Telebista”– kazetari beteranoen hitzak, bi aipatzearren, ez dira oharkabean pasatzen uztekoak etxe hori gure gisa sentitu eta onena opa diogunen artean.

“Ezinbestekoa da erredaktoreen karrera profesionala sustatzea, albistegien egunerokoa erabakitzen dutenak irizpide profesionalen arabera hautatu behar dira soilik, gardentasunez eta aukera berdintasunez”. Etxe hori barnetik ongi ezagutzen duen Jasone Agirre kazetari ohi eta EH Bilduko legebiltzarkidea oso gogor mintzatu zen EITBko zuzendaritzaren aurka eta txartel horia atera zion. “Ardura guztiak atzamarrez” banatzen direla salatu zuen, “konfiantza pertsonalaren arabera”. Azkenean, Eusko Legebiltzarrak EITBri albistegien independentzia eta pluraltasuna bermatzeko eskatu zion.

EITBko LAB sindikatuko ordezkari Arritxu Iribar eta Andoni Basabek Eusko Legebiltzarrean langile askoren egoera zaurgarria salatu zuten. “Kontratu prekario batekin nekez egin diezaiokezu aurre zentsurari eta autozentsurari”, adierazi zuten, Berriako Urtzi Urkizuk fin jaso zuenez.

Eta beraz? Egoerari buelta eman eta Euskal Herriak telebista publiko duina izateko –gaur egun ETB1 %2ko ikusle kuotara ez da heltzen–, Tele5 imitatzeari uztea behar larria da. TV3 kataluniarra herri batek behar duen telebistaren eredu on bilakatu da eta %25aren bueltan dabil bere ikusle kuota. Gauzak aldatzeko, kanpotik ikus-entzuleen presioa eta barrutik langileena beharko da. Ez da ezer berria, azken aldian Eslovakiako, Poloniako eta Espainiako Estatuko telebista publikoetako langileek protestak egin dituzte, azken hauek Ostiral Beltzak “telebista publiko objektibo eta plurala” eskatuz. Hedabide publikoak boterearen gustoko tresnak dira, herritarrok gogor defendatu beharrekoak.

ARGIA 2019.07.09