Hemen zaude

Zuzendaritzak iruzur egin nahi digu erredakzioan atera nahi dituen plazekin

2013an EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zigun ETBko komiteak aurkeztutako salaketari (irudian epaiketa egunean komiteak egindako protesta). Epaiak ETB behartzen zuen 2008az geroztik jubilatu, hildako edota enpresa utzi dituztenen plazak betetzera. Auzitegi Nagusiaren sententziaren arabera enpresak ezin izan du frogatu plaza horiek amortizatu direnik, behin behineko kontrataziora errekurritu duelako etengabe, plazak ateratzeari eta hitzarmenean bertan jasotakoari muzin eginez. Zuzendaritzak epaia luzaroan bete gabe utzi izan du eta plazen zorra pixkanaka pixkanaka handituz joan da.

Atzo komiteak enpresarekin izandako zentroarteko bileran honako plaza proposamena helarazi ziguten: 40 informatiboetako erredaktore plaza, 6 erredakzio laguntzaile, 3 emisio arduradun, kontrol linguistikoko plaza bat, 5 kiroletako erredaktore, kiroletarako erredakzio laguntzaile bat. LABetik proposamen hau adar jotze bat kontsideratzen dugu:

1. Miramon berriz ere ahaztuta geratzen da, produktoren erreinu bihurtzeko enpresak duen desio horren adibide garbiena.

2. Gainontzeko lanpostuei aipamenik ez die egiten: teknika, errealizazioa, produkzioa...

3. Eskaintza hau ez da garbia, ziria sartu nahi digute. Deialdiarekin bat Mugagabe Ez Finkoen (MEF - Indefinido No Fijo – INF delako figura) postuen kaleratzea eta amortizazioa aurrera eraman nahi dute.

Azken puntuari dagokionez, goian aipatutako sententziak 2008tik galdutako plazetara bueltatzea exijitzen du. Ezin da hori nahastu MEFen gaiarekin. Gauza bat da zor dizkiguten plazak eta beste bat langile egituraren analisia. Enpresak bere interesen kontrako epai bat baliatu nahi du, amortizazio prozesu bat aurrera eramateko. Euren argudioa: “sententzia ez betetzeak MEF sorrera ekarri du". Argudio tranpatia, MEF sorrera enpresaren aktibitatea handitu eta legedia eta jurisprudentzian sortutako aldaketatik baitatoz: adibide gisa 8 plaza galdu dira informatiboetako erredakzioan 2008tik baina enpresak 40 plaza atera nahi ditu MEFak kaleratzeko.

ELAk proposamena aztertuko zuela adierazi zuen. Guk, LAB bezala, ez dugu onartuko inondik inora MEFen amortizaziorik ezta kaleratzerik epaia osoki bete arte. Are gutxiago, EiTBren enpresa eredua, gestore sistema, transformazio digital eta erreformaren erronkak argitu arte. Enpresak azpijoko zikina egin nahi digu eta LABek bere esku dagoen guztia egingo du proposamen anker hau atzera botatzeko.