Hemen zaude

BERRIA: Eusko Legebiltzarrak EITBri eskatu dio albistegien independentzia eta pluraltasuna bermatzeko

Jasone Agirre, EITBko zuzendaritzari txartel horia ateratzenKarrera profesionala sustatzeko ere eskatu du legebiltzarrak, erdibideko zuzenketa baten bidez. EH Bilduko Jasone Agirrek txartel horia atera dio EITBko zuzendaritzari.

EH Bilduren proposamen bati jarraituz, Eusko Legebiltzarrak EITBko zuzendaritzari aho batez eskatu dio informazio zehatza emateko, haren albistegien independentzia eta pluraltasuna bermatzeko eta karrera profesionala sustatzeko eman dituen urratsei buruz. Legebiltzarrak helburu horiek lortzeko proposamen bat egin zion 2018ko maiatzaren 31n EITBko zuzendaritzari. EH Bilduk Eusko Jaurlaritzan dauden bi alderdi politikoak interpelatu ditu: "EAJ eta PSE horren kontra agertu ziren orduan; gaur, aldiz, independentzia eta pluraltasuna ziurtatu beharra onartu dute eta, inplizituki, aitortu dute gaur EITBk ez duela ez bata ez bestea bermatzen".

Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkideak esan du gaur egun EITBn ardura guztiak "atzamarrez" banatzen direla, "konfiantza pertsonalaren arabera", eta hori bateraezina dela albistegien independentziarekin. "Ezinbestekoa da erredaktoreen karrera profesionala sustatzea, albistegien egunerokoa erabakitzen dutenak irizpide profesionalen arabera soilik hautatzeko, gardentasunez eta aukera berdintasunez". EITBko profesionalak libreak izan behar dira Agirreren arabera, independenteak, eta haien karrera profesionala ezin liteke zuzendaritzaren konfiantzaren menpekoa izan. Gogor mintzatu da Agirre EITBko zuzendaritzaren aurka, eta txartel horia atera dio.

 

https://www.berria.eus/albisteak/167639/eusko-legebiltzarrak-eitbri-eska...