Hemen zaude

ETBko barne eta kanpo deialdiak adostu ditugu zuzendaritzarekin ::: Entzutegi Nazionala

Pasa den ostiralean ETBko Zentroarteko Batzordeak bilera izan zuen zuzendaritzarekin, eta bi gai hauek lotu ziren:

  1. Gatazka kolektiboen kasuetan hemendik aurrera ez dugu Entzutegi Nazionalera jo beharko.
    Zuzendaritzak EAEko Auzitegi Nagusian erabilitako argudioaren arabera, ETBk Madrilen eta Barzelonan korrespontsalia bana duela, gatazka kolektibo guztiak Entzutegi Nazionalera (Audiencia Nacional) bideratu beharra zegoela gogora dezagun, hemengo epaitegiak eta PRECO izatez eraginik gabe utziz. Ostiralean erdietsitako akordioaren arabera, korrespontsalietako langileak eragin juridikoetarako eta sindikaletarako Bilboko egoitzara lotuta gelditzen direnez, ETBko sindikatuok eta langile batzordeek ohiko bide juridikoak erabiltzen jarraitu ahal izango dugu.
  2. Zuzendaritzak bakanteak betetzeko deialdi publikoa egiteko konpromisoa hartu du
    Langile Batzordeak 2013an EAEko Auzitegi Nagusian irabazitako epaiaren arabera, zuzendaritzak ordurarte eta handik aurrera heriotzagatik edota bestelako arrazoirengatik lantokian sortuko ziren bakanteak bete behar zituen. Kontua da epai hura “deklaratiboa” zenez, ez zegoela betetzera derrigortuta. Denbora asko igaro da, eta ekimenak ez dira falta izan, beste akordio pozgarri hau lortu arte, zeinaren bidez zuzendaritzak berak sententzia betetzeko hitza hartu duen.
    Honen ondorioz, gaurkoz bakante dauden 80 lanpostu inguru bete beharko dira, eta berriro diogu, sortzen joango direnak ere bai. Gogoratu ere agertzen den bakante bakoitzagatik beste lanpostu finko bat bete behar dela, baina ez duela zertan bakantearen lanpostu bera izan beharrik. Laburbilduz:

    • 2018an 12 lanpostu:
      • 3 produkzio ingeniari Bilbon eta 1 Miramonen
      • 5 proiektu ingeniari Bilbon eta 1 Miramonen
      • 2 sare teknikari Bilbon
    • 2019an 30 lanpostu gehiago, udazkenean zehaztuko direnak
    • Ondoren, gelditzen diren gainontzeko bakanteak

Honen haritik argipentxo pare bat:

  • Deialdiak ohiko bidea jarraituko du: lehendabizi barne leku-aldaketa deialdia; ondoren barne lanpostu aldaketa deialdia; azkenik kanpo deialdia.
  • Barne zein kanpoko deialdietarako Lan Hitzarmenean jasota dauden printzipioak zainduko dira, eta eskakizunek (titulazioak, hizkuntzak…) ez dute aldaketarik.

Honetaz aparte, LABek kontu hauek argitzeko probesten dugu oharra:

  • Auzitegi Nazionalaren kontua dela eta LABek lan handia egin du, ekintza sindikala zein instituzionala erabiliz, emaitza positibo hau lortu arte. Arazoa sortu zuen gatazka, informazio eskubidearena alegia, Madrilen errekurritu behar izan zen derrigorrez dagoeneko, eta LABek ardura hori hartu du jada. Beraz handik etorriko den emaitzaren zain gelditzen gara.
  • Zuzendaritzarekin hitzartutako barne eta kanpo deialdiek ez die eragiten orain arte Mugagabe Ez Finko (Indefinidos No Fijos) bihurtutako kontratuei, bete beharreko bakanteei lotutako konpromisoa baino ez da. Abiatzear den prozesu hau amaitutakoan Langile Egitura negoziatu eta adostu beharko du zuzendaritzak langileen ordezkeriekin, eta orduan ikusiko da zenbat lanpostu gehiago eta non bete beharko diren ETBk behar dituen eginkizunak betetzeko.
  • Edozein lanpostuan goi mailako lana egiteko garaian LABek beti defendatuko du Hitzarmenean jasota dauden eskakizunak bete behar izatea (titulazioa, hizkuntzak… barne). Azken aldian Produkzio arloan gertatzen ari den arazoa bada ere, lanpostu guztietarako dugu irizpide hauxe.