Hemen zaude

Josu Amezaga: «Gutxiengoa ez gara gu orain, eta horrek zerbait aldatu beharko luke»

Josu Amezaga (Caracas, 1960) EHUko ikus-entzunezko komunikazio eta publizitate saileko zuzendaria da, eta Nor ikerketa taldean dabil lanean, hizkuntza, nortasuna eta komunikazioa ikertzen. Aurrera begira jarrita: komunikazio estrategia bat behar dugu artikulua argitaratu du Behategiaren urtekarian.

Nola uler daiteke hemen agintean hamarkada luzez egon direnek euskal komunikazio eremuaren alde erabakitasun handiagoz jokatu ez izana?

Zalantzan jartzen dut hemen interesa egon denik herri bat eraikitzeko. Epe laburreko interesak gidatu dituzte: nola eutsiko diogu dugun botereari? Epe luzerako estrategiak galdu dira. Baina historikoa ere bada jarrera: euskal agintariak ez dira inoiz arduratu euskal hizkuntzaz, kulturaz eta komunikazioaz. Ezker abertzalearen hutsegite estrategikoa ere egon da: Espainia autodeterminazio eskubidea onartzera behartzeari eman dio lehentasuna, baina ez da askorik arduratu gero ate hori zeharkatuko duen gizartea eraikitzeaz.

Euskarazko hedabideak ez dira heltzen euskaraz alfabetatuta dauden herritarren erdira. Zer ari dira gaizki egiten?

Euskaldunak elebidunak dira, eta erdarazko komunikabideak ere kontsumitzen dituzte. Kontuan hartuta zenbat hedabide dauden euskaraz eta zenbat erdaraz, ondorioztatu beharko genuke handi samarra dela euskaldunek euskarazko hedabidearekiko duten fideltasuna. Ez dira txarto ari; beraz, asmatzen ari dira. Baina neu, behintzat, ez naiz horrekin konformatzen.

Euskaldun kopurua bikoiztu egin da, baina EITB ez da horretara egokitu, idatzi duzunez. Zer egin beharko zukeen?

Euskarari zentraltasuna eman. 1986an sortu zen eredu batekin ari da funtzionatzen EITB: kanal bat euskara hutsez, eta beste bat, gaztelera hutsez. Baina egoera soziolinguistikoa asko aldatu da 31 urteotan. Euskaraz ulertzen duen populazioa %50etik gora da Euskal Herri osoan, eta %60tik gora EAEn. Lehen aldiz mende askoan, gutxiengoa ez gara gu orain, eta horrek zerbait aldatu beharko luke. Baina ETBk ez du ezer aldatu. Aste honetan bertan ikusi dut: ETB2ko albistegietan, erratu, eta euskarazko bertsioa sartu zitzaien. Barkatzeko eskatu zuten. Barkatu, zergatik? Euskaraz egin duzulako?

Zein formula erabiliko zenuke?

ETB2 itxi? Ez. Gaur posible da kanal batean hainbat hizkuntza agertzea. Euskarari zentraltasuna emateko, telebista euskara zabaltzera bideratu beharko litzateke. Praktikan, horrek euskara telebistan gehiago erabiltzea ekarriko luke kanal guztietan. Kanal bat hizkuntza bat banaketa apurtu behar da. Kanal bat baino gehiago behar badira, generoen arabera-edo banatu behar dira, eta, gero, ikusi bakoitzean zer leku eman behar zaion hizkuntza bakoitzari, baina euskara, betiere, goi mailan jarrita.

Irratigintzan esan duzu Euskal Herria erdara hutsezko irratiek menperaturiko lurralde bat dela, baina Euskadi Irratian eta Gaztean zenbat entzule irabazten ari diren esaten dute etengabe. Zein da benetako egoera?

Euskadi Irratia, Bilbon, 12-15. irratia da. Egoera oso kezkagarria da. Euskarazko irratigintzaren ardura guztia Euskadi Irratiari eta Gazteari eman diete, eta besteei ez zaie ezer eskatu. Hazten utzi dituzte hizkuntzari erreparatu gabe. Arlo pribatura zabaldu beharko litzateke eskaera; kuotak, esaterako. Halakorik ez da egin.

Europan legeak daude komunikazio monopolioak mugatzeko. Hemen zergatik ez?

Ikaragarria da hemen batez ere prentsan dagoen monopolioa. Hori Europan arazo gisa ikusten da, hizkuntzaren gaia alde batera utzita. Baina hemen hizkuntza ere tartean dago. Gizarte demokratiko batean, hedabideen aniztasuna funtsezkoa da, alderdi aniztasuna bezala. Hemen, gainera, elikatu egin dute: euskaraz ari diren hedabideei erakundeen publizitatea sartu ez, esaterako, eta monopolioari jaten eman horrekin. Gaur gertatzen ari da, eta ez dut gogoetarik ikusten horren inguruan.

BERRIA 2017.12.29