Hemen zaude

Marmitakoa eta 'coronita'

Karmelo Landa - EHUko irakaslea

Mestizoa da etorkizuna. Marmitakoak berak, adibide baterako, hobekuntza nabarmenak izan ditzake sukalde euskal-germanikoan; Berlineko Nollendorfplatz ezaguneko jatetxe misto berrian, esaterako, atunaz gain, txipiroia, kipula karameloztatua eta eztia daramatza. Guten Appetit! Hori bai, atunak ugaria eta oso egina behar du, alemanei gorrotagarri egiten baitzaie beste hainbat lekutan modakoa den hegaluze «saignant» , ia gordin hori , eta platerean kartoffel ugari aurkitzea ere ez dute batere gustuko. Aipatutako jatetxe berlindar horren inaugurazioan menu berezia antolatu zuten auzolanean sukaldari euskaldunak eta alemanak: gazta eta menbrilozko pintxoa hasteko; lehen platera, esandako marmitakoaz, eta bigarrenerako, oilaskoa urdaiazpikoaz nahasia, mihilu eta laranjazko saltsan; postrerako, berriz, txokolate karameloztatua. Afari ezti gozoa. Kultura-Diplomaziaren mailaraino igo zuen berau gure artean agian ezagunena den aleman euskaldunak, Ludger Mees historialariak. Wilhelm von Humboldt jakintsuak euskararekin XIX. mendean izandako arreta eta begirune berezia eskertzeko modu jatorra ei da orain euskaldunok Berlinera joan eta marmitako gozoak prestatzea. Halabiz. Baina halaber eta jokabide diplomatiko bertsuari jarraiki, ez litzateke batere gaizki izango Humboldten jarraitzaileek orain eta hemen euskararen garapenari arreta handiagoa jartzea, batez ere Ludger Mees jaunaren kasuan legez, Euskal Herriko Unibertsitateko euskara erretoreorde kargua bere esku dutenean. Diplomazia gastronomikoan nabari duen gogo bizi hori, bere karguari lotutako eginbeharretara ere luzatzea, alegia, euskara unibertsitatean garatzeko planak edota euskarazko komunikazio-institutuaren proiektu zehatzak, bere bulegoko tiraderetan lozorro luzean dirautenak, sukaldetik azkar pasa eta mahaira garaiz aurkezteko ahalegina eginez.

Piper minak.Tex-Mex. Coronita garagardo horixka motela bizkortzeko formula mexikarra: limoi garratza, tekila sendoa eta «red hot chili peppers» ,piper gorri min-minak. Garagardo zurrutada lehenago, piper-zukuarena gero, eta tekila-kolpeaz amaitu. Elkarte mestizo bereziak sortzen dira. Iberoamerikar Kalitate-Sarien banaketan besarkatu dute elkar Coronita eta EITB. Andoni Ortuzar EITBko zuzendariari Jose Luis Rodriguez Zapaterok eman dio eskura saria. Uruguaiko Montevideon izan da, aste honetan. Txaloak, diskurtsoak, eskerrak. Enpresa-kudeaketan agertutako kalitateari saria.

«Sari handi bat da enpresa, herri eta hizkuntza txiki batentzat», Andoni Ortuzarrek. Baina enpresa saritu bihurtu duten EITB horretan, euskara bera da benetan txikia eta txikitua geratu dena. Euskara ez ezik, gainontzeko guztia handia da EITBn, eta handiagotzeko bidean doa.

Aurrekontuak, esate baterako, handiak dira oso. Miren Azkaratek zuzentzen duen Kultura Sailaren diru guztiaren ia erdia hartzen baitu Ortuzarren EITBk: datorren urterako aurrekontuetan, adibidez, Kultura Sailak osora izango dituen 237 milioietatik, 119 bete-betean EITBra joango dira. Eta hala eta guztiz ere, ez da nahikoa izango Ortuzarrek dituen gastu-asmoetarako, 170 milioi euro xahutzea aurreikusi baitu EITBko zuzendaritzak. Hortik sortzen den zuloa publizitatetik datorren diruaz bete nahiko dute. Erdal irrati eta telebista kanaletan barra-barra gehitzen den publizitatetik, alegia.

Elebiduna ez da mestizoa. Menpekoa da. Lurralde germaniarretan edo «iberoamerikarretan» itxurak egin arren, etxe barruko errealitateak ezin dira erraz ezkutatu. EHU edota EITB, bi-biak, euskararen menekotasun mingarriaren ereduak dira gaur egun. Ez trebezia diplomatiko zein gastronomikoak, ez eta enpresa-kudeaketa bikainak ez gaituzte, kasu batean zein bestean, euskaldunon soslaia topiko ezagunetik harantzago eraman: sukaldari trebeak eta enpresari ausartak ba omen gara, bai.