Hemen zaude

GARA: Zentsuraren azkena, autozentsura

Euskal PEN klubak deituta, musikamunduan dagoenadierazpenaskatasunik ezari buruz hitz egitekoelkartu ziren atzoDonostian MikelMarkez, Xabier Amuriza, Jon Maia,Asier Serrano eta Asier Gozategi. Zentsura egonbadagoela izan zenondorio nagusia,baina zeharkakozentsura da batezere, eta, azken muturrean, autozentsura.

Mahai-inguru interesgarria izan zen atzo arratsaldean Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean, nahiz eta, tamalez, ez zen apenas inor joan euskal PENklubak antolatu zuen ekitaldia entzutera. “Euskal musikarien aurkako jazarpena eta adierazpen askatasunik eza” zen gaia, eta, horren jiran, zentsuraren aurpegi ezberdinez aritu ziren Xabier Amuriza eta Jon Maia bertsolariak, eta Asier Serrano, Asier Gozategi eta Mikel Markez musikariak, PEN klubeko zuzendaritzako Fito Rodriguez idazle eta irakaslearen laguntzarekin.

Rodriguez moderatzaile lanetan aritu zen, eta hasteko galdera zehatza egin zien guztiei. Zein eskarmentu edo esperientzia izan ote zuten zentsurarekin, hain zuzen ere. Batzuek kanpora jo zuten, esaterako, Asier Serranok gogora ekarri zuen iaz, “Gerrari bai” diskoa aurkezteko jiraren barruan zazpi kontzertu bertan behera utzi zizkietela, baina ez du uste bere kasua Berri Txarrak, Soziedad Alkoholika edo Fermin Muguruza Kontrabandaren kasuekin aldera daitekeenik. «Ez dut bizi izan halako zentsura», esan zuen Serranok.

Mikel Markezek ere Euskal Herritik kanpo jazotako gertaera kontatu zuen, nahiko xelebrea bera. Kanariar uharteetan Estatu espainoleko kantautore talde batekin jira bat egiten ari zen eta herri batean berarekin batera gaztelaniaz kantatuko zuen norbait jarri zuten, PPko alkateak hala eskatuta, euskara hutsezko kontzertuaren beldur zirelako, eta azkenean beste kantariak piztu zuen sua. «Elisa Sarna katalana zen, 60 bat urte zituen, gerra askotan ibilia zen. Nik neure partea egin nuen eta ez zen ezer gertatu, baina emakumeak, bere kantaldiaren azken aldera, bertan zeuden faxista guztiei kanta bat dedikatu nahi ziela esan zuen, eta errepikak honela zioen:‘¿Dónde habré visto yo antes ese bigote?’. Kristorena armatu zen», azaldu zuen Mikel Markezek.

Hein handi batean ezjakintasunak sortutako beldurra edo errezeloa ikusi ahal zen kasu horietan, baina gurean ez dago hizkuntzarekiko zein euskal kulturarekiko horrelako ezjakintasunik, ez beti behintzat; eta zentsura egon badago, atzo Koldo Mitxelenan kontatu zutenaren arabera.

bazterketa

Asier Gozategik azaldu zuen trikitixaren munduan beti «baztertuta» sentitu direla abesten dutenagatik, aukeratu dituzten gaiengatik. «Musika munduan beti eman diguten aholkua da uzteko politika kontu horiek eta musika egiteko, baina baldintza horiek gabe, zer motibazio edukiko genuke musika egiteko; zer da lehenago, musikaria edo euskalduna?», esan zuen. Talde batzuek presoen edo Euskal Herria askearen aldeko kamisetak eramateagatik ondorioak izan dituztela esan zuen. «Eta hori ez dator Madrildik, hori hemen egiten dute», erantsi zuen.

Xabier Amurizaren iritziz, batzuetan, zenbat eta hurbilago eta etxekoago, orduan eta handiagoa izaten da errezeloa. Zentsuraren zeharkako aurpegi batez mintzatu zen batez ere, bazterketaz, hain zuzen ere. Bere izenean joan diren proiektu kultural asko, «gehienak inportanteak», ETBra edo erakunde publikoetara bidalitakoan, «guztiak atzera bota» dituztela esan zuen Amurizak. Askori gertatu zaiela gehitu zuen. «Guk proiektu handiak baditugu, baina dirurik ez; dirua dagoen tokietan, gu ez gaituzte nahi. Hori da arazoa, eta penagarriena. Guk diodanean, ezker abertzalea oso zabal hartuta, hor gauden jende asko esan nahi dut. Zentsura zuzena baino hau da okerragoa da, bazterketa, marjinazioa, baliabiderik ez ematea.Ez da adierazpen askatasunari dagokiona soilik, proiektuetan ere ikusten da».

Bazterketa horren beste adibide gisa aipatu zuen ETB sortu zenean, berari sekula ez ziotela deitzen: «Orduan Telenorte ere bazegoen eta, urrunagotik-edo ikusten zutelako bertsolaritza, zerbait folklorikoa bezala, edo gutxiago ezagutzen nindutelako, Telenortera asko deitzen zidaten, ETBra sekula ez».

ETB-ren papera

Euskal telebista publikoaren zentsura izan zen, hain zuzen ere, mahai-inguruaren gai nagusienetako bat. Jon Maia aritu zen batez ere horren gainean. Bertsolariak azaldu zuen ez duela askotan sentitu zentsuratu dutenik, baina adierazpen askatasunaren aurkako bi ekintza ekarri zituen gogora. Gehien inpaktatu zuena, esan zuen, “Egin” egunkariaren itxiera izan zen. «Sentimenduz ere min handia egin zidan», kontatu zuen. «Ezin nuen sinetsi», erantsi zuen. Bestea, «ezagutzen dudan zentsura kasu barregarriena, larriena eta beharbada mediatikoena, izan da bertsolari batzuk ETBra joan zirenean, eta, zuzeneko emanaldiaren erdian, Euskal Telebistak emisioa moztu zuen eta ahatetxo batzuk jarri zituen pantailan».

«Ridikuloa iruditu zitzaidan, eta etikoki, politikoki, kulturalki, nik ezagutzen dudan astakeriarik handiena», gehitu zuen. AEBetan titi bat erakusteagatik emisio bat moztu zutenean, telebista eta irratietan, baita EITBn ere, barrez komentatu zela gogoratu zuen. «Baina beraiek gauza bera egin zuten hain zuzen ere», esan zuen.

Kasu zehatzetatik harago joanez, Euskal Herrian zentsura «egon badagoela» esan zuen Maiak. Eta hemen nagusi autozentsura dela ziurtatu zuen: «Iritzi bat defendatuz gero publikoki, badakizu ate batzuk itxi egiten zaizkizula». Politikoki zuzena izan behar da, beraz, kasu askotan.

Horren arrazoia, bere esanetan, ETBren ikus-entzunezko monopolioa da. «Monopolioak sortzen du boterea, kultur produkzioan, botere mediatikoa. Azkenean, mediatikoki agertzen ez dena ez da existitzen; haiek aukeratzen badute nor agertu eta nor ez, hor dago zentsura. Are gehiago, jende asko bizi da hortik», esan zuen Maiak, ETBrentzat hainbat lan egiteko edo bere obra ezagutarazteko kanal mediatiko hori behar duelako. «Horrek dakar jende asko ixilik geratzea gauza askoren aurrean», esan zuen. Mediatikoki politika kultura «desastrea» dela aipatu zuen. «Baina, zenbatek hitz egiten du publikoki EITB taldearen aurka, zein ausartzen da?», galdetu zuen. Erantzuna, «autozentsura olatu ixila eta zabala».

'euskal musikarien aurkako jazarpena' mahai-ingurua. ETBn kultur programen eta erakundeen diru laguntzen gabezia salatu dituzte Euskal PEN Klubak antolaturiko saioan

Zentsurak hamaika aurpegi ditu. Batzutan zuzenean eragiten du, Berri Txarrak taldeak, Fermin Muguruzak, Soziedad Alkoholikak edo Su Ta Garrek pairatu dute hori. Beste batzutan, zeharka. Euskal PEN Klubak antolaturik atzo iluntzean Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egin zen Euskal musikarien aurkako jazarpena eta adierazpen askatasunik eza izeneko hitzaldian nabarmendu zenez, zentsuraren zeharkako aurpegia da Euskal Herrian bertan egun gehien eta sakonen eragiten duena. «Kultur proiektu handiak ditugu, baina ez digute horiek egiteko dirurik ematen, zeharka zentsuratzen gaituzte». Xabier Amurizaren iritzia da. Jon Maiak, Axier Gozategik, Asier Serranok eta Mikel Markezek kontatu zituzten zuzeneko zentsurarekin eta batik bat zeharkakoarekin izan dituzte bizipenak, Fito Rodriguezek moderaturik.

Zeharkako zentsura hori saihesteko bidea autozentsura bihurtzen da Jon Maiaren arabera. «Euskal Herrian publikoki zenbait ideia agertuz gero ate batzuk itxi egiten zaizkizu. Inork ez dizu esango zer esan behar duzun, baina badakizu pentsatzen duzuna esanez gero, ez zarela leku batzuetan aterako». ETB da leku horietako bat, mintzaldian behin eta berriz aipatu zutenez. Amurizak Frankismo garaian sufritutako zentsurak isilduz «sasidemokrazian» bizitako «bazterketak» aipatuzETBren sorrerako urteetan gertatutakoa kontatu zuen: «Garai hartan Telenorte ere bazegoen, eta ETBtik ez zidaten inoiz deitzen, aldiz Telenorte-koek ez ninduten hainbeste ezagutzen, eta askotan deitzen ninduten. Hurbilekoek errezelo handia izaten dute». ETBrekin bezala, Bizkaiko Diputazioarekin eta beste hainbat erakunderekin sentitu du bazterketa hori bertsolariak: «Neure izena agertzen zen edozelako proiektu baztertu egiten zuten. Guk proiektu handiak ditugu, baina ez daukagu dirurik; eta dirua daukaten lekuan ez daukate ez proiekturik eta ezta ideiarik ere, eta ez gaituzte nahi. Dirua gaitasunik ez duenari ematen zaio, gaitasuna duenari kenduz. Azken batean, hemen eskuinak ez du interesik euskal kulturarekin eta ezkerrak ez dauka dirurik».Diru publikoarekin kudeaturiko euskal telebistak euskal kulturgileekin duen jarrera deitoratu zuen Maiak: «Medio pribatu batetik ez deitzeak ez nau mintzen, baina salagarria da nire diruarekin egiten den telebistak halako kultur programa eta jarrera edukitzea». Hala ere, ETBren aurkako jarrera publikoa oso intelektual gutxik duela salatu zuen: «Idazleen, musikarien eta aktoreen artean gehiengoa ez dago ETBren kultur programarekin eta politika desastrosoarekin ados, baina denak isilik gaude. Jende askok medioetan atera behar du jateko, eta politikoki zuzena izan behar da horretarako». Ez zen hala izan Mikel Markez, eta zentsura handiena ETB2ak egiten duela esan zuen: «ETB1en tartean-tartean ateratzen gaituzte, Radio Euskadik duintasunarekin tratatzen gaitu, baina ETB2an onartua dago gu han ezin garela atera». Frankismo garaian ez ezik egun ere zentsuratzen dela agertu zuten bost hizlariek, eta Espainian ez ezik, Euskal Herrian ere adierazpen askatasuna jazartzen dela.

Gaurko hitzaldia: Euskal PEN Kluba Idazkera Askatasunaren jagolea (19/98) sumarioa. Ondoren, 2005eko Euskal PEN idazluma ezagutarazteko ekitaldia, Joan Mari Irigoien idazleak aurkezturik. (19:30ean, Donostiako KMKn)