Hemen zaude

Hiru pontxazo ETBri!

Xabier Silveira - Bertsolaria

Langabezia paralelo batean bizitzeak telebistari begira egoteko parada paregabea ematen du. Pablo Miralles literaturak famatutako gizon hura bezala, iritsi izan naiz telebista itzaliari so geratzera; eta badakizue zer? Norbera azaltzen dela pantailaren beltzean irudikatua, norbera bere sofan eserita, telebista ikusten bezala. Eta uste dut telebistan ateratzeko modu duinena dela.

Euskal herritar ia denek ETBren kameren aurrean desfilatu dugun honetan, zilegi bekit herria sutzen duena sutan erretzea; azken finean, «sutan jartzean probatutzen da/ nolakoa den eltzea». Ea bada punteria ona daukadan eta ez dudan bertatik pasatzea bertzerik bilatzen ez duenik zauritzen, mintzen.

Lehena: Tabuak apurtzeko daudenaren adibide ugari eman digute euskal irriaren aitzindariek; “Vaya Semanita”koek, alegia. Egia da hasieran, duela ez hainbeste ere bai, hutsik egin gabe ikusten nuela ostegunean ez bazen igandeko errepikapenean. Harridura sortu zuen nigan umorea hain gordinki eta ongiaren eta gaizkiaren gainetik egiteko zeukaten gaitasuna. Baina ongiaren eta gaizkiaren gainetik dabilenak ezin du nahi duenean jaitsi eta nahi duenean igo; irudipena sortu zait hauteskundeetan PSOEren eta PNVren mitinetan parte hartu zuten mertzenariak gutaz barrez ez ote diren ari. Eta hori emakumeenganako inolako errespetua ez aipatzeagatik. Vaya... puta peña!

Bigarrena: Bertsolariak eta telebista igandeetan baizik ez dira elkarren lagun. Baina asteburua bertso eta puntu artean igarota astelehen gauean TBa piztu eta Silveira bertan ikustea ez da plater gozoa. Ez niretzat, behintzat, Silveira ni naizenez gero. Nire izena militar espainolez jantzita Sorginen Laratzan ikusten dudanean oso gutxitan egiten dudan zerbait egiten dut: pentsatu. Eta pentsatzen dut ea Euskitzek ez ote duen duintasun apurrik edo Martxelo Sotesek ridikuloaren zentzua ipurdian baino aurpegian ote duen. Pentsatzen dut Silveira beraien programara gonbidatzera ausartu ez diren pailazoek Silveiraren beharra dutela euskaldunek beraien programa ezin irentsizkoa nola edo hala ikus dezaten. Mila esker holakoak pentsaraztearren.

Hirugarrena: Bere izena hemen idatz ez dezadan presio gogorrak jaso ditut eta nik, lagunengatik, edozer. Baina jakin ezazue Nafarroan EGIko buru eta Xabier Arzalluz-en bizkartzain pertsonala izandakoari soldata itzela ordaintzen laguntzen duzuela bere Basetxeak ikusita eta are gehiago bertan parte hartuta.

Horietxek hiru jaurtiketak; zauriturik?