Hemen zaude

EITBko langileek lanuzte eta kontzentrazioak egin dituzte euren soldaten defentsan

Eusko Irratia, EITBnet eta EITB erakundeko langileek lanuzte eta kontzentrazioak egin dituzte gaur euren soldaten defentsan, 2010ean ezarri zieten %5eko soldata murrizketa etetea eta kendutako dirua bueltatzea eskatuz. Deialdi honek erantzun zabala izan du, besteak beste, EITBneten ia erabatekoa izan da jarraipena eta Euskadi Irratian %85 ingurukoa.

EAJk, PSEk eta EITBko zuzendaritza nagusiak bat egin dute eta "segurtasun juridikoa" eta "lansarien oreka" bezalako kontzeptuak erabiltzen dituzte Eusko Irratiko eta EITBNETeko langileoi dagokiguna ez ordaintzeko.

Gogoratu behar dugu "Segurtasun juridikoa" aipatzen badute ere Auzitegi Konstituzionalak eta Auzitegi Gorenak bi ebazpen irmo eman dituztela % 5aren soldata murrizketa baliogabetuz. Bestalde "Lansarien oreka" aipatzen dute, baina ETBn murrizketa gelditu zuten eta 2010etik kendutako dirua itzuliko diete langileei; hau da, "orekaz" hitz egiten dute, baina langileon arteko soldata bereizketa aplikatuko dute EITBn, batzuei ordainduta eta besteoi dirua kenduta.

Bere garaian esan zuten inposatutako murrizketa bat zela, nahitaez egin beharrekoa. Baina oraingoan Madrilek ez du inposatu langileoi murrizketa ezartzea. Alderantziz, murrizketa hori legez kanpokoa dela ebatzi dute Madrilen. Baina EAJk, PSEk eta EITBko zuzendaritzak murrizketa aplikatzen jarraitzeko, langileoi hilero dirua kentzen segitzeko eta lapurtutakoa ez itzultzeko erabaki politikoa hartu dute, azken egunotan EITBko administrazio Kontseiluan eta Eusko Legebiltzarrean egiaztatu ahal izan dugunez.

Beraz, bidegabekeria honen aurrean, mobilizatzen jarraituko dugu langileoi zor digutena itzuli arte.