Hemen zaude

EITBko Zuzendari Nagusiak ez dio egia esan Parlamentuari

Parlamentutik EITB Taldean txandakako lan kontratua erabiltzeari buruzko idatzizko erantzuna eskatu zaio Zuzendari Nagusiari. ETBko LABek dio Iturbek ez duela egiarekin erantzun, izan ere kasu hauetan lan poltsak zintzo-zintzo betetzen ari direla baieztatzen du.

Parlamentura bidalitako erantzuna sinatzen duen Maite Iturbek zera dio: «Erreleboa egiten duten langileek barematutako lan-poltsetan duten lehentasunezko tokiaren arabera onartzen dute kontratua. Poltsa horiek enpleguko deialdi publikoen bidez sortzen dira; hortaz, bete egiten dira EITB taldeko enplegu publikoa lortzeko eskatzen diren merezimendu eta gaitasun printzipioak».

Baieztapen hau gezurtatu nahi du LABek. Txandakako lan-kontratu kontuarekin, eta ETBri dagokionez, ez da egia erreleboa egiten duten langile guztiak barematutako lan-poltsa barematuak egoki erabilita sartu direnik. Hau da, kasu batzuetan lan poltsa jakin bateko lehen postuetan kokatutako langileei ez zaie errelebo kontratua eskaini; eta beste batzuetan, nahiz eta aurre-erretiro partziala hartzen duen langilearen departamentu eta kategorian kontratazio beharra izan, beste departamentu eta kategoriako langilea aukeratu izan du ETBk errelebista kontratua egiteko,  beste lan poltsa batzuk erabiliz.

Horrez gain, ez dira errespetatzen ari Bilbo eta Miramongo plantilla estrukturalak , hau da, Miramongo langile batek aurre-erretiroa sinatzerakoan, Bilboko  plantillarako errelebo kontratuak  bultzatu dituzte, Donostiako plantilla estrukturalari buruzko akordioa errespetatu gabe. Kontrako kasuren bat ere eman da, Bilboko ordezkatuaren kontratua Miramonen lan egiteko lan kontratuarekin betetzea.

Gogoratuko dugu LABek hainbat salaketa jarrita dituela epaitegietan eta Lan Ikuskaritzan hain zuzen ere Euskal Telebistako Zuzendaritzak lan poltsak ez dituelako errespetatzen, eta berriro ere kontratazio mugagabe ez-finko kasu gehiagorekin aurkituko gara laster. Bada garaia etorkizuneko EITBk beharko dituen benetako plantilla estrukturalak adosteko, baina LABen iritziz Zuzendaritza honek ez du horretarako gaitasunik.

Azkenik, 2010eko soldata murrizketaren aurka bihar ostiralean Eusko Irratian, EITBNETen eta EITB entean deituta dauden lanuzteei elkartasuna luzatu nahi die Euskal Telebistako LABek. Murrizketak dagoeneko eragiten ez badigu ere langileak elkarretaratzeetara joan daitezen animatu nahi ditugu. Baita ere, ETBko Zuzendaritzari 2010etik kendu zaigun dirua lehenbailehen itzultzea exijitzen diogu publikoki.