Hemen zaude

Euskal Telebista Euskal Herri osoan ikusi ahal izatea aldarrikatu dugu langileok

ETBko Langile Batzordeak deituta, eta EITBko gainontzeko Batzordeek bat eginda, kontzentrazioa egin dugu komunikabide publikoak Bilbon duen egoitzaren aurrean. Izan ere, gobernu espainiarrak erabilitako lege eta mehatxuak direla medio, atzo Euskal Telebistaren seinale digitala eten egin baitzen Nafarroan.

EITBko LABen iritziz, eraso sinple bezain bortitz honekin estatu espainiarrak ETBren “txoriaz” gain, beste hainbat txori akabatu nahi ditu kolpe bakarrez: Nafarroan euskarak eta euskal kulturak (Nafarroako hizkuntzak eta kulturak alegia) duten babesa; Euskal Herria zatikatuta mantentzea; eta “kontakizun bakarraren” estrategiaren ildoa indartzea.

ETBren emanaldiak itunen bidez kontrolatzea edo zuzenean etetea aspaldiko estrategia da, UPNk sutsuki bezain gaixoki bultzatu eta Madrilek lagundutakoa. Halere, aipatzekoa da kolpe bortitza eman denaren unea, hain zuzen ere, Nafarroako hizkuntza eta kulturak babesik handiena izaten ari diren unean, eta herrialdean aldaketa politikoa abiatzen ari denean.

EITBri eta EAEko zein Nafarroako alderdi politikoei eta instituzioei zera eskatzen diegu: ahal duten guztia egiteko egoera larriari buelta emateko eta EITBren emisio guztiak Euskal Herri osoan ikusi ahal izateko, zazpi herrialdeetan hain zuzen ere. UPNri eta espainiar estatuari ez diegu ezer eskatzen. Izan ere, EITBko LABeko kideon iritziz, arrisku eta eraso horiek ekiditeko dugun berme bakarra estatu propioa izatea delako.

EITBko LAB 2016ko maiatzaren 6an