Hemen zaude

BERRIA: ETBren Nafarroako emisioak eteteko agindu du Madrilek

Aurreko Nafarroako Gobernuak jarritako salaketa bat dago oinarrian. Neurria bertan behera uzteko eskatu dio Barkosen gobernuak Industria Ministerioari.

Astelehenean jaso zuen abisua Nafarroako Gobernuak. Gutun bat bidali dio Espainiako Industria Ministerioak, esanez eten egin behar direla ETBren emisioak Nafarroan. Etena "berehala" egiteko agindu dute eskutitzean.

Gobernu bileran aztertu du gaia gaur Nafarroako Gobernuak, eta Ana Ollo bozeramaileak eman du horren berri. Azaldu du aurreko gobernuaren salaketa bat dagoela Industria Ministerioaren espedientearen oinarrian. Ollok salatu du gobernu aldaketa egin zutenean UPNk ez ziela eman salaketa haren berri.

Salaketa bera erretiratzea onartu du gobernuak orain, eta hori jakinarazi dio ministerioari. Hortaz, badaezpadako neurriak bertan behera uzteko eskatu dio Madrili, "bereziki emisioak berehala etetekoa, herritarrek informazioa jasotzeko duten oinarrizko eskubidea urratuko lukeelako".

EITBk jaso ditzakeen zigorren aurrean ere pertsonatuko da Iruñeko gobernua. ETBren emisioek indarrean jarraitzearen alde egingo du, eta berretsi du lanean ari dela egoera normaltzeko, "ETBren seinalea era legalean jasotzeko, parlamentuak eskatu zuen gisan".