Hemen zaude

ARGIA: Ume nafarren marrazkiak ez dira euskaraz mintzatzen

Familia nafarren telebistetan ez da ETB3rik agertzen. Umeek ETB3ko marrazki bizidunak ikusi nahi badituzte, ordenadorea piztu eta internetera konektatu behar dute.Nafarroan ETB1 sare analogikoan baino ezin da ikusi. ETB3, horrela ere ez. Arazoa ez da nolanahikoa, azken urteetan hirugarren katean pilatu baititu euskal telebistak haurrentzako eduki gehienak. Imitazioa funtsezko elementua da umeen heziketa prozesuan; marrazkiak, orain, gaztelaniaz imitatzen dituzte.

 

Familia nafarren telebistetan ez da ETB3rik agertzen. Umeek ETB3ko marrazki bizidunak ikusi nahi badituzte, ordenadorea piztu eta internetera konektatu behar dute. (Dani Blanco)
 

Marrazki bizidunetako pertsonaia kuttunenak gaztelaniaz entzuten badituzte, gaztelaniaz imitatuko dituzte

Telebistaren boterea inork gutxik zalantzan jartzen duen auzia da. Teknologia berrien agerpenak eta hedapenak ez du zalantzan jarri pantaila txikiaren kontsumoa. Nafarrek, batez beste, 214 minutu ematen dituzte egunero telebista aurrean, 3 ordu eta erdi pasatxo, alegia. Tarte horretan, telebistak, masa hedabide boteretsua den heinean, nahi beste mezu, balore eta ideia zabaltzeko aukera du. Baina jarrera sozial eta ideologiko zehatzak hegemoniko bihurtzeko gaitasuna duen bezala, telebista tresna boteretsua da hizkuntzen garapen eta normalizazio prozesuetan ere. Komunikazio ohiturak zehaztu ditzake, hala nola hizkuntza formula berriak indartu eta normalizatu, esamolde eta kontzeptu berriak, kasurako. Fikzioan, zer esanik ez: hizkuntza komunitate baten parte denarentzat mundu sinboliko propioa eratzen du, pantailako istorioetako pertsonaiak bere hizkuntzan ezagutu eta entzuten baititu.

Euskara, noski, ez da salbuespena. Eusko Jaurlaritzak 2008. urtean argitaratutako txosten batek hala dio: “Telebista da gaur euskara zabaltzeko tresnarik egokiena. Hiru arrazoirengatik: etxe guztietan dagoelako, gehien-gehienok ikusten dugulako, eta euskara gutxi edo batere ez dakitenek ere medio horrekin harremana eduki dezaketelako, nahiz eta produktua euskaraz izan”. Nafarroan, ordea, euskarazko telebista ikusi ahal izatea, ahalegin berezia eta neketsua eskatzen duen praktika da.

Hizkuntz Eskubideen Nazioarteko Adierazpenak eta Europako hizkuntza gutxituen kartak jasotako eskubidea izanagatik, Nafarroako Gobernuak behin eta berriro egin dio uko euskarazko komunikabideak bultzatu eta bermatzeko betebeharrari. UPNren ukazioaren ondorioz, ETB1 eta ETB2 kateak sistema analogikoan baino ezin dira ikusi. Aparatu gehienek Lurreko Telebista Digitalerako sistema barneratua duten garaian, kableak aldatu behar izaten dira sistema analogikoa sintonizatzeko. Interes berezia beharko du, beraz, ETB1 ikusi nahi duenak. ETB3ren kasuan, hori ere ez; internet bitartez baino ezin da ikusi. Kaltea ez da nolanahikoa, euskal telebistak hirugarren katean pilatu baititu azken urteetan umeentzako eduki gehienak. Borobilduz, sofan eseri eta telebistan euskarazko marrazki bizidunak ikusi ahal izatea errealitate urruna da Nafarroako haurrentzat.

Euskaltzaindiak Paula Kasaresen Euskaldun hazi Nafarroan doktorego-tesia aurkeztu berri du liburu gisara. Ikuspegi soziologikotik, soziolinguistikotik eta antropologikotik hizkuntzaren transmisioa ikertu du Kasaresek; horretarako Iruñea zein Iruritako gurasoak mintzakide izan ditu azterketa osoan. Adierazi duenez, gurasoek behin eta berriro azaldu dioten kezka da euskarazko telebistaren gabeziarena. Hizkuntzaz jabetzeko bitarteko bat kendu zaie haurrei, bere hitzetan. Eta kentzeaz gain, gaztelaniazko ereduetara egin dute salto, gaztelaniazko marrazki bizidunetara. Herri euskaldunenetan ere gaztelaniazko esamoldeak erabiltzen hasi dira haurrak, telebistako erreferentziak errepikatuz. Kasaresek gogoan du Baztango irakasleek kontatutakoa: Umeak “Hola Caballero” esaten entzuten zituzten, esaldi hori Bob Esponjak esaten zuen esaldia zela konturatu arte. Berak dioenez, haurrek “telebistan jasotako inputak haien joko sinbolikoetara eramaten dituzte”.

Izan ere, Oskar Zapata Topaguneko Nafarroako arduradunak dioenez, “frogatuta dago haurren ikasketa prozesuan, imitazioa funtsezko elementua dela. Ikusi eta entzuten dutena imitatzen dute”. Eta pertsonaia kuttunenak gaztelaniaz entzuten badituzte, gaztelaniaz imitatuko dituzte. Egoera gertutik ezagutzen du Edurne Ruiz altsasuarrak. Bi seme-alaben ama da, eta etxean bizi izan ditu haurrentzako euskarazko eskaintzaren eskasiaren ondorioak: “Haurrak euskaraz hazi nahi ditugu, kanpoko egoeratik, erdaratik, babestu eta burbuila batean sartu, baina egoera zaildu zaigu”. Telebistako gabeziari aurre egin izan diote etxean, euskarazko DVDak erosi eta pelikulak jarriz. Baina ez da nahikoa: “Adin batera iritsita, klaseko gainerakoek ikusten dutena ikusi nahi dute”.

Antzeko egoera bizi du Saioa Ziritzak. Iruñean bizi da, eta bi alaba ditu. Azken urteetan haurrentzako euskara “hutsaren hurrengo bihurtu dela” dio, gaztelaniazko kateak ugaldu diren bitartean, euskarazkoak bere horretan geratu direlako. Ruizek bezala, euskarazko edukiak etxera ekartzeko apustua egin dute, besteak beste, interneten eskaintzen diren euskarazko marrazki bizidunak ikusiz. Hala konturatu dira “garai batean bertako ekoizpenaren  alde apustu handia egin zela (Lazkao Txiki, Pernando Amezketarra...), kalitatezkoa, bertako pertsonaia edo kultura erreferentziatzat zuena”. Gaur egun, ordea, “ez da horrelakorik ikusten. Doraemon eta antzekoak etengabe errepikatzen dituzte”. Arazo bakarra, beraz, ez da euskarazko telebista ikusteko zailtasuna. Bere ustez, arazoa ez da konponduko gaztelaniazko kateei muzin egin eta haurrei ETB ikustera derrigortuz: “Euskarazko eskaintza handitzen eta hobetzen ez den bitartean jai dugu”.

Argi izpiak

Xaloa Telebista aurki hasiko da Iruñerrian –eta seinaleak laguntzen badu, inguruko eskualde batzuetan– emititzen, euskara hutsean. 2013ko LTD kanalen esleipenera aurkeztu zuten proiektua, eta lizentzia eskuratu dute. Albistea “pozgarria” izan dela diote, baina “baita kezka iturri handia ere”. Izan ere, hedabide garestia da telebista. Horregatik, crowdfunding kanpaina jarri dute martxan, emititzen hasteko behar dituzten 50.000 euroak eskuratzeko.

Udalbiltza, Tokikom eta Topagunea bide horretan laguntzen ari dira Xaloa Telebista. Besteak beste, edukien programazioan lagundu nahi dute. Arlo horretan, Topaguneko Zapatak dioenez, hasieratik argi izan dute haurrak “lehentasuna” direla, “haientzat hedabide errazena eta erakargarriena delako telebista”. Horregatik, marrazki bizidunak erosteko prozesuan ari dira, buru-belarri.

Finean, umeentzako euskarazko eskaintza izatea “funtsezkoa” dela uste du Zapatak, are gehiago Iruñerrian: “Haurrak erdaran murgiltzen dira, erdararekin dute harreman nagusia. Are gehiago, askok eskolan izaten dute euskararekin lehen harreman eta bakarra, eta hor pasatzen duten denbora oso mugatua da. Lehen Hezkuntzako umeek euren denboraren %15 pasatzen dute eskolan. Beraz, argi dago klasetik kanpo euskaraz bizitzeko aukerak izan behar dituztela”. Bide horretan, nahikoa ez izanagatik, argi izpia ekarriko du Xaloa Telebistak. Nahiz eta, Zapataren iritziz, horrek ezin duen ETB bere osotasunean eta LTDn ikusteko exijentzia mugatu: “Batak ez du bestea kentzen”.