Hemen zaude

ETBn komunikazioen kontrola ere badago

Lan Ikuskaritzak ETBk langileen ordezkarien informazio eta komunikazio eskubideak urratu dituela frogatutzat eman du.

Aurtengo martxoan ETBko hainbat langileen ordezkarik euren posta elektroniko zerbitzu korporatiboan irregulartasunak nabaritu zituzten. LAB, KLB eta CCOOko sindikatuetako ordezkariek eta bi prebentzio delegatuk ezin zuten 10KB baino mezu handiagorik jaso, txertatzen ohi den ia edozein fitxategi hori baino handiagoa denean.

Giza Baliabideetako eta Sistemetako zuzendariei komunikazioaren kontrol txapuzero eta zentzugabe horretaz galdetutakoan ez zuten fundamentuzko arrazoirik eman nahi izan eta oraindik azalpenen zain gaude. Lehenak arazoa akats teknikoari leporatu zion gertatutakoa, eta arduradun teknikoak pertsonalekoaren erabakiari leporatu zion zerbitzuaren mugaketa. Urduritasun handia nabaritu izan zaie, eta harrapatuta sentitu zirenean zerbitzua berehala konpondu zuten.

LABek Lan Ikuskaritzan beharrezkotzat jo zuen salaketa ipini zuen eta honek dagoeneko txostena plazaratu du, bertan gertatutakoa frogatutzat hartzen duelarik. Halere, ez dugu ulertzen Lan Ikuskaritzak ETBko zuzendaritzaren aurka neurririk hartu ez izana, arazoa konponduta egotea argudiatuz. Lapurretan harrapatu eta dirua itzultzeagatik barkatzea bezala.

Gogoratu beharra dago Lan Ikuskaritzak uztailan beste txosten bat kaleratu zuela, ETBko zuzendaritzak langile batzordeari legez eman beharreko hainbat informazio ez emateagatik errekerimendua altxatzen zuena. Ukatutako informazioak besteak beste hauek dira: prestakuntza gastuak, aurrekontuak, esleipenen zehaztasunak, Bilboko egoitzaren egitasmoa, goi mailako lanak, jefaturen organigrama eta langile autonomoen kontratuak. Oraindik errekerimendua osorik betetzeko zain gaude.

Langileok oso zaila dugu beraz zuzendaritza prepotente honekin konfidantzarik edukitzea.