Hemen zaude

LABek EITBko aurrekontuen proposamenari ezetz esan dio

       EITBko Administrazio Kontseiluak atzo atzera bota zituen zuzendaritzak aurkeztutako aurrekontuak. Soilik Zuzendari Nagusiak berak eta EAJ, Euskaltzaindiak eta Eusko Ikaskuntzako ordezkariek (9) eman zieten baiezkoa; EHBILDU, PSE eta Kontsumitzaileen elkarteko (6) ordezkariak abstenitu egin ziren; eta LABekoak eta PPkoak (2) ezezkoa eman zuten. Aurrekontuak onartuak izateko kideen bi herenek eman behar diete baiezkoa, eta ondorioz ezezkoarekin joango dira parlamentura, non iaz bezala seguruena da EAJk bide-laguna aurkituko duen testua aurrera eramateko, atzoko Urkullu-Mendia bileratik antzematen denaren arabera. Hauek dira LABen arrazoiak aurrekontuak atzera botatzeko:

Formak: Arrazoi hau nahikoa litzateke berez proposamena atzera botatzeko. Izan ere urtero, zuzendaritza batekin zein bestearekin, bozketa eguna baino lau egun ematen ohi dira aztertzeko. Ostiralean azaldu, eta asteartean bozkatu. LABen iritziz begirune falta handiegia da langileekiko berebiziko garrantzia duen aurrekontuen gaia behar bezala lantzeko aukerarik ez ematea.

Murrizketa orokorra: Egia bada ere iaz aurkeztutako aurrekontuekiko %2ko igoera bat aurreikusten dela (2.800.000€), erreferentzia 2012 urtea hartu ezkero %33ko murrizketa mantentzen da. Hau da, zuzendaritza eta jaurlaritza honek berak egindako murrizketa mantendu egiten dela, bestelako aukerei bizkar emanez.

Plantilla globala: Onartu beharra badago ere azken urteetako batez besteko plantillari eutsi egiten zaiola eta irratietan 59 lanpostu egonkortu egiten direla, errealitate berri bati bizkar ematen zaio. Izan ere Internet zerbitzuak emateko kontratatuta zegoen M4F enpresa aurten desagertu, eta bere zerbitzuak EITBNETen barneratuko baitira, eta nahiz eta EITBNETeko soldata-masa hazi kontratazio zuzen berrien eraginez, ez da agertzen zerbitzu gehigarri hau emateko beharrezkoa litzatekeen plantilla hazkunderik. Zuzendaritzak ez du gutxieneko plantilla hori bermatzeko asmorik.

Soldata murrizketa: Eusko Jaurlaritzak 2010ean soldata %5a jaistea eta Madrilek 2012ko gabonetako ordainsaria kentzea erabaki zuenetik, langileok ez dugu bestelako soldata aldaketarik eduki, eta ez da itzulpenik edota igoerarik aurreikusten datorren urterako ere. Gogoratu beharra dago Jaurlaritzak 2012ko erabaki hura bere kabuz hartu zuela, Madrilgo dekretuak ez baitzien eragiten enpresa publikoei. Atzo bertan ere Auzitegi Nagusiaren sententzia jaso genuen, zeinaren arabera erabaki hura legez kanpokoa da eta azken erabakia Konstituzionalera bideratzen du. Berriro diogu beraz, hartutako erabaki hura Jaurlaritzak berak konpon dezakeela bere aldetik ere, epaitegien zain egon gabe. Gainera ez soilik bide juridikoak jarraitzen duen ETBko langileon soldatarena, baizik eta EITB talde osoko langile guztiona da konpon dezakeena eta konpontzea exijitzen dioguna. Beti ere 2012ko %5aren murrizketa hura ontzat emango ez balu, eta argi dago aurrekontu hauek irizpide murriztatzaileekin lerrokatuta daudela.

 

Euskal Herrian 2014ko urriaren 22an