Hemen zaude

GARA-ZIRIKAZAN: Zein da arazoa? ("Cuadrilla busca cita" programaz)

ETBk «Cuadrilla busca cita» saioa bertan behera uzteko erabakiaren harira, honela zioen tipo batek, sarrera gisa, bere iritzi zutabean: «Emakume eta gizonen arteko berdintasunaren xede geldiezinari gerta dakiokeen gauzarik txarrena da bere burua barregarri jartzea, gehiegikerien, hersturen, biktimismoaren eta gustuko ez duen egiaren okultismoaren bidez». Eta bukaera aldera: «Hau da ETBren aukera galdua: gure neska-mutilei espontaneoak izaten utzi eta nabarmen laga zezatela berdintasuna erdiesteko geratzen den bide luzea». Tartean, erradikalismo feministaren inkisidoreak (inquisidoras, haren hitz zehatzetan), EITBko gerra sindikala, oportunismo politiko mehatxatzailea, hedabide antinazionalisten babesa, Emakunderen txaloak, Glenn Fordek Gildari emandako beste txalo ospetsu hori, zentsuraren praktika onanista eta «gertatzen dena sentitzea»-ren aldeko neurologo baten iritzia ere aipatuta.

Cocktail hori guztia esan barik esateko protesta egin dutenak histeriko (histérica, idatziko luke berak) samarrak direla berdintasunaren aferari dagokionez, edo, areago, benetan etekin politikoa lortzeari begira baino ez dutela egin. Aditzera emateko euskal kate publikoak, horren helburu gaitzesgarriaren aurrean, prakak jaitsi dituela, alegia, presioen eraginez amore eman, «gure alderdi egonean egon zale eta ganberroa gailentzen denerako, udako produktu tipikoa» emititu beharrean, buruhauste gehiago barik. Total, «gauza handirik ez zen» telebistako beste saio bat gehiago, jada jasaten dugun zabor-maila areagotzera zetorrena; zein da arazoa?

Arazoa da, gizona, ez dugula zabor gehiagorik behar, ezta nahi ere. Arazoa da kate publiko batek baduela erantzukizunik jendartearen eraikuntzan, eta emakumeon errealitatearekiko ere bai, eta ezin dugula onartu -are gutxiago uda dela eta buruari eragiteari uzteko sasi ikuskizun bat gozatzeko aitzakiapean- bestelako ereduen arabera bizi ahal izateko alde askotatik egiten ari den ahalegin eta lan etengabekoa horren merke eta erraz saltzea. Arazoa da ezin garela ibili salatzen, lantzen eta eraldatzen erabateko berdintasunean bizitzea eragozten digutenak, agerikoak eta ezkutuagokoak, gero Euskal Telebistaren gisako zirrikituetatik etxeetan kontrakoa sartzen uzteko, txintik esan gabe; lan horrek guztiak ezer gutxi balioko duela, besteak beste, erakunde publikoen berrespenik gabe. Nesketan egiteko moldeak erakutsi nahi izanez gero, badira emakume azienda ikusi eta itxuraz ederrena markatzen duen unaiarena baino politagoak, maitekorragoak eta, zalantza barik, sanoagoak, baina arazoa da errazagoa dela audientzia bakarrik kontuan hartzen duten kate pribatuen produktuak imitatzea, kalitatezko zer edo zer berritzailea sortu eta eskaintzeko ahalegina egitea baino.

Egun, berdintasunaren xede geldiezinari gerta dakiokeen gauzarik txarrena da, hain zuzen, berdintasuna lortuta dagoela sinestea, eta arestikoaren moduko iritziak kalterik eragiten ez duten garai bateko hondarrak baino ez direla pentsatzea; eta sentipen hori emakumeon gehiengoak izatea. Bizi ditugun auzi handiak bezain garrantzitsuak diren txikiei erreparatzeari, eta borrokatzeari, utziko geniokeelako. Orduan bai, akabo.

Josebe Egia - GARA 2014.06.30