Hemen zaude

BERRIA: Papertxoa ikusi arte

EITB osatzen duten talde guztietako langile batzorde eta sindikatuek lan hitzarmenak defendatzeko batu dira. Berria sinatu artean aurrekoa indarrean mantentzea nahi dute.

Gutxitan gertatu izan da. Ez da oso ohikoa izaten. EITB osatzen duten talde guztiek zeinek bere lan hitzarmenak, estrategiak eta lan ordezkaritzak dituzte. Oraingoan, baina, denak elkartu dira, helburu berbera buruan: lan hitzarmenak defendatzea. Horien alde egiteko, urriaren 18an hasi zuten mobilizazio kanpaina. EITBko langile batzorde eta sindikatu guztiak batu dira protesta ekintzetara. Herenegun, EITBko Bilboko egoitzan atera ziren kalera. Mobilizazioekin jarraitzeko asmoa dute; asteartean, Gasteizko egoitzan bilduko dira. 

«Zuzendaritzak ez du ultraaktibitatea bermatu nahi», dio Jon Otegi EITBko LABeko ordezkariak. Espainiako lan erreforma indarrean jarri aurretik, hurrengo lan hitzarmena adostu bitartean aurrekoak indarrean jarraitzen zuen, beste enpresa guztietan bezala. Horri deitzen zaio ultraaktibitatea. Gauzak aldatu dira orain. «Guk hauxe jakin nahi dugu: ea hitzarmen berria adostu bitartean aurrekoa indarrean mantentzeko asmoa duten». Orain arte ez dute baietzik jaso. EITBko langile batzorde eta sindikatu guztiek baldintza hori jarri dute lan hitzarmenak negoziatzen hasteko. «Hori bermatuta, prest gaude edozer gauza negoziatzen hasteko».

Zuzendaritza eta sindikatuen arteko harremanak hobetu egin dira azkenaldian, eta «zantzu onak» ikusi dituzte LABen. Hitzarmenak errespetatzeko prest egongo litzateke EITBko zuzendaritza. «Itxura ona du, baina ez gara fio», dio Otegik. Paper batean sinatuta ikusi nahi dute zuzendaritza prest dagoela hitzarmen berriak adostu bitartean aurrekoa indarrean mantentzeko. Mobilizazioekin jarraituko dute ziurtasun osoa izan arte. «Papertxoa ikusi arte». Herenegun zuzendaritzaren gutuna jaso zuten, baina ez esperotakoa. «Kontu bera, baina beste hitz batzuekin. Ez dute ziurtatzen aurreko lan hitzarmena errespetatuko dutela».

EITBko zuzendaritzarekin harremanetan jartzen saiatu da BERRIA, baina ez dute gaiaren inguruko adierazpenik egin nahi izan. 

Erabilitako terminologia tentu handiz aukeratu behar delakoan dago Otegi. «Negoziatu bitartean ez, hitzarmen berri bat sinatu artean aurreko lan hitzarmenak indarrean jarraitzea nahi dugu. Bestela, negoziazioak apurtuko balira, akabo lan hitzarmena». Zuzendaritzak ultraaktibitatea bermatuz gero, grebara deitzea baztertuko lukete langileen ordezkariek. «Ultraaktibikatea errespetatzen badute, borroka egutegi hau desegingo dugu. Gero hitzarmenaren negoziazioak etorriko lirateke».

Greba arriskua

Erantzunik jaso ezean, langile batzordeek ez dute baztertzen lanuzteak edo bestelako ekinbideak egitea. «Jendea nahiko haserre dago». Langile ordezkariek ekainean eduki zuten azken bilera zuzendaritzarekin, eta, baiezkorik jaso ez zutenez, «apurtutzat» eman zituzten negoziazioak. Irratiko ordezkariek irailean eduki zuten azken bilera. «Erantzun bera jaso zuten».

Maite Iturbe EITBko zuzendariak urriaren 30ean eginiko kontrol batzordean lan hitzarmenak negoziatzeko prest agertu zen. Zuzendariak azaldu zuenez, haien asmoa ez da lan erreforma «ezartzea».

LABek, ordea, uste du lan erreforma de facto ezarri dutela. Besteak beste, zuzendaritzarekin adostu zuten langile bat hil edo erretiroa hartuz gero beste postu bat lehiaketara ateratzea. Azken bi-hiru urteetan horrelako hamazazpi kasu egon dira EITBn. «Esan digute ez dutela lehiaketa publikorik ateratzeko asmorik». Horren inguruko epaiketa egingo dute hilaren 26an, asteartearekin, Bilbon. «Zuzendaritzaren borondatearen isla ematen du horrek». Epaitegiaren aurrean kontzentrazioa egingo dute epaiketaren aurretik. Arratsaldean, EITBren administrazio kontseiluaren bileraren harira, Bilboko egoitza aurrean bilduko dira protesta egiteko.

ADRIAN GARCIA - BERRIA 2013.11.16