Hemen zaude

LAB-EITB, komunikabide publikoaren Gizarte Erantzukizunaren 2011 eta 2012ko Txostenaz

Aste honetan bertan EITBren webgunean AENOR enpresaren aurrean paternalista kutsua duen “Gizarte Erantzukizunaren” egiaztapena lortu izanaren albistea irakurri ahal izan dugu, eta halakorik zegoenaren berri orduan eta modu horretantxe eduki dugu. Kutsu paternalista duela diogu, izan ere oso berria den kontzeptu hau enpresetan atzeko ateren batetik sartzen ari dela dirudielako, eta lan harremanak honetan oinarritzeko asmoren bat dagoenaren susmoa dugulako. Hau da, langileen edo jendarte ordezkariekin baino, ematen duela enpresariek eta administrazioek eurek antolatutako lan (edo kafe) taldeen bidez bideratu nahi dituztela harremanak.

Nolabait adierazteko sei dimentsio azpimarratzen ditu EITBk saritzat jotzen duen egiaztapen horren maila gorena 2007tik jasotzen ibili izana, Ortuzar eta Surioren taldeen kudeaketa ereduak sarituz. LABen EITBko atal sindikalak bere harridura adierazi nahi du, edo bestela ere, AENORen egiaztapen horrek balio eskasa duela ohartarazi nahi du, labur.

Lehen “dimentsio” gisa «Euskadi munduan» du izenburu, Internetaren balioa azpimarratuz. Eginkizun horretarako EITBNET sortu zen hain zuzen ere, eta enpresa publiko honen ibilera ez da batere txukuna izan. Azpikontrata sarea sortu zuen Andoni Ortuzar eta Juan Diegoren EITBk, eta ilunkeria eta prekarietatea izan dira beste bi ezaugarri nagusiak, “nazioartekotzeaz” gain. Ez dakigu zer esango duen 2013ko txostenak, hain zuzen ere EITBk Internetari eta nazioartekotzeari garrantzia guztia kendu dionean, egitasmorik baldin bazen ezerezera eramaten ari denean. “Euskadi” kontzeptuari lurraldetasunari dimentsioa zabaltzen zion frantsesezko bertsioa, eta “nazioartekotzea” ahalbideratzen duen ingelesezkoa ere hutsean utzi ditu. M4F kontratako langileek eta langile ohiek ederki asko ezagutzen dute EITB-Internetaren ibilbide latza, eta EITBNETeko langileekin batera dira hain zuzen ere proiektua babesten ari direnak, zuzendaritzaren jokabidearen gainetik.

Laugarren “dimentsioa” hitzez hitz osorik jasoko dugu: «Pertsonak. EiTBk bere langileen artean lan bizitza famili zereginarekin uztartzeko modua eta garapen profesionala sustatu behar zituela adierazi zen, gaitasunean eta enplegagarritasunean inbertituz». Gizarte Erantzukizuna delakoak legea betetze hutsa baino, jokabidea harago doala adierazten omen du wikipediaren arabera. Atal honetan luze eta zabal aritu gintezke, baina lege edota jokabide etikoen hauste zerrendatze labur eta azkar bati ekingo diogu:

  • Greba kasuetan epaitegiek behin eta berriz eskubide sindikalak haustea ebatsi izan dute, eta greba eskubideak urratzen jarraitzen dute grebarik greba.
  • Ikuskaritzak 80tik gora lanpostu legez kanpokotzat jo zituen, eta ondorioz postu horiek kontratu mugagabeekin betetzen ari dira. Oraindik ere zuzendaritza ez da gauza izan postu horiek deialdi publikora ateratzeko sindikatuokin adosteko. Ikusteko dago ere arestian aipatutako M4Fko hainbat langileek jarritako salaketak emango duena, langileak legez kanpo lagatzeagatik, baina antzeko emaitzarekin amaituko duela dirudi.
  • 2000 urtearen bueltan zuzendaritzak sortutako kudeatzaileen sistemak organigrama ikaragarri puztu zuen. Horretaz gain, hainbat zuzendari eta kudeatzaileri kontratu mugagabea egin zitzaien, inolako deialdi publikorik igaro gabe. Arazoak bertan dirau, izan ere postu horiei izena aldatu besterik ez baitzaie egin, eta organigrama argaldu dela diote.
  • Lan hitzarmenetan erretiro edo heriotzagatik hutsik gelditzen diren postuak kontraturen batekin betetzeko konpromisoa dago, eta ez dutela beteko diote. Epaitegietan dago gaia.
  • 2010etik hona behin-behineko langileen kontratazioa, antza “enplegagarritasuna” deitzen dutena alegia %10era jaitsi da, 2010ean zegoen behin-behinekotasunaren %10era.
  • EITBNETek oraindik ez du lan hitzarmenik. Indarrean dauden ETB eta EIko lan hitzarmenen negoziazioak etenda ditu zuzendaritzak. Madrilgo lan erreformak eskaintzen dituen aukerak baliatuz, zuzendaritzak ez ditu hitzarmenen indarraldiak bermatu nahi, berriak adostu artean.
  • “Lana eta familia uztartzea” delakoaren inguruan, behin eta berriz epaitegira jo behar izan dute hainbat langilek, eta oraindik ere trabak jartzen jarraitzen du zuzendaritzak.
  • Aukera berdintasun planek eta hauek garatzeko batzordeek Taldearen enpresetan sortu gabe jarraitzen dute, paternalismoz kudeatzen ari direlarik.
  • Euskara planak adostuta egonda ere, oraindik ez dira abiatu.

Ez dakigu txosten hauek nori zuzenduta egiten diren, ez behintzat langileei zuzenduta, errealitatea ederki asko ezagutzen baitugu eta ezin zaigu hain erraz ziria sartu. Halako marketin kanpainetan gastatzeko bada dirurik.

2013ko urriaren 16an