Hemen zaude

GARA: Pirritx eta Porrotx pailazoek programazioan tokirik ez izateko eskatu dio Urquijok EITBri

Gobernu espainolaren EAEko ordezkariak, Carlos Urquijok, Maite Iturbe EITBko zuzendari orokorrari eskatu dio Pirritx eta Porrotx pailazoak protagonista dituen tarterik ez dezala sartu programazioan.

Pirritx eta Porrotx pailazoen «agerraldi publiko eta mediatikoak ETA erakunde terroristako presoei babesa eskaintzean oinarritzen diren bitartean», EITBko programazioan inolako tarterik ez eskaintzeko eskatu dio Carlos Urquijok, Gobernu espainolaren EAEko ordezkariak, Maite Iturbe EITBko zuzendari orokorrari.

Urquijoren idatzia hainbat komunikabidetan agertutako informazioaren ondotik dator. Bertan aurreratzen zutenez, denboraldi honetako programazioan tarte bat izango lukete Pirritx eta Porrotxek ETB3 telebista katean, orain arte sekula izan ez dutena.

Estatu espainolaren ordezkariaren esanetan, «bikote itxuraz komikoa osatzen duten pertsonak Lasarte-Oriako zinegotziak izan ziren, ETA erakunde terroristarekin izandako loturagatik ilegalizatutako alderdi politiko batekin». Urquijok gaineratzen duenez, Aiora Zulaikak (Pirritx), «ETAk Froilan Elespe zinegotzi sozialista hil zuenean, uko egin zion espresuki kondenatzeari».

Urquijoren ustetan, «aipatutako programa hori diru publikoarekin finantzatzen den telebista batean emititzeak urratu egingo luke Gasteizko Legebiltzarraren 4/2008 Legea, ekainaren 19koa, terrorismoaren biktimen errekonozimendu eta erreparazioari, baita irailaren 22ko 29/2011 Legea ere, terrorismoaren biktimen errekonozimendu eta babes osoari buruzkoa, programaren hartzaileak diren adin txikikoei kalte konponezinak eraginez».

«Errealitate distortsionatua»
Hein horretan, Urquijoren idatziak gaineratzen du pailazoek zabaltzen eta sinbolizatzen duten mezua Euskal Herrian «terrorismoak eta bere eragileek» izan duten lekuari buruzko «errealitate distortsionatu, partzial eta zital» bati dagokiola, «argi eta garbi biktimen duintasunari eta gure memoria historikoari kalte eginez».

Maite Iturberi zuzendutako idatzia Iñigo Lamarca Arartekoari bidali dio Carlos Urquijok, «beste zenbait zereginen artean, adin txikikoen eskubideen babeserako erakundea izanik, jakinaren gainean izan dadin eta hartu beharreko neurriak har ditzan», Gobernu espainolak EAEn duen ordezkaritzakoek azaldu zutenez.

GARA 2013.09.13

Urquijok EiTBri esan dio Pirritx eta Porrotxen saiorik ez emateko

«Kalte konponezinak» jasan ditzakete umeek, Espainiako Gobernuaren ordezkariaren ustez

Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak Maite Iturbe EITBko zuzendariari eskatu dio irrati eta telebista kate publikoak ez dezala Pirritx eta Porrotx pailazoen saiorik eskaini. Pailazoek «ETA erakunde terroristako presoak» babesten dituztela argudiatu du eskaera hori egiteko.

Ohar baten bidez jakinarazi du eskaria Urquijok. Gainera, Iñigo Lamarca EAEko arartekoari ere bidali dio eskearen kopia bat, «haurren eskubideen defentsan» hark ere auzian esku hartu behar duela uste baitu. Izan ere, Urkijoren iritziz, «kalte konponezinak» eragin diezazkiekete pailazoek umeei; «bikote horren mezuak errealitate partziala, desitxuratua eta zitala» irudikatzen duela uste du.

Eskari bera egin zuen herenegun Covite elkarteak. Consuelo Ordoñez elkarteko presidenteak adierazi zuen pailazoek «beren irudia» erabiltzen dutela txikienak «posizio sektario eta lerratua» duten aldarrikapen politikoekin «intoxikatzeko». Gaineratu zuen pailazo horiek ez dutela «oztoporik azaltzen umeen zaurgarritasunaz aprobetxatu eta ETA erakundea eta bere ingurua biktimatzat jotzeko».

BERRIA 2013.09.13