Hemen zaude

BERRIA: Espainiako Gobernuak dio legea betetzen duela Iruñeko hedagailuarekin

 

Euskarazko telebista publikoa ikusteko nafarren eskubidea defendatu du Amaiurreko diputatu Rafa Larreinak
 
ETB Iruñerrian ikusteko hedagailuaren auzia Auzitegi Nazionalera eramatearen alde egin du Fatima Bañez Espainiako Lan eta Gizarte Segurantzako ministroak. «Hori administrazioarekiko auzietako auzitegiei bakarrik dagokio, eta Espainiako Gobernuaren borondatea da indarrean dagoen legedia beti betetzea», azaldu du Bañezek. Industria Ministerioak urtarrilean Nafarroako Gobernuaren salaketa bat jaso zuen, «Legez kanpoko LTDko emisio bat zegoela Iruñerrian». Hori ikusirik, seinalea itzali eta hedagailua zigilatu zuten. «Orain afera legearen arabera erabakiko da», azpimarratu zuen atzo ministroak. 

 
Amaiurreko diputatu Rafa Larreinak salatu du euskal gaiak Auzitegi Nazionalera eramateak beste konnotazio batzuk izan ohi dituela. «Tamalgarria da gobernua kontu hauekin entretenitzea, egungo langabezia datuak eta arrisku saria nora iritsi diren ikusita». Amaiurreko ordezkariak nafarren eskubidea defendatu du euskarazko telebista publikoa ikusteko. Halaber, gobernuari leporatu dio euskal subiranismoarekin harremana duen guztia kriminalizatzen saiatzea. Teletarota legez kanpokoa da, eta eusten diotela jarri du adibidetzat.
 
BERRIA 2012.05.31