Hemen zaude

BERRIA: 'Sautrela' apirilaren 8an amaituko da, 12 urtean 351 atal egin ostean

Udazkenean ez zuten saiorik egin, eta ETBk adierazi du 2012. urtean bakarrik 13 atal egiteko dirua dagoela


Euskal literatura espazio propiorik gabe geldituko da ETBn apirilaren 8tik aurrera. Egun horretan emango baituteSautrela-ren 351. eta azken atala. Hasier Etxeberria zuzendari eta aurkezleak Twitterren ziurtatu zuen atzo albistea. Iazko udazkenean ez zuten saioa egin diru faltagatik, nahiz eta hori izaten den euskarazko liburu gehien argitaratzen den sasoia. Eta aurten soilik 13 atal egingo dituzte. «Oraingoz, ez dugu uste hiru hilabete hauek baino harantzago joango garenik», azaldu zion Etxeberriak BERRIAri, urtarrilaren 21ean argitaratutako elkarrizketan. Saioa kentzeko ETBk hartu duen erabakia dela-eta, Sautrela-ko lantaldeak ez du balorazio gehiago egin nahi. Saioaren ondare osoa Interneten jartzeko proposatuko dio taldeak ETBri, «ondo indexatuta».


Joselu Blanco ETBko programazio buruak, aldiz, honako hau erantzun die Hitzen Uberan webguneko kideei: «2012an 13 atal ekoitziko ditugu. Ez gehiago. Baina horrek ez du esan nahi 2013an Sautrela-ren atal gehiago egingo ez denik». Beste saio batzuekin ETBko arduradunek itzultzeko aukeraz hitz egin izan dute amaitu direnean, esate baterako, Balbemendi telesaila eta Beste gu elkarrizketa saioa. Baina ez dira itzuli. Aurten 13 atal bakarrik egitearen arrazoia ekonomikoa baino ez dela dio ETBko programazio buruak: «Nik uste dut hori dela arrazoi bakarra. Ekonomikoa. Ez dago beste arrazoirik. Horrelako saioak ez dira audientziaren arabera neurtzen. Audientzia txikia dute, eta zaila da publiko zabal batera heltzea».

Arrazoia ekonomikoa dela dio ETBk, baina kontuan hartu behar da Sautrela dela saio merkeenetakoa. ETBko lauzpabost langile daude lantaldean, eta horiek ETBn lanean jarraituko dute. Orio Produkzioak ekoizpen etxearen eskutik, beste bi erredaktore daude: Lander Garro eta Garazi Kamio. Biak kalera joango dira apirilean. Eta lantaldea desegin ostean, zaila dirudi handik urtebetera ETBk programa berriro martxan jar dezakeenik. 

Hitzen Uberan literatur webguneak argitaratu duen artikuluak dioenez, ETBn ez dute alboratu Sautrela-rekin paraleloan joan daitekeen bestelako literatura saiorik. «Aztertzen ari diren kontua dela ulertu dugu», amaitzen da artikulua. 

Martin Ibarbiaren proiektua

«Sautrela, azkenean literatur saio bat Euskal Telebistan». Titulu hori argitaratu zuen Euskaldunon Egunkaria-k 2000. urteko apirilaren 7an. Martin Ibarbiak proposatutako proiektua zen literatur saioa. Bernardo Atxagari Espainiako telebista kate batzuetan literatur saioren bat egitea proposatu zioten garai hartan, baina berak euskaraz egin nahi zuela azaldu zion Ibarbiari. 2000ko udaberri hartan hasi zen Hasier Etxeberria euskal idazleak elkarrizketatzen. Bernardo Atxaga zen programako aholkularia (hala aritu zen hiruzpalau urtez). Eta Koaderno handia atalean, Iban Zalduak, Gerardo Markuletak eta Juan Luis Zabalak liburu bat aztertzen zuten. 

Miel Anjel Elustondo eta Kirmen Uribe ziren orduko erredaktore edo gidoilariak. Gerora honako lagun hauek izan dira erredaktore: Oskar Alegria, Esti Ezkerra, Edorta Jimenez, Felipe Juaristi, Urtzi Urrutikoetxea, Xabier Gantzarain, Jon Benito, Eider Rodriguez, Jon Artano eta Alaia Martin. Aurreneko errealizadorea Iker Trebiño izan zen. Ondoren heldu ziren Maialen Sarasua, Guille Sanchez eta Koldo Gutierrez. Hasier Etxeberria eta Juantxo Sardon kameraria dira saioaren hasieratik mantendu diren bakarrak. 

Urteotan, halaber, dozenaka idazlek literaturako perlak irakurri dituzte. Aurten Arantxa Iturbe ari da zeregin horretan.

URTZI URKIZU - berria 2012.02.17

http://paperekoa.berria.info/agenda/2012-02-17/028/002/sautrela_apirilaren_8an_amaituko_da_12_urtean_351_atal_egin_ostean.htm