Hemen zaude

Edorta Arana: “Golpez ala bapez”

 

 

Egun gutxiko gora beheran, irrakurri ditut Goienan Euskal Telebistari buruzko Erramun Turutarenaren artikulua, Sustatun eta Berrian Jesus Egigurenen hitzei buruzko aipamenak eta, azkenean, Hitzetik Hortzera ETB1en eta Nahieran aipatutako elkarrizketa ikusteko aukera izan dut.
 
Ez da gaur-gaurko kontua, baina itxura guztien arabera indar berrituta datorkigu EITBren hizkuntza politikaren gaineko eztabaida.
Egunkariko izenburu gisa ona da Berriak dakarren “Gaztelaniazko kateak itxi beharko lituzke EITBk” eta, bide batez, aitortu beharra diogu Egigureni titularrak eskaintzeko daukan abilezia. Baina, eztabaidak ur zabalagoetara eta sakonagoetara eramaten gaitu berehalaxe.

Kontua ez da-eta kanalak ixtea baizik eta beraien artean indarrak batzea eta norabide beretsuan jartzea, bereziki informazio/komunikazio tresna gisa baliagarriak izan daitezen eta euskara eta euskal kulturaren suspertze lana bete dezaten.
 
Hizkuntzaren erabilerari dagokionez, agortuta dago eredu dikotomikoa: ETB1 euskaraz eta ETB2 gazteleraz eta, bi nagusi hauen periferia tematikoan, ETB3 eta ETB K ala Canal Vasco. Izan ere, EiTBk ez du eredu integratzaile bat eskaintzen non euskara edota, trantzisio garai batean, elebidunak izan daitezkeen kanalen, irrati emandegien zein online zerbitzuen edukiak euskararen presentzia, legitimitate soziala eta erabilera bultzatzen duen.
 
Krisi ekonomikoak, ikus-entzuleen urruntasunak eta  EiTBren aginte postuetan duela ia hiru urte eman ziren aldaketek areagotu egin dute irrati-telebista publikoaren inguruko eztabaida zabal, pausatu eta serioa egin beharra.
 
Esango nuke nik zerbitzu publikoa, profesionaltasuna, euskara eta edukien gertutasuna eta erreferentzialtasun informatiboa izan beharko liratekeela etorkizuneko ereduaren oinarriak. Eta ez, hauetariko bakoitzak beretik tira eginez, modu integratuan guztiak norabide berean jarriz.
 
Kontraesankorra badirudi ere, digitalizazioak kanal kopuruaren biderketa ekarri du eta, aldi berean, eskaintzaren homogeneizazioa. Euskarak irrati-telebista eta online zerbitzuen panorama zabal honetan sekulako marka indarra du eta hori aprobetxatu beharra dute hemengo komunikabide publikoek. Baina gainera, hezkuntza sistemaren ibilbide luze eta arrakastatsuarekin  bat eginez, euskararen ezagutza eta erabilera sustatu behar dute. Modu entretenigarri, berritzaile, parte hartzaile eta ausartean.
 
HAMAIKA IKUS-ENTZUTEKO JAIOAK
Edorta Aranaren bloga