Hemen zaude

ETBko Zentroarteko Batzordearen oharra, zuzendaritzarekin bildu ondoren

Zentroarteko Komitea eta ETBko zuzendaritzaren arteko bilera izan zen irailaren 30ean. Langileen ordezkariek eskatutako bilera izan zen, gai hauetaz hitz egiteko:

· Hitzarmenaren negoziazioa
· Miramongo egoera (lan karga)
· Lan poltsaren akordioaren sinadura
· Bilborako trasladoaren akordioaren urraketa

Hitzarmenaren negoziazioari dagokionez, zuzendaritzak adierazi zigun gaur egungo egoera ekonomikoa dela eta, ezin duela soldaten igoerarik onartu. Era berean, izan dugun soldaten jaitsiera mantenduko dutela gaineratu zigun.

Miramongo egoerari buruz hitz egiterakoan, komiteak esternalizazioen aurka jo zuen, Miramongo langile eta instalazioak ez direla ganoraz aprobetxatzen adieraziz. ETBko zuzendariak, adarra jo nahian antza, Miramongo esternalizazioa prozesua ez dela azken urteetan asmatutako zerbait izan erantzun zigun, eta aurreko zuzendaritzei ez geniela kritika bera egin gaineratu zuen. Ez zuela inolako kritikarik publikoki ikusi ere entzun behar izan zitzaion. Idigoras jaunak argi erakutsi zuen bere utzikeria eta ezjakintasuna gai honetan ere. ETBko langileok gogoan dugu aurreko zuzendaritzak esternalizazio prozesua bultzatu zuenean, jokabide horren kontra grebara jo genuela. Oraindik ETBko zuzendaria den Idigorasek , planteatutako gaia eztabaidatu beharrean, bere buruan dituen mamuak, hau da, denak beraien aurka daude demokrata konstituzionalistak direlako diskurtsoarekin jarraitzen du. Ikuslegoa, audientzia behera badoa, nazionalisten boikotaren eragina da, eta ez Euskal Herri birtuala , PSOE-PPren gehiengo trileroak ezarri duena Gasteizko Legebiltzarrean, gehiengo sozialtzat hartu izanak nahiz eta nabarmena izan Herri honetako gutxiengoa direla.

Bilborako trasladoaren kalte-ordainetarako milioi bateko fondoa amaitu dela eta, zuzendaritzak alde bakarrez zera erabaki du, bai Miramonen lan egiten duten langileen presentziaren proportzioa zein Iurretatik 10 Km inguruan bizi zirenei ematen zaien jantokiaren aparteko subentzioa amaitutzat ere ematea. Zuzendaritzaren kritika entzun behar izan du Langile Batzordeak PRECOra jo izanagatik aurretik haiekin hitz egin gabe. Akordioa urratzeaz gain, gezurretan berriro ere.

LAN POLTSA

Aspaldiko kontua da, eta bazirudien Zuzendaritza honek akordioa itxi nahi zuela. Hilabete luzez negoziatzen aritu ondoren, LAB, ELA eta KLBk testua adostu zuten zuzendaritzarekin. Akordioa sinatzea besterik ez da falta, eta horretarako konpromisoa ere hartuta zegoen. Harrituta geratu ginen zuzendaritzak emandako azken erantzunarekin bileran. Arrazoi bi aipatu zituen Lan Poltsako akordioa ez sinatzeko. Lehena, adostasun sindikalik ez dagoela CCOOk sinatuko ez duelako. Antza denez, ETBko zuzendaritzak ez du ontzat ematen langileen ordezkarien %93arekin adostutakoa. Harrigarria benetan edo lotsagarria.

Beste arrazoia, Lan Poltsa hitzarmen berriaren negoziazioaren barnean sartu nahi dutela da. Gogoratu behar dugu 2003ko lan hitzarmenean onartu zela Lan Poltsa, eta zortzi urte behar izan ditugula Lan Poltsa finkatuko duen arautegia adosteko.

Hori bai, Zuzendaritzak dio adostutakoa indarrean jarriko duela, baina ez du nahi langileen ordezkarien Lan Poltsaren erabilera fiskalizatzeko aukera izaterik, ez digute eta lan poltsako zerrendak eman nahi, akordioa sinatu gabe dagoelako.

Amaitzeko, onartu behar dugu ETBko Zuzendaritza marxista dela, hau da Marx anaien jarraitzaile direla.

Euskal Herrian, 2011ko urriaren 6an

ETBko zentroarteko Komitea