Hemen zaude

M.Soto: «Bobby»-ak eta boboak EITBn

Albert Sanchez Piñol idazle katalanak behin umorez bota zidan: «Hemen jendeak uste du europarra izatea, besterik gabe, BMWa edukitzea dela». Bere ustez, aldiz, beste zerbaitetan datza europartasuna. Pasadizo sinple bezain argigarri batez janzten zuen bere iritzia. «Larrua hotz» liburua alemanera itzuli zutenean, hango argitaletxeak promozio bira egin zezan gonbidatu zuen. Berlingo saio jendetsua amaitu eta probintzietara eraman zuten lana aurkeztera: Donostia baino txikiagoa zen hiri bateko antzokian egin zuen lehen hitzaldia. Eraikinaren tamaina ikusita, gelaxkaren batean izanen zela pentsatu zuen, baina, ordua heldutakoan, puntualtasun germanikoz, aretoa teutoi jakin-gosez bete zen. Ekitaldi elebidun xumea amaitutakoan, liburua erosteko ilara egiteari ekin zioten entzuleek -funtzionamendu germanikoz hori ere-. Orduan, editore alemanak, desenkusaka, honakoa azaldu zion: «Hemen oraindik ezezaguna zarenez, deskontua egin behar izan dugu». Albertek, pentsamolde katalan petoarekin, hurrengoa galdetu zion: «A, liburua merkeago saltzen duzue?». Editoreak, harrituta, bere hitzak argitu zizkion: «Liburua? Ez, noski, aurkezpenerako sarrera jarri dugu merkeago». Horixe, europarrak izatea.

Europako herririk zaharrenean, zoritxarrez, europarrak izatearen ideia aski espainola daukagu. Eta igarri egiten zaigu, nahi eta nahi ez: batzuei beste batzuei baino gehiago, egia esan. Gure instituzio publikoak dira horren erakusgarri: Espainiako Konstituzio sakratutik eratorriak izateak izanen du zerikusirik, baina, hala ere, gure agintari autonomikoek imajinazio gutxi izan zuten, adibidez, telebista publikoa edo unibertsitatea martxan jartzeko orduan. Espainiaren irudi eta antzera egin zituzten biak ala biak.

Anglosaxoi edo eskandinaviarrak nahiko genuke izan, baina errealitatea egoskorra da. Aipatu bi adibideen anaia nagusia Ertzaintza da. Duela urte mordoa -Pleistozenoan, esango nuke- EAJko buruek zioten ertzainak bobby ingelesen antzekoak izanen zirela. Bada, dinosauroen arotik hona, torturen, pilotakaden, tiroen eta abarren bidez, hildako eta zauritu parrastada ederra utzi dute gure bobby partikularrek. Pleistozenoan bertan, herri honen berreuskalduntzean telebista eta irrati publikoak puntako tresna izanen zirela esan ziguten politikari berberek. Eta, bitxia da, urtea joan urtea etorri, berton euskaraz egiten duten ia bakarrak gure benetako bobbyak dira; «Goenkale» telesaileko ertzainak.

Egun, telebista publikoa sutan omen dago, Idigoras zuzendariaren beraren hitzetan. «Deia» egunkarian, EITBren foiletoia atalka ematen duen panfleto sutsu horretan, irakurri duguna egia bada, bai, sutan dago telebista. Azken atala: behin-behineko erredakzio taldeak oharra atera du zuzendaritzaren esku-hartzeak salatzeko eta bi erredaktoreren kontrako espediente mehatxua arbuiatzeko. Gertakizun hutsetik urrundu eta erredakzio talde hori... zer da? Ba, BBC telebista publiko ingelesa oinarri duen erakundea, hainbeste presio jasaten duten kazetariek lana deontologiaz eta irizpide profesionalei jarraiki egin dezatela bermatzeko helburua duena. Helburu desiragarria, inondik ere. Zergatik den behin-behinekoa ETBko erredakzio taldea? Azken 30 urteotan EAJk zuzendu dituen gure komunikabide publikoetan ez delako halakorik sortu (ezta plaza finkorik ere Nafarroako berriemailetzan, PSE-PP gobernuaren mende utziz horren jarraikortasuna, to!). Besteak beste, horrela azal liteke ezker abertzaleak berton jasan duen eta jasaten duen zentsura. Erredakzio talde baten begirada soilik ez, apartheid informatibo horrek ez luke pasatuko ezta «El País» egunkariak berak ere erabiltzen ez duen bere estilo liburuaren galbahea ere.

Beste batzuek landatu zituzten egun EITBk bizi duen sutea pizteko behar ziren enborrak. Atsotitzak dioen bezala, gaiztoagoak hobea egingo hau. Eta gaiztoagoek zein hobeek argi baino argiago daukate agenda europarra: autoa alemana, jantzia italiarra, sukaldaria euskalduna eta unibertsitatea, telebista, polizia eta demokrazia, espainolak.

Mikel Soto - GAUR8.info
http://www.gaur8.info/edukiak/20101112/231768/Bobby-ak--eta-boboak-EITBn