Hemen zaude

GARA: EITBko aginte karguak aldatzen jarraitzen du Suriok eta langileen kexei erantzunik eman gabe

Felipe Juaristi astelehenean hasiko da Euskadi Irratiko zuzendari karguan. Karmele Aranburu kazetariak, berriz, albistegiak eta bestelako saioak koordinatuko ditu. ETBk ere politika arduradun berria du.

Zuzendaritzan eta aginte karguetan aldaketak etengabeak diren bitartean, EITBko langileek euren egoeraren eta, orokorrean, programazioaren ahultzea salatu dituzte. Alberto Surio eta bere lantaldeak EITBren zuzendaritza hartu zuenetik, hamabost hilabeteko epean Euskadi Irratian bigarren aldiz aldatu dute zuzendaria. Felipe Juaristik astelehenean ekingo dio kargu berriari. Idazle, irakasle eta artikulugilea da eta Euskadi saria eskuratu zuen 1998an. Poesia obra ugari argitaratu ditu, baina irratian ez du eskarmenturik.

Orain arte zuzendari lanetan aritu dena, Rosa Diez Urrestarazu, berriz, aurrerantzean ETB1eko edukien arduradun izango da eta, bestalde, Karmele Aranburu kazetariak, Herri Irratian urtetan aritutakoak, Euskadi Irratiko albistegiak eta programazioa koordinatuko ditu. Martxoa bukaeran, Aurkene Iturriozek kargua utzi ondoren -Jose Ignazio Munilla gotzainaren komunikazio arduradun ari da geroztik-, Kristina Zorita da Euskadi Irratiko albistegietako buru eta, beraz, postu horren gainetik arituko da Aranburu.

Atzo iragarritako beste karguetako bat Juan Carlos Viloriarena da. Surio zuzendaritzara iritsi zenetik desadostasun ugarirengatik hutsik egon den postua hartuko du, ETBko politika saileko arduradun kargua, hain zuzen. Viloria Vocento taldeko koordinatzaile editoriala izan da orain arte.

Atzo, Felipe Juaristi ofizialki Euskadi Irratiko zuzendari berri izendatu zuten egun berean, bertako LABek agiri bat aurkeztu zuen, hasi berri duten denboraldiaren gainekoa. «Zuzendaritzaren betekizun eta ardura da irrati-programazioari forma ematea. Hori hala izanik, LABek salatu nahi du zenbait ordu-mugatan izan diren aldaketak. Goizeko informatiboetan, kirol-irratsaioetan, arratsaldeko franjan... gorputz osoaren ahultzea dakarten zantzuak ikusten ditugu, egoera ekonomiko makurra aitzakia hartuta», esan zuten.

Bestalde, ahultze horren arrazoien artean, lan hitzarmenaren urraketa «agerikoak» nabarmendu zituen LABek. «Ordezkotzarik egin gabe langileen borondate onari esker atera da askotan produktua aurrera eta gero salbuespeneko egoera hori betikotzen saiatu da zuzendaritza».

Gatazkaren alboratzea

Ildo politikoari dagokionez, «Euskal Herrian gatazka politikoa dagoela erakusten duten albisteek» EITBn eta, beraz, Euskadi Irratian ere jasaten duten bazterketa ere salatzen du LABek.

«Prentsaurrekoetara joaten gara, ahots korte batzuk sartzen ditugu, baina elkarrizketarik eta antzekorik ezta pentsatu ere. Tertuliakide eta iritzi emaileen proportzioa ikusita ere, garbi dago ezker abertzalearen inguruak presentzia galdu duela. Gure ustez, ezker abertzaleak badu zer esanik momentu honetan eta horretarako aukerak lantzen saiatuko gara aurrerantzean ere», gaineratu zuten.

Bestalde, Lan Ikuskaritzak erabakita, aurreko zuzendaritzarekin nagusitutako merkataritzakontratuak orain lan kontratu bidez betetzeko prozesuan daudela gogorarazi zuten. «Prozesu honetan eta krisia aitzakiatzat hartuta, ordezkatzerik ez da egiten eta Lan Poltsan dauden pertsonak, urtetan programazioari eusteko ezinbestekoak izan direnak, apenas aukerarik gabe gelditu dira lanerako».

Hala ere, kasu batzuetan lan kontratu horien egoera «berezia» dela esan zuten. «%80 edo %90eko kontratuak dituzte, taldeko beste irratietan ez bezala. Horren zergatiak eskatuta, EITBko Zuzendaritza Nagusiak lotsa gutxirekin aurpegiratu digu Euskadi Irratiak ez duela beste irratiek bezalako errendimendu publizitariorik», salatu zuten.

GARA | 2010.09.29
http://www.gara.net/paperezkoa/20100929/223462/eu/EITBko-aginte-karguak-...

LAB: «Aldaketa politikoaren bidean ematen ari den prozesuak ez du benetako tokia EITBn»

Euskadi Irratiko LABek irratiaren ildo politikoa kritikatu zuen atzo prentsa ohar bidez: «Euskal Herrian aldaketa politikoaren bidean izaten ari den prozesuak, gure ustez, ez du benetako tokia ez EITBn ezta Euskadi Irratian ere. Euskal Herrian gatazka politikoa dagoela erakusten duten albisteei ahalik eta oihartzun gutxien ematen saiatzen da zuzendaritza». LABetik diote tertuliakide eta iritzi emaileen proportzioa ikusita, garbi dagoela ezker abertzalearen inguruak presentzia galdu duela. «Gure ustez, ezker abertzaleak badu zer esanik momentu honetan, eta horretarako aukerak lantzen saiatuko gara aurrerantzean ere». Kontuan hartu behar da Batasuneko ordezkariei elkarrizketak ez egiteko agindua duela EITBko zuzendaritzak.

Programazio aldaketen inguruan ere bere gogoeta egin du LAB sindikatuak: «Salatu nahi dugu zenbait ordu mugatan izan diren aldaketak: goizeko albistegian, kirol saioetan, arratsalde paran... gorputz osoaren ahultzea dakarten zantzuak ikusten ditugu, egoera ekonomiko makurra aitzakia hartuta».

Lan kontratuen aferan, aurreko zuzendaritzak bideratu zuen merkaturatzea lan arlora ekartzeko prozesuan daude orain. LABek salatu du «krisia aitzakitzat hartuta, orain ordezkatzerik ez dela egiten». «Lan Poltsan dauden pertsonak, urteetan programazioari eusteko ezinbestekoak izan direnak, ia aukerarik gabe gelditu dira lanerako». Lan kontratua egin zaien langile batzuen egoera ere berezia da: %80 edo %90eko kontratuak dituzte, taldeko beste irratietan ez bezala. Langileen lan baldintzak «kaxkartu» eta soldatak jaitsi egin dituztela nabarmendu du sindikatuak.

Aralar harrituta aldaketekin

Bestalde, Rosa Diez Urrestarazu Euskadi Irratiko zuzendaria ETB1eko edukien zuzendari izateko erabakiaren inguruan, Aralarrek «harridura» azaldu zuen duela egun batzuk. «Aralarren irudikoz, horrek adierazten du egonkortasun eza, zeinak EITB taldeari mesede barik kalte egiten dion. Ez da erraz ulertzen irratiko zuzendaria telebistaren edukien zuzendaritza postura eramatea, oraindik Euskadi Irratiak lan premia handia baitu eta ez baita erraz ulertzen etxe barruko profesional bat ipini ez izana».

Hamabost hilabeteko epean bigarrenez zuzendari aldaketa izan dutela ere nabarmendu du LAB sindikatu abertzaleak.

BERRIA 2010.09.29
http://paperekoa.berria.info/agenda/2010-09-29/029/001/euskadi_irratiko_...