Hemen zaude

Telelana orain! Mobilizazioak EITBn azaroan

Uztailean hasitako mobilizazio dinamikari jarraipena emanda, azaroan astero egingo ditugu elkarretaratzeak, Bilboko eta Miramongo egoitzetako atarietan, legez onartuta dagoen telelanean aritzeko eskubidea EITBn behingoz aplikatu dadila exijitzeko.

Badakizuenez, Eusko Jaurlaritzak 2023ko uztailean onartu zuen telelana lan modalitate gisa aitortzen duen lege-dekretua, eta egun, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako administrazio eta enpresa publiko askotan daukate aukera astean bi egunetan etxetik lan egiteko, Osakidetzan (administrazioan) eta Eusko Jaurlaritzaren Ogasun Sailean, adibidez.

EITBri dagokionez, sarritan salatu dugu: badira zenbait zuzendari ez dutenak lan modalitate horretan sinisten, eta legez dagokigun aukera hori gurean ez aplikatzeko estrategia darabilte, bilerak sine die atzeratuz edota balizko akordioak blokeatuz, aurreiritziak erabilita eta argudio objektiborik aurkeztu gabe.

Joan den uztailean bildu zen azkenekoz telelanaren aplikazioa adosteko negoziaketa mahaia. Ez zuen ezertarako balio izan, zenbait zuzendarik gure proposamena atzera bota baitzuten.

Bi urte baino gehiago pasatu dira telelanaren lege-dekretua onartu zenetik, eta bi urte geroago, EITBko langileok telelanean aritzeko aukerarik gabe jarraitzen dugu.

EITBko alor batzuetako zuzendari eta koordinatzaile jakin batzuek gai honekin erakusten duten jarrera blokeatzailearen aurrean, langileok mobilizazioen bidetik segitzea beste aukerarik ez dugu..

Gaur, astean bi egunez telelanean aritzeko legeak ematen digun aukera ukatzen digute, eta hori larria eta onartezina da. Baina okerrena da gai honekin EITBko zuzendaritzak erakutsi duela bihar-etzi beste edozein eskubide ukatzeko gai izango dela, baimen edo neurri hori tokian tokiko zuzendarien gustukoa ez bada, eta LABek ez du horrelako jarrera autoritariorik onartuko.

Horrenbestez, eta langileon eskubideak daudelako jokoan, azaroan deituko ditugun kontzentrazioetan parte hartzeko deia egiten dizuegu EITB osoko langile guztiei.