Duela aste batzuk deitu genituen asanbladetan azaldu genizuen bezala, hainbat negoziaketa mahai transbertsal dauzkagu une honetan irekita zuzendaritzarekin, horietako bat Telelana EITB Median lan modalitate berri gisa arautzeko helburuz sortutakoa.
Tristea da, baina 2025ean ari gara negoziatzen, Katalunian, adibidez, 2021etik jada indarrean dagoen araudi bat TV3n, Catalunya Radion eta arlo digitalean.
Maiatzeko azken astean egindako bileran, Telelanaren araudia lantzen amaitu genuen, behintzat, eta araudia adostuta geratu zen. Beraz, telelana indarrean jarri ahal izateko, hurrengo urratsa testu hori zentroartekoetan sinatzea litzateke. Araudi horretan zehaztuta dago, besteak beste, telelana nola egin, baliabideak zeintzuk izango diren edota eskabideen prozedura zein izango den.
Araudia itxita, EITB Mediako unitate guztietan lanpostu telelangarriak zein diren zehaztea falta da orain.
Enpresak helarazi digun zerrenda zentzugabea da LABen iritziz, objektibitaterik gabe egina eta errealitateari erantzuten ez diona: EITBNETi dagokion atala da larriena, EITB Mediako unitate digitala izan arren, ia langileen gehiengoari ukatu egiten baitzaio telelana egiteko aukera. Telebistaren eta Irratien kasuan ere akats nabarmenak aurkitu genituen, eta gure zuzenketak helarazi dizkiogu jada enpresari.
Ekainaren amaieran biltzekoak ginen berriz ere Telelanaren Mahai Transbertsalean, baina, atzeratu egin dute bilera, data berririk jarri gabe.
EITB Mediako zuzendaritzak mahai gainean jarri duen lehen zerrendak oso abiapuntu txarra ezarri dio negoziaketari. Nabarmen geratu da zuzendariek ez dutela telelana onartu nahi, legez erregulatu beharreko modalitate bat izan arren.
Halaber, ekaina amaierako bilera bertan behera utzita, eta hurrengo batzarrerako datarik jarri ez izanak, agerian uzten du, enegarrenez, zuzendaritzak ez duela inolako borondaterik telelana EITB Median indarrean jartzeko.
Ez dugu ahaztu behar 2022tik ari garela EITB Median telelana indarrean jartzeko akordio bat bilatu nahian, eta denbora tarte horretan zuzendaritzak hainbat aldiz blokeatu duela negoziaketa. Araudia bat adosteko lan egin eta prestutasunez aritu ondoren, zuzendaritzak aurkeztu duen lanpostu telelangarrien zerrenda, eta prozesua luzatu eta telelana ahal eta beranduen ezartzeko egiten ari diren guztia, irain bat da EITB Mediako langile guztiontzat eta negoziaketan parte hartzen aritu garen ordezkari sindikalontzat.
Horrenbestez, elkarrizketaren eta akordioaren bidez ezinezkoa bada, protesten bidez defendatuko ditugu legez aitortuta ditugun eta zuzendaritza honek ukatzen dizkigun eskubideak!
Gauzak horrela, EITB Mediako LABek elkarretaratzea deitu du ekainaren 12rako, 11:00etan, Bilboko zein Miramongo egoitzen atarietan.
Une erabakigarria da hau. Langileon batasunarekin eta indarrarekin bakarrik lortuko dugu errespeta gaitzaten!
Langileoi ERRESPETUA!
Telelana ORAIN!
EITB Mediako LAB