Hemen zaude

EITBko zuzendaritzak eitb.eus eta EITBren Sozial Media zuzendari izateko lan-eskaintzaren oinarriak manipulatu ditu

EITBko zuzendaritzak eitb.eus eta EITBren Sozial Media zuzendari izateko lan-eskaintzaren oinarriak manipulatu ditu, hautaketa prozesuan egindako urraketa ezkutatzeko asmoz

Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio omen du. Bada, hor duzue ezkerretan zeintzuk ziren eitb.eus-eko eta EITBren Sozial Media arloko zuzendari izateko ezinbesteko baldintzak 2025eko urtarrilaren 8an -EITBko lan eskaintzen atarian zegoen deialdian-, Nagore de los Rios, pertsona hautatua lanean hasi zenean. Euskaraz C1 maila izatea zen lehen baldintza.Alboan, berriz, zeintzuk agertzen diren orain, urtarrilaren 28an, zuzendari berriak euskaraz ez dakielako polemika lehertu eta gero. Jada itxita zegoen deialdi horretatik desagertu egin da C1 euskara eskakizuna. Nork kendu du? Zergatik? Zer ezkutatu nahi dute?

Abenduaren 17an jakinarazi zitzaigun langileon ordezkariei eta Administrazio Kontseiluari pertsona horren izendapena, euskaraz ez zekiela azalduz. Lanpostuaren hizkuntza eskakizuna betetzen ez zuela ikusita, gaitzespen oharra kaleratu genuen LABetik erabakia atzera botatzea eskatzeko eta Andoni Aldekoa EITBko zuzendari orokorrarekin bilera eskatu genuen.

Ondoren, ELAk ere salatu zuen hautaketa eta prozesua errepikatzea eskatu zuen. Euskal Irrati Telebistako Euskara Batzordea, EITBko Erredakzio Kontseilu guztiak eta EITBko Langileen Batzorde guztiak ere jabetu dira urraketaz, eta hautaketa bertan behera utzi eta prozesua errepikatzeko galdegin dute.

Horrez gain, LABetik kexa aurkeztu eta eskuhartzea eskatu diegu Hizkuntz Eskubideen Behatokiari eta Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordeari, hautaketa horretan bi urraketa egin direla salatuz: lanpostuaren hizkuntza eskakizuna ez betetzea eta EITBren 2023-2027 Euskara Plana urratzea.

Aldekoa jaunak ez digu bilera eskariari erantzun, eta horren ordez, Behatokiari eman dion erantzun bera igorri digu idatziz: “Hautatutako hautagaia ondoen baloratua izan zen enpresa espezializatu batek egindako hautaketa prozesu ireki batean. (…) Zehazki, hizkuntzen mailari dagokionez, hautagai finalistek antzeko ezagutzak zituzten. EITBko zuzendaritza ziur dago hori ez dela eragozpena izango Interneteko plataformarik aurreratuena eta modernoena garatzeko, Taldeko edukiak eta, bereziki, euskarakoak, Internet ingurunean hazteko”. 

Prozesua deuseztatzeko asmorik ez duela ikusita, EITB Mediako LABek bere zerbitzu juridikoen esku utzi zuen auzia, EITBko zuzendaritzak Auzitegian defenda dezan zergatik hautatu duen baldintzak betetzen ez dituen hautagai bat zuzendari kargu horretarako. Eta hara non etorri den “ezustea”, baldintza hori, euskararena, desagertu egin delako lanpostuaren plegutik. Noiztik? Nork erabakita? Nork ezabatu du? Zergatik? Galdera asko daude eta denak epaitegian azaldu beharko dituzte.

Oso larria da gertatu dena (baldintzak betetzen ez dituen pertsona bat hautatzea) eta gertatzen ari dena (urraketa ezkutatzeko baldintzen-agiria manipulatzea). Zintzotasunak eta zuzentasunak izan behar lukete edozein ardura karguren lehen oinarriak. Zer gertatzen da izendapen honekin? Zergatik ari dira arau hauste hauek guztiak egiten?

Astearte honetan bertan, EITBren Administrazio Kontseiluan gai honi buruz galdetuta, “gu saiatzen gara euskaldunak lortzen zuzendaritzarako, baina beti ezin da”, adierazi zuen Aldekoak, “erabakietan oreka izan behar dugu profil profesionalaren eta hizkuntzaren artean”, gehituz.  Alegia, PP, Vox eta ultraeskuinaren tesiekin bat egin eta “Zer nahi duzu mediku ona ala mediku euskalduna?” teoriari heltzen dio EITBko zuzendari nagusiak ardura postuetan erdaldun elebakarrak jartzea justifikatzeko. Pentsatzen du, antza denez, ez dagoela profesional erdaldun bat baino aukera hoberik euskara eta euskal mass media unibertsoa bultzatzeko.

EITB Mediako LAB azken muturreraino joateko prest dago EITB osoan hautaketa prozesu guztiak gardenak eta zuzenak izan daitezela bermatzeko. Hau ezin da enpresa publiko batean gertatu.

EITB Mediako LAB

Etiketa: