Hemen zaude

Langileen % 76k babestu dute LABen hautagaitza EITBNETen

Langileen % 76k babestu dute LABek EITBNETen aurkeztu duen hautagaitza, urriaren 28an egin diren hauteskunde sindikaletan, eta, ondorioz, LABeko bost ordezkarik osatutako Langile Batzordea izango da, beste behin, EITBNETen.

2012an lehen hauteskunde sindikalak egin zirenetik gaur arte, LABek soilik izan du ahalmena hautagaitza aurkezteko EITBNETen izan diren deialdi guztietan. Oraingoan ere hala gertatu da, eta, beraz, hasieratik jakina izan da nortzuek osatuko zuten EITBNETeko Langile Batzordea hurrengo legealdian.

Hala ere, Langile Batzorde bat eraginkorra izan dadin, ezinbestekoa da, besteak beste, komite horrek lantaldearen babesa izatea. Hauteskunde-deialdi guztietan parte-hartzea oso altua izan da, eta beti jaso dugu babes zabala.

Oraingoan ere horrela izan da, eta horregatik, gure esker ona adierazi nahi dizuegu gure alde bozkatu duzuen langile guzti-guztioi. Tamalez, posta bidez bidalitako boto batzuk zenbatu gabe geratu dira, ez direlako garaiz iritsi, baina badakigu langile horien babesa ere badaukagula, eta eskertzen dugu egin duten ahalegina.

Gu konbentzituta gaude EITBNETeko langileen gehiengoa batuta egon delako izan garela gai 12 urteko ibilbidean hainbeste eskubide bereganatzeko: gure lehenengo lan-hitzarmena, baimen sozialak, soldata igoerak, eitb.eus-eko langileak ETBko lantaldean sartzeko akordioa…

2012an markatutako helburu estrategikoak beteta, ziklo bat bukatu da, baina bidea ez da amaitu. 2026ko urtarrilean EITBNETetik ETBrako fusioa gauzatu bitartean, hainbat erronka ditugu aurretik, tartean telelana egiteko aukera aitortzea eta langileen osasun mentala bermatzea, besteak beste, enpresa lan-harremanak hobetzeko neurri eraginkorrak hartzera bultzatuz.

Ez dira nolanahiko erronkak, eta enpresaren partetik ez dugu inolako erraztasunik espero norabide horretan: negoziaketa urtebetez blokeatuta izan ostean, telelanaren balizko araudiari joan den udaberrian egin genizkion ekarpen eta zuzenketa guztiak atzera bota dituztela jakinarazi ziguten joan den astean; eta langileen osasun mentala bermatzea inoiz ez da izan lehentasuna EITBko Zuzendaritza Nagusiarentzat, ezta Giza Baliabideetako Zuzendaritzarentzat ere.

Edonola ere, guk orain arte bezala jarraituko dugu aurrerantzean ere: eitb.eus-eko langile guztion lan-baldintzak hobetzeko eta denon eskubideak errespetatzen direla bermatzeko, arduraz lanean, egindako akatsetatik ikasiz eta gure esperientzia asmorik onenarekin erabiliz.

Jakinik erabateko batasuna eta adostasuna lortzea ezinezkoa dela, pozgarria da ikustea eitb.eus-eko langileen gehiengoak batuta segitzen dugula, 12 urte eta gero. Zuen babesa arnasa da guretzat, eta sekulako indarra eman diguzue aro berrian izango ditugun erronkei heltzeko. Elkarrekin eraginkorragoak garelako, etorkizuneko lorpenak ere zuengatik eta denontzat izango dira.

MILA ESKER gure hautagaitza babestu duzuen lankide guztiei!

Etiketa: