Hemen zaude

Murrizketen gainetik, Euskadi Irratian informazioa euskaraz eta kalitatez emateko baliabideak exijitzen ditugu

Miramongo Euskadi Irratiko Langile Batzordeak eta Euskadi Irratiko Erredakzio Kontseiluak Euskadi Irratiaren udako programazioan murrizketak egiteko zuzendaritzaren erabakia eta erabilitako irizpideak gaitzesten ditu.

Zuzendaritzak aurrekaririk gabeko erabakiak hartu ditu, alde bakarrez. Besteak beste:
• Uztailaren 3tik irailaren 3ra, Euskadi Irratiak ez du gaueko albiste emankizunik eskainiko, 01:00-04:00 bitartean.
• Astegunetan, 14:00etako eta 19:00etako albistegien iraupena murriztuko da eta baita asteburuko albistegien iraupena ere.
• Eguerdiko kultura albistegiaren bigarren emisioa eskainiko da arratsaldez (berremisioa).

Zuzendaritzak plantillaren kontratazio-mugei eta erredakzioko barne-antolaketari egotzi die programazio-murrizketa.

Hori horrela, Langile Batzordeak eta Erredakzio Kontseiluak adierazi nahi dute:
• Gaueko albistegi laburrei dagokienez, nabarmendu nahi dugu Euskadi Irratiaren trinkotzean eta euskararen normalizazioan ezinbesteko urratsa izan zela, duela lau hamarkada, euskal gizarteari 24 orduko euskarazko informazio-zerbitzua eskaintzea.
• Irrati publiko, jeneralista eta euskaldun bakarra garen heinean, nahitaez behar dugu orduz orduko informazio-zerbitzua ━baita gauez ere━, eta zuzendaritzaren erabakiak helburu horretan atzera egitea dakar.
• Erredakzioaren barne-funtzionamenduan oinarrizko egitekoa dute albiste emankizun laburrek eta neurriak etena dakar informazioaren katean zein lan produkzioan, batez ere asteburuetan.
• Hartutako erabaki horiek beste urrats bat dira azken urteetan irratiak jasan duen murrizketen eta zeregin-aldaketen bidean. Eta deigarria da eskaintzaren prekarizazioak bat egitea inoiz lortutako audientzia-emaitzarik onenekin.
• 40 urteko eskarmentuak erakutsi digu behin galtzen duguna ez dela sekula berreskuratzen.

Ondorioz, Miramongo Euskadi Irratiko Langile Batzordeak eta Euskadi Irratiko Erredakzio Kontseiluak zuzendaritzari zein EITBren Administrazio Kontseiluari 24 orduko informazio-zerbitzuari eustea eskatzen dio, zein beste edozein programazio ez murrizteko behar den plantilla bermatzea. Oinarrizko zerbitzuari eutsi eta hura handitzea bateragarria da Euskadi Irratiak dituen eginkizun,
erronka eta birmoldatze-premia berriekin.