EITB, PUBLIKOA ETA ANITZA. ZENTSURARIK EZ!
Informazio publikoa gobernuaren edo erakunde baten irizpide politiko, ideologiko edo moralen arabera aldaraztearen edo ezabatzearen ekintzari esaten zaio zentsura. Eta hori da, hain zuzen ere, EITBn aplikatzen dena: zentsura.
Azkeneko adibidea joan den urriaren 16an ikusi genuen. Maddalen Arzallus ETBko ‘Biba zuek!’ saioko aurkezleak Euskadi Irratiko ‘Faktoria’ programan egindako bertso musikatua eitb.eus ataritik eta EITBko sare sozialetatik kentzeko agindua eman zuen zuzendaritzak, sektore ultraeskuindarrek Twitterren abiatutako kanpainari men eginez.
Preso batek kartzelan igaro duen denborari buruzko hausnarketa egiten du Arzallusek bere kantuan. Zein da "arazoa"? Ion Kepa Paroten kasua -71 urte ditu, eta urriaren 13an utzi zuten aske, kartzelan 32 urte egin ostean- hartzen duela abiapuntutzat, eta zuzendaritzari ez zaiola hori gustatzen. Izan ere, inork pentsatzen al du bideo hori webgunetik kenduaraziko zutela gogoeta hori Ameriketako Estatu Batuetako heriotza korridorean dagoen preso baten harira egin izan balitz? Bistan da, ezetz.
Nabarmena da bideoa irizpide politikoen eta ideologikoen arabera ezabatu zutela, eta erabaki horren arduraduna EITBko zuzendaritza nagusia da.
Gertakari honek sare sozialetan eragin duen zalapartari esker, argitara atera da EITBn zentsura aplikatzen dela. Alabaina, zentsura ezartzeko moduak hainbat dira, eta sarritan ez dira kanpotik erraz antzematen. EITBko medioetan ohikoa da Eusko Jaurlaritzari komeni ez zaizkion eta EAJren irudia kaltetu dezaketen albisteak ez ematea edota horiei ahalik eta denborarik gutxien eskaintzea; besteak beste, ‘De Miguel’ auziarekin, Alonsotegiko EAJko hiru alkate ohi ustelkeriagatik inputatu izanarekin edo AHTaren inguruko azken informazioekin gertatu bezala.
Horrez gain, ezin dugu ahaztu ETBko hainbat saiotan parte hartu duten elkarrizketatu, gonbidatu edo lehiakideei "Altsasukoak aske!" edo "Independentzia" lelodun kamisetak kentzera behartu dituztela; "Blue lives matter" mezu arrazista eraman dutenei, berriz, ez.
Honek guztiak erakusten du EITBn erabaki asko irizpide politikoen eta ideologikoen arabera hartzen direla, eta hori onartezina da komunikabide publiko batean.
EITBko komunikabideetan audientziak ez dira onak. Badakigu gainbehera horren jatorrian hainbat faktore daudela, baina aipatu zentsura kasuen harira, EITBk ez du irudi onik, ezta sinesgarritasunik ere, euskal gizartearen zati handi batentzat. Eta agerikoa da sinesgarritasuna galtzeak ez duela ikus-entzuleen eta erabiltzaileen hazkundea ekarriko. Hausnarketa hori egitea eta EITBren noranzkoa aldatzea EITBko zuzendaritzari dagokio. Edonola ere, orain arte jaso ditugun erantzunak kontuan hartuta, ez dugu jarrera aldaketarik espero, eta, tamalez, ziur gaude EITBko zuzendaritzan erabakiak irizpide politikoen eta interes partidisten arabera hartuko direla aurrerantzean ere.
Gauzak horrela, astelehen honetan, hilaren 24an, arratsaldeko 16:00etan elkarretaratzea egingo dugu Bilboko egoitzako atarian, Administrazio Kontseiluak bilera duela baliatuta; eta langile guztiei bertan parte hartzeko deia egiten diegu, Maddalen Arzallusi babesa adierazteko, zentsura salatzeko eta EITBk publikoa eta anitza izan behar duela aldarrikatzeko.
EITB Mediako Enpresa Batzordeak (Telebista, Irratia eta Digitala)
BERRIA: «Zentsura» dago EITBn, taldeko enpresa batzordeek...
BERRIA: «Zentsura» dago EITBn, taldeko enpresa batzordeek salatu dutenez
EITBko zuzendari nagusiak aitortu du berak agindu zuela Maddalen Arzallusek Ion Paroti buruz eginiko bertsoak erretiratzeko, baina esan du bertsolariak «askatasun osoz» jarduteko aukera izan zuela
Elkarretaratzea. EITBko zenbait langileren protesta, atzo. A. L. / FOKU
«Zentsura» erabili da eta erabiltzen da EITBn, Maddalen Arzallusen bertso musikatuaren kasuan eta beste hainbatetan. Hala uste dute EITB Mediako enpresa batzordeek, ohar bidez azaldu dutenez. «Zentsura» salatzeko eta «EITB publiko eta askotarikoa» aldarrikatzeko, 50 bat langilek elkarretaratzea egin zuten atzo EITBk Bilbon duen egoitzaren aurrean, EITB Mediako langile batzordeek deituta. Ordu erdi geroago, EITBren administrazio kontseiluaren bilera egin zuten. Bertan, BERRIAk jakin duenez, Andoni Aldekoak, EITBko zuzendari nagusiak, aitortu zuen berak erabaki zuela Arzallusen bertsoak erretiratzea, baina ez zuen zentsuratu izana onartu, «abestiaren egilea askatasun osoz aritu ahal izan baitzen».
Bestelako iritzia du enpresa batzordeak. Bertsolariarekin gertatutakoa «zentsura» horren «azken adibidea» da, haien esanetan. Urriaren 16an Arzallusek kartzelaldi luzeen gaineko gogoeta plazaratu zuen Euskadi Irratiko Faktoria saioan, musikatutako bertsoen bidez, Ion Parot euskal presoaren egoeratik abiatuta —32 urte egin ditu kartzelan, eta baldintzapean aske dago egun—. EITBk kendu egin zuen bideoa webgunetik; zuzendaritzaren aginduz, erredakzio kontseiluen arabera. «Inork pentsatzen al du bideo hori webgunetik kenaraziko zutela gogoeta hori Ameriketako Estatu Batuetako heriotza korridorean dagoen preso baten harira egin izan balitz? Bistan da ezetz», salatu dute erredakzio kontseiluek, eta «nabarmena» dela bideoa «irizpide politikoen eta ideologikoen arabera» ezabatu zutela.
Gertakari horrek agerian utzi du, haien arabera, EITBn zentsura aplikatzen dela, baina, hala ere, zehaztu dute «hainbat modutan» egiten dela, sarritan baita kanpotik erraz antzematen ez direnetan ere. «EITBko medioetan ohikoa da Eusko Jaurlaritzari komeni ez zaizkion eta EAJren irudia kaltetu dezaketen albisteak ez ematea edota horiei ahalik eta denborarik gutxiena eskaintzea». Enpresa batzordeen arabera, hori gertatu da, besteak beste, De Miguel auziarekin, Alonsotegiko (Bizkaia) EAJko hiru alkate ohiri ustelkeriagatik eginiko inputazioarekin eta AHTren gaineko informazioarekin.
Horrez gain, ETBko hainbat programatan parte hartu duten gonbidatu, elkarrizketatu eta lehiakideak jantzita zeramatzaten kamisetak kentzera behartu izan dituztela ere azaldu du. Hala gertatu da, diotenez, Altsasukoak aske eta Independentzia leloa zeramaten batzuekin. Kontrara, beste zenbaitetan halakorik ez dela egin gehitu du; esaterako, Honoring Courage; Blue Lives Matter (Ohore adoreari; Bizitza Urdinek Axola Dute) leloa zeraman ertzainarekin.
EITBko komunikabideetako audientzia datuak ez direla onak ere gogorarazi dute, eta, horren atzean «hainbat faktore» egon badaitezke ere, zentsurarekin zerikusia duela uste dute: «EITBk ez du irudi onik, ezta sinesgarritasunik ere, euskal gizartearen zati handi batentzat. Eta agerikoa da sinesgarritasuna galtzeak ez duela ekarriko ikus-entzuleen eta erabiltzaileen hazkundea».
EITBren zuzendaritzari dagokio, diotenez, norabidea aldatu eta «hausnarketa» hori egitea. Hala ere, aurreratu dute ez dutela «jarrera aldaketarik» espero: «Tamalez, ziur gaude EITBko zuzendaritzan erabakiak irizpide politikoen eta interes partidisten arabera hartuko direla aurrerantzean ere».
Ikusi gehiago: Andoni Aldekoa: «EITB euskarazko edukiak lehenesten ari da»
Kendu izanaren defentsa
Aldekoak, aldiz, EITBren jokaera defendatu du administrazio kontseiluan. Zuzendari nagusiaren esanetan, Arzallus «askatasun osoz» aritu zen; ordea, irizten zaio EITBk ezin duela «berea balitz bezala zabaldu elkarbizitzarekin duen konpromisoa irudikatzen ez duen eduki bat, defendatzen dituen balioetatik aldentzen dena». Eta nabarmendu du ezin dutela «inhibitu» produktu hori zabaltzeko eta sustatzeko erantzukizunetik, behin edukia zein den jakin eta gero.
Horiek horrela, aitortu du berak erabaki zuela bertsoak kentzea: «Jakin nuenean EITB eduki horren kontsumoa zabaltzen eta sustatzen ari zela bere webgunearen eta sare sozialen bidez, nik neuk hartu nuen hura erretiratzeko erabakia, albistegi zuzendaritzarekin batera. Eta nik neuk eskatu nien eduki digitalen arduradunei kentzeko».
Eta erabakiaren arrazoiak eman ditu. Aldekoaren esanetan, bertsoak «ETAko preso bati eta haren kondena denborari» buruzkoak dira, eta «Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa egiteko Legearen printzipioen eta artikuluen aurka doa, baita EITBk Euskadiren bizikidetzan lagundu dezakeen eragile izateko hartu duen konpromisoaren aurka ere». Esan du bazekitela bertsoak kentzeak «polemika eta zarata» sortuko zuela, baina baita «euskal gizartearen beste zati bat» bideoa zabaltzearen aurka agertuko zela ere. «Erabakia izan zen EITBren konpromiso etikoari, memoria eta bizikidetza esparruarekiko errespetuari eta arlo honetan hedabide publiko bati dagokion lanari eustea guztiaren gainetik».
Bilera bukatu bezain laster hedabide publikoko langileei ere ohar bat igorri die Aldekoak. Administrazio kontseiluan esandakoa berrestearekin batera, esan du EITBk «argi eta garbi» jardun behar duela «horrelako egoeretan»: «Ekintzaren batek biktimak zauritu eta haien mina berpiztu dezakeela edo taldea bizikidetzarekiko konpromisotik aldendu dezakeela konturatuz gero, ekintza hori saihestu egin behar du».
Etorkizuneko asmoen berri ere eman du: «Gustatuko litzaidake aurrerantzean ere EITBren konpromisoa iritzien eta ikuspuntuen aniztasuna eta dibertsitatea izatea, baina betiere EITBren konpromiso etikoaren barruan eta euskaditarrok gure legeen bidez geure buruari eman diogun elkarbizitza esparruaren barruan».
BERRIA 2022.10.25
GARA: Rechazado el proyecto de presupuestos de EITB
Con la preocupación por la censura o por la escasa producción en euskara sobre la mesa, el Consejo de Administración de EITB rechazó el proyecto presupuestario presentado por la dirección.
Concentración de los comités de empresa de EITB Media ante la sede central de Bilbo. (Aritz LOIOLA | FOKU)
En la reunión celebrada ayer, el Consejo de Administración de EITB rechazó el proyecto presupuestario presentado por el equipo del director general, Andoni Aldekoa, al no obtener los dos tercios requeridos. En concreto, las cuentas obtuvieron 13 votos a favor, entre ellos los de PNV y PSE, la única abstención de Podemos-Ahal Dugu, y seis votos en contra (los cuatro de EH Bildu y los del PP y ELA).
El resultado no es vinculante, por lo que las cuentas de EITB se incorporarán al proyecto de presupuestos del Gobierno de Lakua para su debate y votación en el Parlamento de Gasteiz, donde PNV y PSE, socios en el Ejecutivo, tienen mayoría absoluta.
En la reunión estuvieron sobre la mesa cuestiones que preocupan a la sociedad, como la escasa producción en euskara o la censura en el ente público. Esta última cuestión se trató a iniciativa de los representantes designados por EH Bildu, después de lo acontecido con los bertsos que Maddalen Arzallus, presentadora del programa televisivo “Biba Zuek”, cantó en el programa “Faktoria” de Euskadi Irratia el pasado 16 de octubre y que la dirección de EITB ordenó eliminar de la página web eitb.eus así como de todas las redes sociales. También se citaron otros casos como el silenciamiento que se hace de informaciones relativas al TAV o a la incineradora de Zubieta. Con motivo de la reunión, los comités de empresa de EITB Media llevaron a cabo una concentración, respaldada por los sindicatos ELA, LAB y ESK, bajo el lema «EITB publikoa eta anitza. Zentsurarik ez!». En una nota, los comités de empresa denunciaron que «modificar o suprimir una información para ajustarse a los criterios políticos, ideológicos o morales del gobierno o de una institución es censura. Y eso es precisamente lo que se está aplicando en EITB».
Como «último ejemplo» citaron lo ocurrido con Arzallus, quien en sus bertsos «reflexiona en su canto sobre el tiempo de permanencia de un preso en prisión. ¿Cuál es el problema? Pues que la reflexión parte del caso de Ion Kepa Parot, de 71 años, que obtuvo la libertad el 13 de octubre, después de 32 años en la cárcel, y el punto de partida no es del agrado de la dirección. ¿Habrían ordenado retirar ese vídeo si la letra hubiese hecho referencia a un preso en el corredor de la muerte de Estados Unidos? Evidentemente, no», apuntan los sindicatos. Añadieron que «no es un caso aislado».
GARA 2022.10.25
BERRIA: EITBko Adm, Kontseiluan ez dago adostasunik zentsura...
EITBko Administrazio Kontseiluan ez dago adostasunik zentsura kasuaz
Kide batzuentzat, «prebentziozko zentsura» egon da Maddalen Arzallusen bertsoaren aurka. Beste batzuentzat, EITBko zuzendari Andoni Aldekoak «egin behar zena egin du» eduki hori erretiratzean
EITBko langile talde batek zentsuraren aurkako protesta egin zuen herenegun, Bilboko egoitza nagusian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Hautsak harrotu ditu EITBko zuzendari nagusi Andoni Aldekoak Maddalen Arzallusen bertso musikatuak webgunetik erretiratu izanak. Langile batzordeen herenegungo zentsura salaketarekin bat egin dute Administrazio Kontseiluko zenbait kidek, BERRIAk auziaz galdetu eta gero. Halere, ez dago adostasunik kontseiluan. Badira «errelato bat inposatzeko erabakia» ikusten dutenak, eta Aldekoak «egin eta esan behar zena» egin eta esan duela diotenak ere bai.
Aldekoak berak ez du aitortu Arzallusen lana zentsuratu izana, «abestiaren egilea askatasun osoz aritu ahal izan baitzen», baina EITBko langile batzordeak ahobizarrik gabe salatu du zentsura kasu garbia dela kartzelaldi luze baten gainean egindako bertsoaren auzia, eta salaketa horrekin bat egin dute Unai Urruzuno eta Andeka Larrea EITBko Administrazio Kontseiluko kideek. EH Bilduk izendatu du lehena, eta Elkarrekin Podemos-IUk bigarrena; egun, Larreak utzi egin dio koalizio horretako kide izateari. Miren Gallastegik —PSE-EEk izendatua—, aldiz, egokitzat jo du bertsoa erretiratzea. EAJk izendatutako zenbait kideri ere galdetu die BERRIAk, baina ez dute adierazpenik egin nahi izan.
Ikusi gehiago: Analisia: 'EITB eta bizikidetza'
«Aldebakarreko errelato bat inposatzeko nahiarekin du lotura gertatu denak», esan du Urruzunok: «Biktimak hierarkia batean jartzen ditu errelato horrek, ez da inklusiboa, eta, hedabide publikoa izanda ere, EITB lerratu egin da bertsoak zentsuratuta». EH Bilduk izendatutako kontseiluko kideak uste du Aldekoa zuzendariak garbi utzi duela gauza bat: «Ezin duela egon pitzadurarik EITBn errelatoari dagokionez». Haren esanetan, «hedabide publiko batek zentsurara jo du errelato baten zerbitzura jarrita».
Halaber, Urruzunok gogorarazi du euskal irrati telebista publikoaren zuzendaritza «despolitizatzeko helburuarekin» iritsi zela Aldekoa, eta «kontrakoa» egiten ari dela uste du: «Alderdi jakin batzuekin lerratu da; ez dio erreparatu bertsoak dioenari ere. Espetxeko denboraz ari da, baina berdin dio: ez dute nahi inolako tarterik utzi EITB zalantzan jar dadin haren irizpideak direla eta». Administrazio Kontseiluko kideak nahiko luke EITBk «nortasun propioa eta irizpide profesionalak edukitzea herri honetan gertatu dena kontatzeko», baina uste du Gogora institutuarenak baizik ez direla irizpide horiek. «Inork pentsa dezake BBCk alderdien esku uzten duela ildo editoriala?».
«Bertsoak zuritzeko saioa»
EITBk bertsoak erretiratzeko hartutako erabakia zuzen ikusten duten kideak ere badira Administrazio Kontseiluan. Miren Gallastegik, PSEk izendatutako kideak, «argi eta ozen» esan dio BERRIAri Aldekoak «esan eta egin behar zena» esan eta egin duela. «Zentsura akusazioak aitzakia besterik ez dira bertso horiek zuritzeko», haren ustez: «Azkenerako, omenaldi bat dira zigorra bete duen preso bati; zigorra bete du, baina hor dago bere garaian egin zuena, eta omenaldi horrek biktimak mintzen ditu berriro». Gallastegik esan du ezker abertzaleak «biktimak berriro ez mintzeko konpromisoa» hartu zuela; «ez da egiten ari».
«Akatsa da» harentzat bertsoak «giza eskubideen esparruan justifikatzen hastea». Telebista publikoa «denona eta denontzat» dela azaldu du, eta interes publikoari erantzun behar diola: «EITBk konpromiso bat du bizikidetzarekin».
Gallastegik ez du zalantzarik EITBko langile batzordeek egin berri duten zentsura akusazio larrien inguruan: «Erreibindikatzeko eskubidea dute, baina bertsoa kentzeak ez ditu gizartearen zati baten eskubideak mugatu: ez dago zentsuratik EITBn». Gogora ekarri du EITBren Kontrol Batzordea badagoela Eusko Legebiltzarrean, eta «zentsura galarazteko» tresna dela hura: «Jarraipena egiten du batzorde horrek, eta alderdi guztiek osatua dago».
Andeka Larrea, Elkarrekin Podemos-IUk izendatu zuen kontseiluko kidea, ez dator bat PSE-EEk izendatutakoarekin. «Prebentziozko zentsura» da gertatutakoa, harentzat: «Artistak zer adierazi nahi zuen jakin gabe hartu dute erabakia». Zentsura mota guztiak dira kezkagarriak Larrearentzat. «Ezin dugu onartu zentsura, eta are gutxiago arlo artistikoan», esplikatu du. Aldekoaren azalpenek «kezkaturik» utzi dutela ere aitortu du. «Antza, bertsoa mingarria zelakoan erretiratzea erabaki zuen. Baina zergatik hasi dira orain prebentziozko zentsura egiten?». Larreak badaki Arzallusen sormena «gai jakin bati lotua» dela, «baina EITBko zuzendariak ezin du hori epaitu publikoki, gizarteak nola hartuko duen aurreikusita».
ETB1eko aurkezleak Euskadi Irratiko Faktoria saioan urriaren 16an egindako bertso musikatua, Ion Parot euskal presoaren egoeratik abiatua —32 urte egin ditu kartzelan, eta baldintzapean aske dago egun—, EITBko webgunetik kendu zuten. «Bertsoa kendu aurretik eztabaida bat eduki beharko genuen administrazio kontseiluan, lan hori hobeto aztertzeko», uste du Larreak.
Mintzeko helburua zegoen?
Izan ere, EITBren funtzioa da sormen lanak sustatzea, «ez badago mina egiteko helburu argirik» horien bidez. Arzallusek mintzeko asmoa izan zuen bertso musikatu horrekin? «Ez dut oso argi bertso hori inor mintzeko gai den; akaso biktimaren bat minduko zuen? Baliteke, baina ez dut garbi», dio Larreak.
Dena den, «prebentziozko zentsura egin izana da kritikagarria», haren ustez: «Artista bati aplikatu zaio zentsura, eta azken bolada honetan gehiegitan errepikatzen ari da hori. Hau ez da zentsuratzeko kasu argi bat. Ez bada lege bat urratzen duelako, indarkeria goratzen duelako, zentsura alde batera utzi behar da».
BERRIA 2022.10.26