Sektore publikoan behin-behinekotasun tasa murrizteko abiatuko diren ezohiko prozesuen baitan, EITB Median 263* lanpostu publiko egonkortuko dira, 196 merezimenduzko lehiaketa bidez eta 67 lehiaketa-oposizio bitartez.
Badakizuenez, enplegu publikoa egonkortzeko 20/2021 legeak zehazten ditu prozesu hauek egiteko epeak, deialdi motak eta eskaini beharreko plaza kopuruak identifikatzeko irizpideak. Lehenengo fasea, ekainaren 1ean amaituko da. Ordurako administrazio eta enpresa publikoek zenbat lanpostu egonkortuko dituzten iragarri behar dute.
LAB sindikatuaren helburua ahalik eta plaza kopuru handiena ateratzea izan da lantoki guztietan. Hortaz, ezkutuan eta behin-behinekotasunean egon diren lanpostuak argitara ateratzeko lanean ibili gara azken hilabeteetan. Ez da erraza izan, legeak markatutako epe-muga betez eta irizpideak jarraituz egin behar izan baitugu lan hori. Alabaina, EITB Median helburu hori bete dugula esan dezakegu, ordezkaritza dugun negozio-unitate ezberdinetan (ETB, Eusko Irratia eta EITBNET) ahalik eta plaza gehien egonkortzea bermatzea lortu dugulako.
Bide honetan, erabakigarria izan da LABeko zerbitzu juridikoen eta delegatuen ezagutza eta lana, zuzendaritzak egonkortu nahi ez zituen plazak identifikatzeko edo “ahaztuta” zituen ezkutuko behin-behineko lanpostuak azaleratzeko. Halaber, gure esker ona adierazi nahi diegu eginkizun honetan laguntza eskaini diguten langileei.
Zifrak objektiboak dira eta legeak ezarritako parametroen arabera kalkulatu dira, baina azpimarratu nahi dugu orain ez zirela horrenbeste lanpostu egonkortuko EITB Median, LABek 2014an kontratazio ilegalak salatzeko borrokari heldu izan ez balio. Hona hemen datuak:
-
2014-2022 bitartean, 79 mugagabe ez finko egitea lortu dugu.
-
EITBNETeko borrokan erreferentzia izan ginen. 2015ean, bertako lanpostu guztien aitortza LABek eta EITBNETeko langileek egindako borrokaren emaitza izan zen.
-
Orain meritu bidez esleituko diren lanpostuen %70ek LABek epaitegietara zein lan-ikuskaritzara joz lortutako antzinatasunetan oinarritzen dira.
Edonola ere, argi utzi behar dugu ezohiko prozesu honekin ez dela EITB Mediako egiturazko lantaldea egonkortuko; izan ere, kalkuluak egiterakoan ez dira kontuan hartu erdibideko karguak eta gestoreak, eta legeak ez digu zirrikiturik utzi lanpostu horiek ere deialdi publikoetara ateratzeko. Horregatik, borrokan segituko dugu egungo gestore sistema desegiteko, gardentasuna bermatzeko eta ardura postu horiek lan-hitzarmenen barruan sartzeko.
ELAren iruzurra EITB Mediako langileei
Bestalde, joan den astean ELA sindikatuak atera zuen oharra salatu nahi dugu. Hasteko, 356 plaza egonkortuko direla adierazi zuten, baina ez da egia. Zifrak puztu dituzte. Nola?
Alde batetik, LABek landu eta borrokatutako akordio baten bidez, joan den otsailean, ETBko 57 langile finko egitea onartu zuen enpresak, eta kopuru hori gehitu dute, baina behargin horien egoerak ez du inolako zerikusirik lanpostu publikoak egonkortzeko ezohiko prozesuarekin. Aurretiaz sortutako gatazka judizial bati amaiera emateko akordioa izan zen eta 57 langile horiek finkoak dira jada.
Bestetik, egonkortze prozesuetara aterako diren plazak eta oposaketa arruntaren deialdiari lotutako plazak** nahastu dituzte.
Horrez gain, ordezkaritzarik ez duen negozio-unitateetan (EITBNETen, adibidez) izandako lorpenak bere egin ditu.
Gauzak horrela, ELAko goi-egiturari arduraz eta gardentasunez jokatzeko eskatzen diogu, gizarteari eta langileei iruzur egiteari utzita.
Prozesu hau administrazio eta enpresa publikoetan inoiz egin den prozesurik handiena eta garrantzitsuena izango da. Hasi baino ez da egin eta luze joko du. LABek koherentziaz, zintzotasunez eta gardentasunez jokatuko du. Ez dugu salduko esperantza faltsurik, ezta datu okerrik ere. Ardura handia dugu eta lan asko dago egiteko. Beraz, propaganda gutxiago eta ekintza sindikal gehiago.
*LABek ez du EITB Ente administratiboan ordezkaritzarik momentuz, beraz datu hauetan ez da entea ageri. Soilik ageri dira EITB Media SAU enpresako datuak.
**Honez gain, EITB Median 20/2021 legeari loturik ez dauden eta aurretiaz adostuak izan ziren 18 plaza, ohiko oposaketa eredu eta deialdipean aterako dira.
[IRUDIAN: 2018an egindako agerraldia, ETBko kontratazioaren iruzurra salatuz]