Hemen zaude

EITBko langileok EGUNKARIArekin bat

Prentsa euskalduna, eta orohar adierazpen askatasuna jasaten ari den erasoa ikusita, behean sinatzen dugunok honako hau adierazi nahi dugu.

1.Erabateko elkartasuna adierazten diegu "Euskaldunon Egunkaria", "Argia", "Jakin" eta "Herri Irratia"-ren Erredakzioei, eta orohar langile guztiei, euren zuzendaritzetako kideen atxiloketen aurrean. Euskal kulturgintza eta euskal komunikazioan erreferente nagusi diren pertsona guzti horien berehalako askatasuna eskatzen dugu, gizaki orori dagokion adierazpen askatasuna bermatzeko tresnarik eraginkorrena delako.

2."Euskaldunon Egunkaria"ren Andoaingo egoitza nagusiaren, eta Iruñea, Bilbo eta Gasteizko ordezkaritzen prezintoa berehala indargabetzea esijitzen dugu, bertan diharduten kazetarien, "Egunkaria"ren irakurle eta iragarleen, eta, orohar, Euskal Herriko gizarte osoaren oinarrizko eskubidea delako edozein adierazpidez informazioa jaso eta zabaltzekoa, inolako mugarik gabe.

3.Edozein komunikabideri ahoa ixteko saioak larriak direla salatu nahi dugu, baina kasu honetan gure ahotsa are ozenago altxatu nahi dugu, "Euskaldunon Egunkaria" baita Euskal Herrian euskaldunek euren hizkuntza propioan irakur dezaketen egunkari bakarra.

4.Espainiako justiziaren aginduz hainbat komunikabidetatik eramandako dokumentazio profesionala berehala bere jabeei itzultzea eskatzen dugu, gure profesioaren oinarrizko arau eta eskubideak urratzen baititu neurri horrek, eta kazetarien iturriak arriskuan jartzen.

5."Euskaldunon Egunkaria"ren Erredakzioari gure laguntza guztia eskeini nahi diogu une honetan, egunkariak bere irakurleekin duen eguneroko zitan hutsik egin ez dezan gure esku dagoen guztia egiteko prest gaudela adieraziz.

6.Euskal Herriko zein mundu osoko talde eta erakunde profesionalen berehalako babesa eskatzen dugu, adierazpen asktasunaren kontrako eraso larri hau salatu dezaten.

7.Gure kezka eta egonezina Euskal Herriko eta mundu osoko hainbat erakundetara bideratuko dugula jakinarazten dugu, bereziki Giza Eskubideak defendatzeko ardura duten Gobernu eta erakundeetara, tartean Nazio Batuetako Goi Komisariara, eraso larri honen aurrean adierazpen askatasuna behar bezala bermatzeko ahalegin guztiak egin ditzaten.

Sinatzaileak: