Zuzendaritzaren eta bere zerbitzu juridikoaren jokabide eta estrategia arduragabearen ondorioz, EITB Mediako lan-gatazka kolektiboak Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dira aurrerantzean. Eskandalu bat. Erabaki lotsagarria, ulertezina eta arduragabea zentzu guztietan.
Eta, zergatik hartu du erabaki hori? Bada, LABeko ordezkariok gure lan sindikala egin ahal izateko, eta legez hala dagokigulako, bere garaian enpresaren jarduerari buruzko hainbat informazio emateko eskatu genion zuzendaritzari, baina uko egin zioten eta auzitegira jo behar izan genuen.
Prozesu judizial horretan eztabaida ekiditeko, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak auzi hori aztertzeko eskumenik ez zuela argudiatu zuen Manu Salinero enpresak kontratutako abokatuak, EITB Mediak Madrilen eta Bartzelonan lan-zentroak dituelako eta, beraz, gatazka hori Auzitegi Nazionalean epaitu beharko litzatekeela adieraziz. Epaimahaiak arrazoia eman zion. LAB sindikatuko abokatuak Auzitegi Gorenera jo zuen, baina EITBko abokatuak argudio berari eutsi zion, lan-hitzarmenean jasotako akordioari balioa kenduz, eta Gorenak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpena berretsi zuen.
Laburbilduz, gardentasunez jokatu eta ordezkari sindikalen informazio-eskubidea bermatu beharrean, zuzendaritzak eta bere zerbitzu juridikoak nahiago izan dute Euskal Herriko komunikabide publikoaren lan-gatazka kolektiboak Espainiako Auzitegi Nazionalera bideratzea. Zergatik? Zer dute ezkutatzeko? Zeren beldur dira?
Andoni Aldekoak EITB Mediako zuzendari nagusi kargua hartu zuenean esan genuen garai ilunak eta zailak datozkigula, eta erabaki honek gure susmoak berresten ditu.
Edonola ere, azpimarratu nahi dugu EITB Mediako LAB sindikatuak eskura dituen bitarteko guztiak erabiliko dituela enpresak eskatutako informazioa eman diezagun eta langile guztien eskubide guztiak defendatzeko, horretarako aurrerantzean Espainiako Auzitegi Nazionalera jo beharko badugu ere.
KRONOLOGIA:
-
2017ko urtarrilaren 2an: LABek bere ekintza sindikalerako eta EITBren lan eremuaren kudeaketaren inguruko kontrola eraginkortasunez aurrera eramateko, hainbat informazio emateko eskatu zion zuzendaritzari, 37 galdera zehatz eginez.
-
2018ko urtarrilaren 23an: Urtebete geroago enpresak informaziorik emateko asmorik ez duela ikusita, LABek Lan Harremanen Kontseilura jo zuen, ETBko lan-batzordearen izenean. Ez zen akordiorik izan.
-
2017-2018: Bitartean, 2017 urtearen amaieran eta 2018aren hasieran, zuzendaritzak lan-zentro bilakatu zituen Madrileko eta Bartzelonako korrespontsaliak. Aurrez, korrespontsalietako langileak autonomo faltsuak zirela egiaztatuta, Lan Ikuskaritzak langile horiei kontratu mugagabe ez finkoak egiteko agindua eman zion.
-
2018ko apirilaren 10ean: EITBk informazio eskubidea urratzen duela salatu ostean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusian epaiketa abiatzen da. Alabaina, enpresaren abokatuak EAEko Auzitegi Nagusiak auzi hori epaitzeko eskumenik ez duela esaten du, EITBk Madrilen eta Bartzelonan lan-zentroak dituela argudiatuta. Epaimahaiak arrazoia ematen dio.
-
2018 urtean zehar: Lan-gatazkak Auzitegi Nazionalera bideratzearen larritasunaz ohartarazi genion enpresari eta irtenbide bat bilatzea proposatu genuen. Auziak Madrilen epaitu behar izatea saihesteko asmoz, Madrileko eta Bartzelonako langileak Bilboko eta Miramongo lan-zentroetara lotuta daudela dioen testu bat lan-hitzarmenean sartzea adostu zuten ETBko langile-batzordeak eta zuzendaritzak.
-
2020an: Bitartean, zuzendaritzak eskatutako informazioa eman gabe jarraitzen zuen eta Auzitegi Gorenera jo genuen. Ezustean, enpresaren abokatuak bere teoriari eusten dio informazio-eskubidearen urraketaren gaiari heldu behar ez izateko: EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ez duela eskumenik EITBko lan-gatazka kolektiboak epaitzeko. Eta horren harira zuzendaritzak langile-batzordearekin egindako akordioak baliorik ez duela eransten du, auzia lehenagotik zetorrelako.
-
2021ko urtarrilaren 13an: Auzitegi Gorenak LAB sindikatuaren helegitea atzera botatzen du, enpresari arrazoia emanda. Ondorioa: EITB Mediako lan-gatazka kolektiboak Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dira aurrerantzean.
EITB Mediako LAB sindikatua