Aste honetan bertan argitaratu du EiTBk Albiste zerbitzuko Pertsonalizazio arduraduna eta Postemisio arduraduna hautatzeko barne deialdia.
Prebisio arduradunarekin egin bezala, "interesa dutenei eta erantzukizun hori betetzeko gaitasuna izan dezaketela uste dutenei" zuzenduta dago deialdia, eta bertan "lanaren deskribapena", "helburuak eta adierazleak", "derrigorrez bete beharreko baldintzak", "baloratuko da" eta "lanpostuaren baldintzak" zehazten dira, besteak beste. Beste behin ere, ordea, ez da inondik inora argitzen zein izango den epaimahai ebaluatzailea, ezta zein irizpide objektibo erabiliko dituzten ere.
Badira bi urte baino gehiago Eusko Legebiltzarrak EiTBri goi karguak prozesu gardenen bidez hautatu behar zirela ohartarazi edo gogorarazi zionetik; baina EiTBk, antza, hasierako deialdia "publiko" egiteari deitzen dio prozesu garbia. Edozein hautaketa prozesutan argitara eman behar diren epaimahaiaren datuak, baremazioak, aurkezten diren hautagai kopurua eta emaitzak… ezkutuan gordez.
Aurreko postuaren deialdia argitaratu zenean ere, galdera horiek berak luzatu genizkion zuzendaritzari eta "enpresaren antolaketa ahalmenean" babestu ziren ez erantzuteko. Oraindik ez dakigu zenbat pertsona aurkeztu ziren lehen deialdira, ezta zein izan zen baremazioa ere.
Honekin, ez dugu hautatutako pertsonaren egokitasuna zalantzan jartzen, baina hautaketa prozesua gardentasunik gabekoa dela salatu behar dugu beste behin. Horregatik, Legebiltzarraren aginduari men egin eta benetan gardenak diren prozesuak garatzeko eskatzen diogu EiTBko zuzendaritzari.