Hemen zaude

Udalerri euskaldunetako errealitatea errespetatzeko eskatu dio berriro UEMAk EiTBri, elkarlanerako eskua luzatzearekin batera

UEMAren eta EiTBren ordezkariek bilera egin zuten atzo arratsaldean, EiTBk Bilbon duen egoitzan. Udalerri euskaldunetako errealitate soziolinguistikoa errespetatzeko eta zaintzeko eskatu zion UEMAk EiTBri 2014ko urrian, eta orduan egindako eskaerak eta bi aldeen artean hartutako konpromisoak aztertzeko bilera izan zen atzokoa. Izan ere, UEMAren iritziz, “bi aldeen aldetik hainbat neurri hartu diren arren, oraindik lan handia dago egiteko, eta horretarako elkarlanerako eskua luzatu diogu EiTBri”.

Udalerri euskaldunetako alkateak, zinegotziak edo herritarrak ETBn gazteleraz hitz egiten agertzeak udalerri euskaldunen irudia lausotzen duelakoan dago UEMA, irudi horrek ez duelako gune horietako errealitate soziolinguistikoa islatzen. Horrek kezka eragin izan du UEMAren baitan, eta egoera irauli nahian, irizpideak finkatu, hainbat erabaki hartu eta EiTBrekin bilera egin zuen 2014an.

Sasoi hartan, euskaldunak ETB2n euskaraz aritzearen aldeko agiria plazaratu zuten udalerri euskaldunetako ehundik gora kulturgilek, kirolarik eta kazetarik, ETBn gazteleraz aritzeari uko eginez. Euskal Herriaren mapa linguistikoa desitxuratzeaz gain ETBren sorrerako helburu nagusienetakoa (euskararen normalizazioa) baztertzen duela zioen agiri hark.

UEMAren irizpideak
Gaiari behar bezala heltzeko, hainbat irizpide zehaztu zituen UEMAk (2014ko irailaren 20an Zestoan egindako batzar nagusian), udalerri euskaldunetako alkate eta zinegotziek hedabideen aurrean hitz egiterakoan kontuan izateko:

    UEMAko kide diren udalek antolatutako prentsa agerraldiak euskara hutsean egitea.
    EiTBko kazetariren batek zuzeneko adierazpenak egiteko eskatuz gero udal ordezkariari, honek euskaraz bakarrik erantzutea.
    EiTBren erdal hedabideetan elkarrizketaren batean edo programa jakin batzuetan parte hartzerakoan euskaraz egin nahi dutela adieraztea UEMAko kide diren herrietako udal ordezkariek. Horretarako aukerarik ematen ez zaien kasuetan, ordezkariaren eta udalaren esku geratzea parte hartu ala ez erabakitzea.

UEMAren eskaerak EiTBri

Irizpideak betetzeko eta euskararen arnasguneak sendotzen eta zabaltzen laguntzeko, honako eskaerak egin zizkion orduan UEMAk EiTBri:

    UEMAk eta UEMAko kide diren udalek onartutako irizpideak errespetatzea, eta irizpide horiek gauzatu ahal izateko erraztasunak  eskaintzea.
    Udalerri euskaldunetara kazetari euskaldunak bidaltzea.
    Udalerri euskaldunetako ordezkari politiko, eragile sozialetako kide eta herritarrei egingo zaizkien elkarrizketak euskara hutsean izatea.
    Euskararen arnasguneak ezagutzera ematea, eta udalerri euskaldunek euskararen biziraupenean jokatu duten paper garrantzitsuaren inguruko sentsibilizazioa bultzatzea.

Bost urte eta gero, konpromisoa berresteko eta elkarlanean aritzeko deia

Bost urte hauetan, udalerri euskaldunen eta euskararen arnasguneen egoera soziolinguistikoa ezagutzera emateko eta gune hauek euskararen biziberritzean duten garrantzia nabarmentzeko pauso handiak eman dira. UEMAk eta beste hainbat erakunde publikok EiTBren laguntzarekin iaz abiarazitako Arnasa gara kanpaina, esaterako, horietako bat da.

EiTBk berak ere egin ditu urratsak. Izan ere, UEMAk 2014an egindako eskaera haien ondoren, adierazpenen hizkuntza tratamendua arautu zuen EiTBk. Besteak beste, honakoa adieraziz: “Adierazpenetako hizkuntzaren bitartez, gizartearen erretratu bat egin daiteke, eta EiTBn oso garrantzitsutzat jotzen da erretratu horretan euskarak leku nabarmena duela erakustea; batez ere, adin-talde jakin batzuetan eta Euskal Herriko eskualde zabaletan. Hortaz, modu naturalean, euskarari leiho bat zabalduko zaio ETB2ko albistegi eta aktualitateko magazinetan. Gauza bera gertatuko da Radio Euskadiko eta Radio Vitoriako saio eta albistegietan ere”.

Hartutako konpromisoa, ordea, hutsean geratu da kasu gehiegitan, bai EiTBk hainbat kasutan izan duen jarreragatik eta baita udalerri euskaldunetako ordezkarien zein herritarren bestelako inertziengatik, adierazpenak gazteleraz ere eginez. UEMAren iritziz, horrek zeharo lausotzen du errealitatea eta, beraz, bere garaian egindako eskaerak berretsi eta orduan hartutako konpromisoei eusteko eskatu dio orain EiTBri.

EiTBren izenean, Andoni Aranburu EiTBren Estrategia eta Komunikazio zuzendariak, Asier Larrinaga EiTBren Euskara Zerbitzuko buruak eta Urko Aristi EiTBko Irrati taldearen zuzendariak jaso zituzten atzoko bileran UEMAko ordezkarien eskaerak. Horiekin batera, baita “UEMAren eta EiTBren artean gai honen inguruko jarraipen batzordea osatzeko eta horretarako ordezkariak izendatzeko eskaera ere”.

Bileraren amaieran UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok nabarmendu zuenez, “bi aldeen aldetik hainbat neurri hartu diren arren oraindik lan handia dago egiteko, eta horretarako elkarlanerako eskua luzatu diogu EiTBri. Era berean, UEMAko kide diren udalei eta gaur egungo hautetsiei irizpideak gogoraraziko dizkiegu, eta udalek ere herrietan honen berri eman dezaten ahaleginduko gara”.

UEMA 2020.02.12