Hemen zaude

J.AMEZAGA: "Komunikazio esparru nazionalik gabe, ezin da euskal naziorik eraiki"

Josu Amezaga, EHUko irakaslea

"Komunikazio esparru nazionalik gabe, ezin da euskal naziorik eraiki"

  • Soziologian doktorea da Amezaga (Caracas, 1960) eta EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko zuzendaria. Komunikazio espazioaren garrantzia naziogintzaren erronkaren aurrean azterlana aurkeztu zuen 2017an eta honen inguruan jardun dugu batez ere. Bere tesia latza da: Euskal Herria nazio gisa ikusten dugunok ez dugu nazio esparru komunikatiborik eta hori gabe, gaur egun, nekez eraiki daiteke euskal naziorik.

"Komunikabideen arabera, batez ere Espainia edo Frantziaren iruditeria da nagusi, eta Euskal Herriarena oso txikia". (Arg.: X. Letona)
 

Goazen begirada bat ematera aztertu dituzun komunikazio espazioei: espazio nazionala, estatala eta erregionala.
Lehenik argitu nahiko nuke komunikazio espazioaz ari naizenean komunikazioa iristen den espazioaz ari naizela. Hiru espazio bereizten ditut: nazionala, Euskal Herri osoa hartzen duena; erregionala edo autonomikoa; eta estatala, Frantzia edo Espainiako espazioaz ari dena. Tokiko komunikabideak ez ditut sartu azterketan, berez espazio lokal hori birsortzen dutelako; lagundu dezakete nazioa eraikitzen, baina islatzen duten espazioa ez da nazioa, tokia baizik.

Ongi da, orain goazen ikustera nola hedatzen diren.
Gehien kontsumitzen diren komunikabideak dira espazio estatala bisortzen dutenak. Egunero Euskal Herriko herritarren %80 baino gehiagok Espainia edo Frantziari buruz hitz egiten dion komunikabide bat kontsumitzen du; aldiz, %35-40k bakarrik kontsumitzen ditu Euskal Herri osoari buruz ari diren komunikabideak. Jakina,  herritarrak kontsumitu dezake bi espazioetatik, ez dira baztertzaileak, baina kasurik onenean, gutxi-gora-behera herenak kontsumitzen du espazio nazionala.

Horrek zer dakar? Ondorio handiak. Euskal Herria azkenean irudikatzen dugun lurralde bat da, hizkuntza bat du, historia bat, oroimena, proiektu politiko batzuk eta abar. Horrek guztiak osatzen du nazio bat. Baina imajina dezagun kanpotik datorren pertsona bat: euskararik ez du, hemengo oroimenik ere ez, ez du egitasmo politiko nazionalik Euskal Herrirako, egunerokoan hiri batean bizi da eta, akaso, Kantabriara doa oporretan. Pertsona horrentzat zein da Euskal Herriaren eguneroko esperientzia? Batez ere komunikabideek ematen diotena, eta hor batez ere Espainia edo Frantziaren iruditeria da nagusi, eta Euskal Herriarena oso txikia. Beraz, ez dago komunikazio esparruan oinarritutako euskal naziorik.

Hori larria da etorkizunari begira.
Euskal Herria zer da? Oraintxe aipatu ditugun elementu horiek guztiak eta gehiago, baina horiek egunero elikatu behar dira, bestela, gaur egun munduak daraman abiadurarekin, bihar-etzi aldatu egiten dira. Kultura informazioan oinarritzen da eta kultura bera ere gaur egun inoiz baino azkarrago aldatzen da; eta kulturekin batera ideologiak, mundu ikuskerak…

Hori guztia kontuan hartuta, Euskal Herriaren irudia handitzen ala txikitzen doa azken hamarkadatan?
Ez dut erantzun borobilik, dimentsio batzuetan agian indartzen ari da eta beste batzuetan ahultzen.

Komunikazioaren esparruan ere pentsa daiteke hori?
Bai. Adibidez, badira zantzuak pentsatzeko komunikazioaren esparru nazionala indartu daitekeela. EITB ia Euskal Herri osora hedatzea lortu da; euskarazko komunikabideek krisia pairatu dute, baina eutsi egin diote eta laguntzen dute esparru hori indartzen. Zantzu negatiboak ere badira. Digitalizazioak sekulako atzerakada ekarri digula uste dut: esaterako, duela 10-15 urte ETBk haurren artean zuen nagusitasuna lehertu egin da. Prentsaren kasuan, estatuko prentsa askoz gehiago sartu da, jendeak ez du erosten El Pais, El Mundo edo El Diario.es, baina interneten asko kontsumitzen dira. Iritzi publikoari dagokionez, lehen gatazkak espazio handia zuen eta hori orain batez ere estatuko beste gai batzuek okupatu dute. Sare sozialetan estatuko txisteak eta informazioa zein erraz sartzen den ikusgarri da… Ez dakit aurrera edo atzera goazen, baina arrisku handiak ikusten ditut.

Zure ustez ba al da arrisku horren pertzepziorik gizartean, instituzioetan, unibertsitatean…
Uste dut ez dagoela. Hamarkadatan zehar asko eztabaidatu da komunikabideen eraginaz eta, esaterako, aipatu izan da nola 40 urteko frankismoan ez zen lortu euskal nazio sentimendua ezabatzea. Baina baziren beste autodefentsa mekanismo batzuk: ideologia, kultura sendoa… Gaur egun mekanismo horiek ahuldu egin dira: kultura eta gizartea oso aldakorrak dira, munduko kulturek gero eta antzekotasun handiagoak dituzte haien artean… eta, beraz, nire susmoa da komunikabideek gaur egun indar handiagoa dutela.

Milaka urteko herria gara, erromatarrak pasa dira hemendik, arabiarrak, Europako hizkuntza zaharrena, Franco… eta gu beti tinko hemen. Halakoak errepikatzen ditugu eta ez dakit ez ote dugun gehiegizko konfiantza horretan; hau da, milaka urtez iraun badugu, beste milaka iraun dezakegula uste dugu…

Mitologiaren kutsua hartzen du horrek guztiak gaur egun…
Iragana idatzi daiteke, baina etorkizuna idatzi gabe dago. Gaur egun nazio bat gara, baina bihar? Lurralde honetako hiru milioi pertsonak hartuta, batzuetan pentsatu beharko genuke ea gaur egun ere nazio bat garen.

Katalanek azken hamarkadatan zezenari adarretatik heldu diotela diozu. Zer egin dute?
Katalanek hasieratik ikusi zuten komunikazioa inportantea dela. [Jordi] Pujolek kontatzen du autonomiaren hasieran gizarteari erakutsi behar ziotela zerbait handia egin zutela, eta mahai gainean bi proposamen izan zituztela: polizia autonomikoa egin ala telebista. ``Pujolek argi esan zuen: telebista. Hemen telebista baino lehenago Berroziak [Ertzaintzaren aitzindariak] sortu ziren.

Katalanek hasieratik ikusi zuten argi komunikazio sare sendo bat behar zutela eta hortik etorri dira komunikabide sare sozial sendoa, hedabide pribatuak katalanismoan lerrotzea, ikus-entzunezkoen kontseilua, ikerketa… Generalitatean ere beti eduki dute gaia lehendakaritzan eta ez kultura sailean. Beste gauza batzuekin batera, nazio estrategia baten erdian kokatu dute komunikazioa. EAEko lehen gobernuan komunikazio sailburuordetza bat izan zen ETB sortu arte eta kito.

Industrian, adibidez, bai egin dira plan estrategikoak eta baliabideak ere jarri dira. Komunikazioan ez da maila horretako planik egin. Horrekin agian bihar aberatsak izan gaitezke, baina zer izango gara: espainarrak, euskaldunak, globalak… Herri izaera emango diguna ez da industriatik etorriko, trenetik; etorriko da nortasunetik, hizkuntzatik, kulturatik, eta horretarako komunikazioa behar da. Instituzioetatik ez da horren beharrik ikusi. Pertsona bakarren batzuk ikusten dute, baina horren aldeko politikarik ez da garatu.

Zeintzuk izan beharko lirateke Euskal Herriaren espazio komunikatiboa eraikitzeko  estrategiaren zutoinak?
Administrazioa, gizarte zibila eta mundu pribatuaren arteko komunikazio politika adostu bat izatea, hori lehena. Komunikazio legeak Europako estatu guztietan daude, hemen ez. Eta hor bai begiratu behar diogu historiari, hemen naziogintzan eta euskararen kasuan, egin denaren zati handi bat herri ekimenetik etorri da eta. Hori ezin da bazterrean utzi.

Gaur egun zientzia fikzioa dirudi Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuaren arteko koordinazioa bilatzea komunikazio legeak garatzeko.
Duela gutxi Arantxa Tapiak esan zuen AHT estrategikoa zela lurralde kohesioaren ikuspegitik. Nik eskema hori nahi dut komunikazioan ere bai. Gaur egun badira baldintzak Euskal Herri osoan pausuak emateko alor honetan. Duela 100 urte Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindia sortu zireneko antzeko planteamendua beharko litzateke: “Herri bat gara eta mugitzen ez bagara desagertuko gara, beraz, behar ditugu gutxieneko instituzio batzuk”. Eta Hegoaldeko lau diputazioen sostenguarekin aipatu bi erakunde sortu ziren. Zergatik ezin da halako zerbait egin komunikazioaren esparruan? Zergatik ez euskararen telebista bat euskararen lurralde guztian? Jakina, horretarako gainditu behar da logika partidista eta pentsatu behar da komunikabide horiek alderdien gainetik egon behar dutela.

Arreta berezia jartzen duzu telebistan. Zergatik?
Gaur egun gehien hedatzen den komunikabidea delako. Prentsa ere oso inportantea da, jakina, sortzen duelako irudi bat elite politiko eta kulturaletan eta horrek eragina duelako gizarte osoan, baina jendearengana modu zuzenean iristeko medio indartsuena telebista da.

Dagoeneko ETB ia Euskal Herri osoan ikusten da.
Bai, baina gutxienez baditu bi arazo handi: bat, jende gutxik ikusten du eta bi, alboan ditu ehunka telebista, espazio estatalak eta globalak elikatzen. Badugu ETB, baina indartu behar dugu. Horrez gain, komunikabide batek bakarrik ez du ezer egingo, komunikazioa sistema gisa pentsatu behar dugu. Gaur egun oso telebista gutxik lortzen du audientziaren %15etik pasatzea, baina askoren lana batzen baduzu, %80k birsortzen dute Espainia. Sistema bezala jokatzen dute. Guk daukagu telebista bat sistema oso bati aurre egiteko.

Espazio nazionala ahula da beste biekin konparatuta eta espazio nazional horretan euskarazkoak gutxi gara: ETB, Euskadi Irratia, Berria, ARGIA, Hamaika…
Ordaintzen ari gara komunikazio estrategia falta hori eta ordaintzen ari gara euskararen normalizazio politika oker bat. Euskararen berreskurapenean eskola izan da apustu nagusia; oso apustu handia egin da, arazoak arazo emaitzak eman ditu ezagutzan, baina hori ez da behar adina lagundu beste politika batzuekin. Eskolak irakatsi egiten du eta legeak exijitu –ofizialtasuna–, baina gero zerk bultzatzen du erabilera? Maila sozialean ez da behar beste egin, eta hor komunikabideek sekulako eragina dute.

"Bilbo Handian egunero komunikazio espazio nazionalean murgiltzen direnak %30 dira eta espazio estatalean egunero murgiltzen direnak %90".

Leku batek aparteko aipamena merezi du. Bilbo Handia aztertu duzu eta egoera latza da.
Oso latza. Bilbo Handian egunero komunikazio espazio nazionalean murgiltzen direnak %30 dira eta espazio estatalean egunero murgiltzen direnak %90. Azken hamar urteetan espazio nazionalaren portzentajeak %10 galdu du. Orduan, bilbotar askorentzat Euskal Herria zer da Bilbo Handitik ia mugitzen ez badira eta kontsumitzen dituzten hedabideak eremu estatalekoak badira? Hiriburu guztietako arazoa da, baina Bilbon da larriena eta han bizi da Euskal Herriko biztanleriaren herena.

Komunikazio esparrurik gabe, posible da euskal naziorik eraikitzea?
Uste dut gaur egun ezetz. Beste inork komunikazio esparrurik ez balu, guk ere iraun ahal izango genuke herri bezala. Baina komunikazio esparruz inguratuta gaude, bai estatuenak baita globalak ere, eta horren aurrean guk gurea ez badugu, ez dugu zereginik. Estatuarekin ere antzera gerta liteke: estatua beharrezkoa da herri bat izateko? Tira, besteek ez badute, zuk ere ez agian, baina besteek baldin badute zuk ere behar duzu, bestela irentsi egiten zaituzte. Estatu indartsu asko ere kezkatuta daude esparru globalarekin eta neurriak hartzen ari dira.