Jesus Ormaetxea - Intxaurrondo
Joan den ostiralean Donostiako epaitegira hurbildu nintzen torturaren aurkako elkarretaratzean parte hartzera. Ehun bat lagun batu ginen. Pankartan zegoen gazteetako batek hitz batzuk egin zituen bertan zeuden kazetari ugariren aurrean, eta kontzentrazioak bere horretan jarraitu zuen lasaitasun osoz. Orduan ertzainak hurbildu ziren, aurrean zituzten kartel batzuk kentzeko aginduz. Kartelak kendu zituzten. Gutxira kontzentraziora sartu eta gazte bati identifikatzeko eskatu zioten. Beste gazte batengana hurbildu ziren gero, hirugarren batengana ondoren. Hurbiltzen ziren bakoitzean, bertan zeuden kamerek ere berdin egiten zuten, egoera benetan deserosoa eraginez. PNV eta Ertzaintzaren aurkako oihuak botatzen hasi ginen orduan. Ertzaintzak bost minutu eman zizkigun elkarretaratzea amaitzeko, eta azken gazteari dokumentazioa itzuli ziotenean, pankarta bildu zuten aurrekoek eta ᅵEusko gudariakᅵ abesteari ekin genion, kontzentrazioa amaitzeko asmoz.
Abisua eman zutenetik hiru minutu ez ziren igaro gizon armatuek gure aurka egin zutenean. Bi metrotara tiroka hasieran eta porraz eta ostikoz ondoren. Hainbat zauritu eragin zituzten. Gure auzoko bat Donostiako ospitalera eraman zuten, bertatik bertara pilotakada bat jaso eta bi saihets hautsita.
Baina eguerdian ETBko albistegiei begira jarri nintzenean, negargura baino ez nuen sentitu. Albiste labur batean, gezurren bidez saiatu ziren Donostiako gertaerak estaltzen. Torturaren aurkako elkarretaratze bat zen, eta bazirudien Ertzaintzak hasieratik erabakia zuela hara bildutakoen aurka egitea.
Ertzaintzak jo gintuen, zauritu, beldurtu. Euskal telebista publikoa, berriz, gertaera manipulatu eta herritarrei gezurra esateaz arduratu zen.